L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-11 (1988-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Pere Calders, edo etxean ibiltzeko absurdu atsegina

 

Joakin Balentzia

 

        "Funtzionari bat asesinatzeko ordezkatu zidaten eta, oso gaizki zetorkidan arren, nire eginbeharra bete behar nuen. Mundu honetan gustatzen zaiguna besterik eginen ez bagenu, bigunduko ginateke. Gainera, nik uste, gizon batek militatzen duenez gero, diziplinaturik eta obedienterik izan behar duela.

        "Funtzionariak berehala errezibitu ninduen, bere andrelagun baten partez maisuki faltsifikatutako gutun bat ekartzen niolako. Pakete konfidentzial bat eramaten nionaren itxura nuen eta, bere aurrean, ministrari mahai haundiaren beste aldean, eseritzean, ireki nuen esku kartera, bertatik motelgailuarekiko pistola atereaz. Burokrata horia jarri eta oso harriturik agertu zen. Ez zuen konprenitzen, erran zidan, nola pasatu ahal nituen zaingo kontrolak. Erosiak genituela berari adieraztean, dominatzen zueneko ustelkeria farisaikoki kondanatu zuen.

        "Pena ematen zidan. Agian ohituraren falta zen, edo hitzen eta eginkizunen eta dagoen amildegia zela eta. Kontua zen disparatzea erabakitzen ez nuela, nahiko konfiantzarik ez zegoela eta. Hori, astunak ere diren eskrupuluak, kontutan hartu gabe..." ("'Hiena'ren testamentua", Calders-en ipuinean).

        Hau bezalako eskenak, ironia gozoz idatzita, hamaika aurkituko dituzu Pere Calders idazle katalandarra irakurtzen baduzu. Bai, oso ironia berezi, katalan baten maisua da Calders. Ironia humoretsu atsegina, bere humore dibertigarri eta burutsua dela. Berak asmatu du tankera original hori, berak dioenez: "Iruditzen zait —eta transzendentzia gehiegirik gabeko dibagazio bezala hau onar dadin— literaturaren aspektu pasionagarriren bat dela gauzei beste izenak bilatzea, beste sakontasun eta beste dimentsioz adierazi ahal diren ikustekotan". Errealitate kaskarra nolabait gainditzeko aukera dugu literaturan, zentzu ezkutu bat susmatzen dugunez. Horrela kalifika dezakegu Calders-en tankera ederra, "transzendentzia gehiegirik gabeko dibagazio bezala", edo etxean ibiltzeko absurdu atsegina, batzutan bere ipuinak txiste luze bat bezalakoak izanik.

        Eta, ene ustez, luzeegia baldin bada ("Itsas erronda lainopean" irakurri dudan bere nobelan gertatzen denez) bere ironia nabariegi eta monotono bihurtzen da, indarra galduz. Beraz, ipuingintza da seguraski Calders-en eremu propioa, erabat menperatzen duena. Hau behin behinekoz erran dezaket, bere beste nobelak irakurri gabe dudanez gero. Dena den "L'ombra de l'atzavara" ("Pitaren itzala", 1964) bere nobelari buruz berak dio: "Mexikotik itzultzean, aurkitu nuen hemen errealismo historiko deituaren kliman bizi zirela eta idazleei bizia zutenaren testigantza ematea exigitzen zitzaiela: horrek, momentuz, harritu ninduen, baina gero pentsatu nuen agian arrazoia zutela, eta horrela sortu zen 'Pitaren itzala'".

        Calders-ek oinarritzen ditu bere tankeraren errekurtsoak hitzen anbiguotasunean, errealitateari buruzko ditugun konbentzioak anitzetan aldatzen lortuz. Errekurtso horiek, hitzezkoak direnez, hitzei beren zentzu berezia ematen diete, giro surreal batean sartzen beti saiatu eta gehienetan lortuz. Baina Calders-en ipuingintzaren meritu bakarra ez da giro berezi hori, istorioaren beraren estruktura ere oso ongi landuta dago. Egunerokotasunean, nahiz eta ezegiantzeko itxura izan, oinarrituak daude gehienez ipuinen argumentuak, hiriko mitoetan subertsio surrealista hemendik eta handik sartuz.

        Errana dago batzutan bere ipuinak txiste luzeak direla, edo haien antza dutela. Txiste beltzak, makabroak ere noizean behin, "Aquí descansa Nevares" nobela motzean bezala, non erakusten bait digu mexikar indio batzu kanposantuko panteoietan bizitzen, edo "Gutunezko ikasketak" ipuinean, non erakusten bait digu izeba entzerratua bere amorante disekatu eta zatituarekin... Baditu antologiazko ipuinak, alegia, "Robert Hein-en sistema", non aurkitzen bait dugu aberatsa izateko metodoa, baina liburua liburudendetan agorturik denez gero, erosi dezakegu bestea "Pobretasunean zoriontsuak izateko metodoa"... Edo nola eraman ilargia etxera eta komoda gainean dagoen urez beteriko aspil batean sartu, kosmonautak hara joan baino lehen idatzita ("ilargia etxean"), edo nola kontutan hartu behar dugun japoniarrek inbasio berria, "hainbeste simulazioz eta nabarmentasunik gabe etortzen hasten badira, zeregin haundia emanen dute"lako ("Inbasio ezkutua"), edo zer gertatuko zen zerraila eta etengailuen greba orokorra izanen balitz ("Gauzen matxinada"), edo amodiozko pasioaren kontu berezi bat ("Ia ezinezko amodioa"), edo juizio batean zer gerta daiteken jueza eta fiskalaren karrerak hondatuta geratzeko ("Juizioaren eguna").

        Pere Calders Bartzelonan, 1912. urtean, jaio zen. Marrazkilari eta kazetaria izan zen, oso goiz ipuingile bezala agertuz. Bere lehenengo ipuin liburua "El primer arlequí" 1936.ean argitaratu zuen. Gerran tekniko kartografo bezala parte hartu zuen eta gerrazko kondakizunak ere, "Unitats de xoc", idatzi. Gerra bukatu ondoren Mexikon exiliaturik bizi izan zen 1963. urtera arte, Kaltaluniara berriz itzuliaz. Baditu ipuin bilduma batzu eta zenbait nobela. Berandu baina ailegatu zaio bere herriko onespena 1986.ean Katalan Letren Ohorezko Saria jaso zuenean. Gaztelaniaz ditu itzuliak, nik dakidanez, liburu hauek: "El principi de la saviesa" (Ipuin bilduma, edizio elebiduna), Ediciones del Mall. "De lo tuyo a lo mio" (Ipuin bilduma), Laia Editoriala. "Aquí descansa Navares" (Mexikar ipuin bilduma). "Ruleta rusa" (Ipuin bilduma), Anagrama editoriala. "Ronda naval bajo la lluvia" (Nobela) Anagrama Editoriala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.