Geldi mundua eta ikus
Eli Agirre
Gizonaren barne isiltasunetik sor liteke gizartearen onbideratze bat. Sententzia dirudien honek betiko moral zama darama beregan, onaren eta txarraren arteko bereiztasuna alegia. Baina hasierako esaldi hori, erreflexio bat besterik ez da. Idazlan honen asmoa erreflexio hortara eraman nauen beste ideia obsesibo batean oinarritzen dut: Euskalherria, Euskadi edo baskoen herria, eroetxe batean bilakatzen ari zaigu. Hortaz erremedio bat bilatzen hasi ezkero bi bururatzen zaizkit. Baskook, "geldi dezagun mundua" eta "ikus" (ez dut begiratu esan nahi). Gure askapen nazionala aldarrikatu genuenean zer defendatzen genuen? Akats haundi batean erori ote garenaren susmoa daukat, eztabaida ez baita egiturak edo gizona. Alda dezagun zoritxarreko "edo" hori eta bere lekuan "eta" ipini dezagun, egiturak eta pertsona. Borroka latz bati ekin genionetik gaur arterainoko bidean enerjia gehiegi galdu dugu eta stress nazional batean bizi gara, baskoak baskoekin.
Herri hontako artista eta pentsalari haundi batek esan du, Euskadi errekuperatuko dela bai, arlo askotan gainera baina kulturalki sekulan ez; hau da grabea niretzat. Kultura identidadea pertsona eta herria batera jo behar luketen konzeptuak dira eta noraezean ote gabiltzan galdetu nahi dizuet denoi, mundua gelditu eta ikusten jarria naizela. Orden berezirik gabe paratu nahi ditut paperean ikusten eta sentitzen ditudanak, zerrenda kaotiko modura esan lezake norbaitek.
Ikastola baten patioaren erdian nago inguruari so eta pobreen etxe-dorre zatarrak ikusten harresi modura eta burni-sareak eta zementoa eta gurutze zapaltzailea eta sagarrondo preso batzuk alanbre hariei lotuta eta... ASKI, espetxea deituko nioke, ez ikastola. Futbol, saski-baloi, esku-baloiean aritzeko pistaz beteta dagoen patio honetan, pilota jokoak ez du kategoria haundirik, mafia zikin baten esku utzi genuen horregatik aspaldidanik.
Kasualidadez, haur batzuk lokatz, hondar eta harri xehez osatutako pilotak egiten dituzte nire ondoan, ez ote dakite besterik egiten? Beste ume batek lurrean aurkitzen dituen harriak poltsikoan sartzen ditu, hauen forma bereziekin liluratzen baita. Gizarajoak sensibilidadea adierazi nahi du baina ez daki beretzat izenik ez duen horrek ezertarako balio ez duenik. Hain erraz sal liteken "kreatibitate" hitz hori alferrikakoa da. Non daude plastikako lagintza edo tailerrak, non heziketa erritmikoa, musikala, non bideo zinema eta fotografia lantzeko espazioak? Non daude beharrezko ditugun etabar hoiek, non dago gizona identidadea ubibertsoarekiko giza lotura? Txorradak dira badakit, ez dago hontarako denborarik (matemáticas, social, lenguaje, ética, religión, pupitre, gimnasia, método global, autobús, respeto, televisión, responsabilidad, tareas, cenar y a la cama). Umeak poliki poliki hiltzen. Putamierdaren usaina eta marketing (?) trixtea. Eta noski, kulturalki normalizatua (?) dagoen herri batean grabea baderizkiot, baskoen herrian halakorik gertatzeak funeraria bat irekitzeko aitzakia ematen du.
Gure haurren heziketaren arduradun asko eta asko kulturaren funtzionari kaxkartzat dauzkat, administrazioko buruez zer esan... Adibide trixte bat. Nafarroan, euskaldun ez den eskualde batetako ikastola batean euskara omen borroka sakratua. Pentsa ze kondiziotan aurkitzen diren haurrak. Alde batetik guraso ez euskaldun eta gizarte erdaldun baten semeak dira: beste batetik, euskararen aldeko "kruzada" baten partaide bortxatuak dira. "Kruzadaren" baldintzak: Euskara da gure hizkuntza bakarra (gezurra noski), beraz gaztelania erabiltzea zigortuta dago. Eta ideia penagarri hau defendatzeko zigorraz aparte, salakuntza eta salatariak potenziatzen dira. NO FUTURE. Txibatoen aurka hain jarrera gogorra eraman den herri honetan txibatoak egin nahi dira, euskararen izenean. Haur gehien gehienak ez dira euskaldun bihurtzen noski, "lorito" trixteak baino. Euskara ez da ederra izan liteken zerbait, dotriña histeriko baten ezarpena baizik. NO FUTURE, berriz ere. Gaztelania zigortuta dago, euskaraz fresko adierazteko gauza ez diren gaztetxoentzat. Euskara bai, bai euskarari, baina non dago pertsona?
Baskook geldi mundua eta ikus (ikusi eta begiratu ez da gauza bera) Segi dezagun eskola eta hezkuntzaren mundu aldrebesarekin. Beste kasu bat. Hamairu hamalau urtetako gaztetxo batzuri materialera ematen zaie gabonetako jaiak direla medio, gela apain dezaten. Zer egingo hauek materialearekin eta lehioak kartoizko barrotez bete, espetxe ezagun baten izena gelari txartel eman eta zenbait sinbolo eta anagrama politikoak paratzen dituzte lehioetan. Zein uste duzue izan zela tutore irakasle eta sikologo omen denaren erreakzioa?. Ba haserrea eta debekua, hitz batean, errepresioa. Nork zuen arrazoi, pertsona heldugabeak omen diren hoiek edo pertsona heldua omen den horrek? Beste adibide orokorrago bat. Ze neurri hartzen da eskola batean, ikasle baten edozein jarrera ezlegezkoa hartzen duenean? Elkarrizketa, elkar konprenitzearen bidea edo disziplina neurriak? Eskolak, kuartel komisaria edo espetxe nazkagarriak besterik ez dira asko eta askotan.
Ez dut eskola eta ikastolen gaian jarraitzeko gogorik oraingoz, Idiotak egiteko fabrikak besterik ez baitira, nahiz eta beti aterako zaizkion arren produkto defektodutenak. Baskook, geldi mundua eta ikus.
Nora noan zihur jakin gabe beste hildo batetik bideratuko ditut ene pentsamenduak. Eta begira zer gertatzen den Nafarroako herri batean; bere burua abertzale eta iraultzailetzat daukatenek, herriko artistetan ikusten dute etsaia, artistak herriaren askapen eta euskalduntzearen kalterako ari omen dira. Beraiek ikastola eta gaueskola defendatzen omen dute eta kreatzaileak, besteak inposatzen duten aurrera bidea onartzen ez dutelako herri honen genozidioaren kolaboratzaileak dira. Malaostia eta letxe txarra kontrolatu nahiean, honako hau esan nahi diet, alferrik ari direla ikastola eta gaueskola teorian defendatzen (gezurra baita) arte langintza eta askatasun adierazpenaren aurka astoak bezala jotzen badute. Holako jarrerarekin nik uste hobe luketela Montejurran bilduko balira, hori baita egiazko bere leku eta egoitza.
Eta askok esando lidake kasu konkretuak aipatzen ditudala bakarrik baina kasu konkretuz josiak gaude zoritxarrez eta guztiak bildu ezkero kaos orokor baten jabe eta lekuko ginateke. Edo bestela nola onar liteke euskalkien egoera eta hauekiko ardura eza? Adibidea argiagoa gerta liteke eta galdetzen dizuet: Esteribarren edo Erroibarren gazteek euskara ikasi nahi izan ezkero, zer hasi ikasten, batua edo bertako euskalkia? Ken dezagun "edo" hori, paratu "eta", nire ustean hobe. Eta beste kasu konkretu bat; Zer gertatzen da bertsolaritzarekin? Txapelketa eta omenaldietan barna galduko ote da gure kultura zaharraren adierzpide hori? Patxi Perurenak idatzitako "bonba-txo" hari erantzunez, bertsolarien txapeldun omen denak, beste hitz batzurekin edo zera zion, ez zuela txorradei erantzuteko astirik edo gogorik edo ez dakit zer. Gehiago iruditzen zait barne ministrari baten jarrera, kultur gizon baten erantzuna baino.
Enfin aspertu naiz kasu konkretuak aipatzen. Herri hau eroetxe bat bihurtuko denaren susmoaren usaina itsatsita daramat eta "mundua geldi eta ikus" lemari jarraikiz, hortarako dugun bidea persona potenziatzean dago eta Oteiza gustoz eta gogoz aipatuz, arte eta kreazio adierazpenaren medizina dugu salbatzaile bakarrenetakoa (nire kontraesana salbatzaile hitza gorrotatzea da) A! eta apur ditzagun espetxe kuartel eta eskolak.
Badakit artikulu hau zientifikotasunetik urrun dagoela, ez naiz sistema hori erabiltzeko gauza, badakit axal axaletik ukitzen ditudala gaiak, badakit "zera" asko erantsiko zenietekela nere argumentoei... baina koño (edo koino) zertarako euskal literatura, literatura egitea elitista izanik, zenbatentzako dago egina "Korrok" edo "Susa" edo beste edozein, zenbat taberna daude (hori ere kultura da noski) edo zenbat egunkari saltzen da, zenbat irrati komertzial piztutzen da goizero etxeetan edo zenbat denbora pasatzen dugu isiltasunean, bakarrik, gure izatearekin aurrez aurre, noiz arte jasan beharko ditugu edozein kultur proiektuetarako egiten diren "kanpainak" (bateginik edo zakilixutek zion bezala batezinik).
Begira, nazkatuta nago, nahiago dut Yonki kulturaren funtzionari alu bat baino. Noiz konturatu behar dugu, hospitale eta eritetxetan sendatu beharrean pertsonekin akabatu egiten dutela edo gure eskola eta unbibertsitateak jendea zikiratzeko kirofano gisa funzionatzen dutela? Sinkretismoa, haurtzaroan dugun abstrazio bide zoragarri hori ebasten digutela zibilizazioaren izenan? Eta ahaztu baino lehen, gazte abertzale batzuri egin nahi diet galdera: "Capitanía general de Euskadi" errebindikatzen al duzue? Zoazte pikutara!
Euskalerria, Euskadi, Baskoen herria, egoera larrian dago, identidadea gure askatasunean datza eta gure askatasun kolektiboa pertsona bakoitzarengan (batzutan txorradak besterik ez direla uste izan arren).
Baskook, geldi mundua eta ikus.
Los estudiantes se suicidan
disparando contra la policía,
los maestros se quejan
por los cristales rotos
en todas partes
hay gente idiota
(LOS ILEGALES)
|