Irudi luke
Gotzone Sestorain
1
Irudi luke
aste ondarretan ez beste
ez dela Paseolekurik existitzen
ez itsaso urdin izartsurik
ez ortzemuga larrosarik
ez katu ernaririk
astegunez
gaurkoaren antzeko edozein
egun eguzkitsuz
ez baita ea nehor ageri,
bizpairu turista
zahar bikoteren bat
eta nire moduko ibiltari
alfer bakartiak
salbu.
2
ez da inoiz deus ere pasatzen
egunero gauza bera
egunero beste egun baten zai
beste eguna heltzen da eta beste egun bat besterik ez da
eguneroko eguna
eta asteak iragaten dira
eta ez da deus ere gertatzen
egunak, asteak, urteak
urteak eta urteak uso demonio
nora eta zertarako
egunero lohi beran narraztekotan
egunero ezerezari eustekotan
espaloietan horbelak eta malko lainoak pilatzen
udazkena bere azken ostoak botatzen ari da
ziutatearen biluztasun kamustua gordinduz
nere ilusioak ilaun dira
ezereak xahutu dit arima
arima egunen hondamendian abaildu zait
egunek naramate
eta ez da inoiz deus ere pasatzen
deus ere inoiz
3
Amonatxo oh xiroa
begi xaloetatik xiri-miri distiratsuak
zure aurpegiaren xarma xixatuz
amonatxo
mantal xar grixa
xarmanta
amonatxoa
xaharra eta ximurra
gruyerra bezain xamurra
oh amonatxo!
Amonatxo
horbel iher hori
ez egin kasorik neri
ez egin kasorik neri
emegaldu honi
izarrik gabe eri
eri eta larri
nola kontsolatuko zintuzket nik
xixe xukatu hori
zer esanen nizuke nik larros
larros ximel horri
zer eskeiniko nik zuri
zuri amonatxo
ni izanagatik gazte
ez daukat eta ez hosto ez lore
nere ezerezaren leize
huts eta heze
ez beste
gazte
ez hosto
ez lore
sustraigabeko
landara
bait nauzu ni
nere
amonatxo
horbel iher hori
4
Zer esanik?
hori galdetuko bazenit
zer esanik ugari izan nuen
inoiz
erantzunen nizuke
fantasia, ametsa
hitz eta hitz joku
idealizatu haiek
edertu haiek
zer izan ziren bestela
inoiz ez bezala
orduan sinisten nuen
sinistu nuen orduan
inoiz
eta inoiz ez bezala
orduko zer esan haiek
ihes egin didate
inoiz
orduko idealeak
hauts lausoa bilakatu zaizkit
inoiz
idealez huts
bihotzaren suak
salbu
dirau nigan
sutan
orain
Hala ere
orain ere
badut zer esanik
ez zer esan hura
agian zuk espero zenukeena
amonatxo
ez amonatxo
esperantza, hitz goretsi haien esanek
ez didate fitxik esaten jadanik
funts guztia galdu dute
hala ere amonatxo
badut zer esanik
oraindik ere
bestelakoak
bestelako zer esanak ditut orain gogoan
kexua
amorrua
desengainoa
zuri kontatzeko
munduari aldarrikatzeko
Betiko lerdokeri herdoilduen kontrako iraina
iraina eta arbuioa
inoiz ez bezelako bizitzeko
edo hiltzeko gogoa
nere barne errioa
garraisia
hori da nere esateko guztia
amonatxo.
5
Inon diren ideal sainduen izenean
betiko ismoen abismoan
burrukatu ohi dugu
iraultzaren alde
herriaren alde borrokan
gizakia tiraniaren esposetatik aska dadin
beti borrokatzen
ibili izan gara
gabiltza
zertarako esan...
amonatxo
zertarako,
nola arraio amonatxo
borrokatuko dut ba nik
morroiak morroitzari uko egiten ez badio
norberak norberarangan borrokarik egiten ez badu
norbera
edonolako ismotik at
ismo tiranikoen aurka
tirani ororen aurka
lehertzen ez bada
nola...
ez du merezi madarikatzeak
besteengatik, besteentzat
iraultza norkberak bere baitan egingo duenean
orduan
ez bestela
erakutsiko du munduak beste irri bat
desberdina
arras desberdina
orduan bai
bestela
ez
inoiz.
|