L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-11 (1988-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Epoka berri bat

 

Xabier Agirre Urteaga

 

        Errekonziliazko garai berri batetan sartzera goaz. Ezkutuaren nahikunde gutiziatsuak bestelakorik agindu ez bitartean behintzat. Historiaren pausu hauskorrak balizko pake aro batetara garamatza, inork ez dakiela zenbatetaraino iraungo duenera. Aspalditik etsaituak zeuden arerioek elkarri eskua luzatzen diote, orain denak batera. Susmoa dut ikuskizun hau ez dela halabeharrak eragindakoa; naipeek bereago dute mahai gainean barreiaturik daudekeen egoera bosnaka atonduak gaztelu erorzalea eraikitzen dutena baino. Gizartean arazoen pilatzeak, azkenik, elkarren arteko neutralizazioa lortzen du, honela kaleko zakurrak nola akabatzen ez diren ere garbi geratzen da. Gaitz guztiak batera hartzean animaliaren gorputza menderatzeko borrokan bakoitza besteek uzten dioten heineraino soilik gara daiteke, baina ezeinek ez dio ore gizarajoari azken arnasa kenduko. Arazoen libre konpetentziak zutik mantentzen du gizarte ahula.

        Baudrillard-ek berriki askatu gaitu gure kezka nagusiek sortzen ziguten angustiatik. Hortaz lasaitu ederra hartu beharko genuke; superpoblazioa, armamendu nuklearra eta hemendik gutxirako iragarria dagoen krisialdi ekonomikoa ez bait dira munduari jiraka ari zaizkion satelite inozente batzu besterik. Errealitate arrunta hauengandik aparte mugitzen da. Guda eta ekonomia birtualak, eta guda eta ekonomia errealak arau ezberdinak dituzte: platonismo beldurti eraberritu bat. Munduaren ikuspegi honek mende honetako gure klasiko handienetakoak idatzitako nobelaren izenburua atzean uzten du eta baikortasuna aldarrikatzen. Jada gorrotoa ez da lege, amodioak eta konkordiak beraren lekua hartu dute. Elkarulertzeak gainditu egin du, "consensus"-a joanariaren motore bilakatu da.

        Zer pentsa daiteke orain hilabete elkar hiltzen zituzten sandinistek eta "contra"-k mahai baten inguruan su etena sinatzen dutenean? Indar nuklearrak murrizteko akordioan idazteko lumak trukatzen dituztenean? Afganistan-eko gerorako gobernuaz Genevan dihardutenean? Algerian liztorra eta erlazaina eseri direnean? Ameriketako arranoa eta Mediterraneoko arratoia lurrik gabeko beso indartsuko gazte batzuren aurrean biguntzen direnean? Zordunak ito ordez eskupeko gehiago luzatzen zaienean? Euskara irakatsi ahal izateko diru bila bulego ofizialetan dabiltzanean? Gerlarik nahi ez duten hogei eta lau mila gaztek planto egiten duenean? Soldaten igoerak bi alderdiek gustoz izenpetzen dutenean? Gosearen eta beste kalamidade hainbaten aurka inongo zorigaitzik ez duten kantari batzuk arrantzaka ekitean?

        Erromantizismoa gailentzen ari da. Aulki eta mahaietako erromantizismoa, hain zuzen ere. Dialektika hirugarren pausura heltzear dago. Interbentzionismoa eta autoritatearen aurkako errebeldia higatuz doaz. Erlijioaren aro berritua epe motzean ezagutuko dugu. Gero eta gehiago entzuten da errealitate tranzendentalen erreferentziak inor gutxi asaldatzen delarik.

        Demokrazia da gehien aipatzen denetarikoa. Lurbira osoan zehar (egin kasu: libertate formalen aurka azaldu zirenen herrialde semeetan ere indar biziagoz) "nirvana" moduko bat da orain nagusi. Ez litzateke arriskutsuegia izango, bizardun zaparroari jarraituz, guztiau ekonomiaren sanoaldiaren ondorioz sortu dela dianostikatzea, baina azalpen txiroegia eta errazegia emango genioke hain egoera korapilatsuari. Posmodernoak deitzen direnek ebazpide erosoagoa aurkitu dute: utz ditzagun absolutu metafisikoak eta diskurtso partzialetara muga gaitezen. Hartara bagintez ez genuke inon kontraesanik ikusiko. Antzinako "fe de carbonero"-raino ailegatuko ginateke berehalakoan: "porque es así".

        Idilio mundial honek (begiak nora laztanka han) egunkari guztien lehen orrialdea merezi du. Joan den San Balentin eguna aproposa zitekeen hartarako; ni ohean harrapatuko nindukeen, bakarrik eta maldizioka. Abagunea pasatzen utzi genuen astero Bruce Willis-i ihes egiten dion bezalaxe. Gure kaletako amodioa zertan aldatuko du zeru arrosako aire kitzikatzaileak? Demagun bederen krabelin gorri baten usain pozointsuak Manes erahiltzen duela. Demagun Garfio kapitainak begi itsuaren ikusmena errekuperatzen duela. Demagun amorante guztiek olerki bana idazten dutela. Demagun... ezer ez. Giro anfetaminikoak hartu nau.

        Munduaren historia nobela batetan konda daitekeelarik jenero beltzaren epokak arrosari ateak ireki dizkio. Jendeak, aitzitik, ez zuen enkestetarako ikusmira galduko; are gehiago, zer egiten du baikorrak bere zilbor garbira begiratu ez bada? Horra hemendik aurrerako preferentziak.

        Numeroa: 4

        Musika: klasikoa.

        Denbora pasa: hitegitea.

        Janaria: zuk lehen.

        Irakurketak: artikulu hau.

        Desioa: artikulu hau amai dadila.

        Helburua: erdietsi dut.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.