Annales de Forralia
Mitxel Ibañez
Kontatzen hasi dudan historioaren sorburua ez aipatzekotan, ez nintzateke egidun izango, edo behinik behin, zuri, idazketa hau irensteko prest zauden gizon ala emakumeari, behin baino gehiagotan kasualitatea beharrezkoa dela errealitatea argitua geldi dadin izkutuko nizuke.
Izan ere, pasa den udako azken igandean egun jaio berria nuelarik eta bidexka bihurgun ilun batetan hazitako haltzaren azpian kotxea aparkatu ondoren, mendiratu nintzen. Hala, egunoroko kezkak eta eragozpenak atzenduko nituelakoan nengoen.
Eguzkiaren izpiak aurreko muinoen gainetik urraturik, etengabeko suge baten irudia ematen zuen hodeiertzea, argia eta itzalaren epai bilakatu zen. Batera, maldatik gora nenbilen neurrian, bihotz taupakera emekiro azkartu zitzaidan, izerdiaren lehenen ttanttak kopetatik zerizkidalarik.
Gose sentitu nintzen, bai. Hala ere, gosari eta ardo beltzaz betetako zahatoa zorro barruan zeudela behin baieztatuta, deusik jateke hurbildu nintzen hondameneetarat.
Ohitura zenez, burua sortalderat eta oina sartalderat begiratuz, elizako lau hormak puntu kardinaleen legez zeuden ipinita, edo hobe esanda, egon ziren. Ikusi nituen unean, bertan bera paratuta bait ziren; harri, lokatza eta zur ustelduzko pilo izugarri bat bihurtuak.
Kanpaidorreak, alderantziz, teilatua apurtua bazuen ere, zutik zegoen. Lehiatil luze eta estu batetik ikus nezakeen zeruko urdintasuna, harri grisez eratutako hilarak eta beraien arteko zirrikituak biziki bereizten ziren ekialdeko horman, imagina atsegina eskeiniz.
Kuriositateak inharrosita, neke haundiz sartu nintzen hondakin guztien gainetik kanpaidorrearen beheko mailara. Non eta bataiharriaren alboan jarritako kutxa bereizia azaltzen zen, inguruko iluntasunaren artean, goitik sartutako eguzki errainu bati esker.
Historian zehar, halakoetan zerbait traszendentea gertatu dela jakin ere banenkiela, nire ibilaldia laguntzeko neraman makilaz goikoaldea garbitzeari eman nion, zeuden harri guztiak bai hautsa ere kenduz. Gero, prozedimendu arrunten bitartez askatzeko modukoa ez zen hain erdoildua zegoen sarraila, zenbait saio arduratsu egin ondoren, harrikada batez apurtu egin nuen.
Hunkitasunak geldierazi ninduen, eskuak mugiezinean. Agian, estalkia zabaldu bezain agudo mirari bat biziko nukeelakoan. Beraz, harnas hartzea zuzperturik, sagutxoek marraskatutako apaiz jantzi baten arrastoak ezezik, eliz tresna batzu eta liburu zahar bat besterik kausitu ez nintuenean, nire desilusioa horren haundia izango zenik ez dago esan beharrik.
Halaz guztiz, berriro ere honenbeste gauza egitera bultzatu nauen kuriositate berberarengaitik, kanpoko larrean gosaltzen ari nintzen bitartean liburua hartu nuen, lurra zaharrez kirats hura nazkagarria suertatzen ba zen ere.
Eta orduan izan zen, orduantxe, magalean nuen ANNALES DE FORRALIA izeneko liburuaren gorengo balioaz ohartu nintzenean. Baliotsua batez ere, aspaldidanik zatituta eta kuzkurtuta dagoen Nafarroaren historioa ezagutzeko ezinbestekoa bait da. Bai eta baliotsua ere neuretzat, nire bizitzaren egin dudan gauzarik inportanteena liburua aurkitzea izan da eta.
ANNALES DE FORRALIA'k altxor preziatu bat bailitzan gorde izan dituen berriei esker, aurrerantzean dudarik ez, Nafarroan historia ez da orain arte bezalakoa izango, batzuei nahiz besteei ere latza iruditu arren.
Zortziren bat hilabete igaroak igaro udako igande horrez geroztik, egun, liburuaren miaketari buru belarri ekiten diot, ahal dudan heinean: oharrak hartuz, historioaren beste datuekin alderatuz, etab. Elurrez apaindurik zabaltzen zaigun udaberriaren atalburuan gaudenean, historio laburpen gisa den idazketa hau argitaratzeko garai ezinegokiagorik daukadala badirudi; elur orbaingaberen artean edelweis loratzen denaren arabera.
Ez dut hemen aurkitu ditudan zailtasunez aipamenik egingo liburuaren funtsa gauzatzeko, aintzineko erromantze hizkuntzaz idatzia dagoela kontutan hartu behar bait da. Hori dela eta, gure arbaso historioaren kasik ezezaguna den liburu horretan azaltzen den liburuan, gero eta hobeki barneratzeko, paleografiaz ditudan ezaguera urriak ezinbestekoak izan zaizkidala aitortu behar dut.
Eta orain arte hitzaurre modura idatzi dudana bukatu baino lehenago, bi gauza azpimarratzeko beharrean nago. Bata, lerro hauetan mamitzen dena gezurra hutsa dela esango dutenei, betikoei, egun arte eman diren gure historioaren bertsioak bezain sinesgarria eta nafarlegoak ezagutzera eskura duena dela adieraziko diet; gainera, historio ofizialaren egileen izenak, Moret apaiza izan ezik, ez dakizkigun bitartean, XVI. mendeko azken hamarkadan ANNALES DE FORRALIA delako liburua izkiriatu zuena Modesto Gorrotari izeneko gizona izan zen. Garai hartako erretordearen idazkaria izatearren, eta liburuaren azken horrialdean bere eskuz baiezta daitekeenez.
Bestea, aurrerantzean barreiatuko ditudan berrietan, Gorrotari'k berak Forralia erresuma izandakoaren ezagututako historioaz aparte, haren bizitzan ikus zezakeen gauza esanguratsuenetariko bat nabaritu ahal izango da; erregearen etorrera hain zuzen ere.
Beno, mailu iltzera. Jakina denez kristau aroa heldu baino biren bat mende lehenago, Europa osoan bizi zen herri asko, germaniarrak ez beste, erromatarrek bereganatu zuten, jatorrizko gizadiak menperatuz eta leku hartu guztietara latin kultura hedatzen saiatuz.
Gauzak hala, herri zanpatuek, erromatarrek ezarri zizkien izenak hartuko zituzkeenik ez zen harritzekoa izan, Britania, Iliria, etab, kasu, hortik datozkigu.
Era berean, iberiar penintsulan ordutik ezagunak izan daizkigun Lusitania, Hispania eta "Ager Vasconum" delakoaz gainera, auskalo zer dela medio, Historioak itzaldu digun Forralia izeneko herria, Euskal eta Hispania hesparruez inguraturiko erresuma izan zen.
Forralia izena "porrus" (1) latin hitzatik datorkigularik, erromatarrek herri zapalduei ipinitako izenetan toponimo erizpideak erabili ohi zituztela baieztatzen da, garai hartan Ebro hibaiak arrailduriko bailara zabalaren lur emankorra porruz estalirik mugagabeko baratza bide zelako.
Gorrotari idazkariak izkiriatu zuenez, erromar inperioa denboraren amildagian behin eroria, Forralia berezko erresuma harro bilakatu zen. Dena den, urteak joak urteak etorri, hamaseigarren mendean, alegia, bere burujabetasuna galdu egin zuen, bera baino indartsuagoa zen Hispaniaren esku gelditzen zelarik.
Hura zela eta, Forralia erresuma izandakoaren ahalmena larriki murriztua izana zen. Gaztelu, eliz eta jauregi guztien dorreak hautsi ezezik, Hispaniako nagusiek herri mugak ireki, nekazarien zergak bereganatu, eta azkenik, errege besaulkian bertako erretordea eseri erazi zuten.
Guzti hau beteta, bere boterearen nabaritasuna finkatzearren, forraliaratzea erabaki zuen erregeak; azkona, arku eta geziz armaturiko milaka soldadu bidaliz sekuritatea bermatzeko, eta gero, txuriz margotutako sei sai erraldoi bizkarreetan montaturik haren segizioarekin bidaiatuz.
Animali moeta hauek, putre erraldoiak hain zuzen, desagertzear omen zeuden garai hartan, Modestok izkiriatu zuenez; hala ere, zientzia liburuek ez dute eritzi honekin bat egiten; prehistorioan deuseztu zirela mantentzen dutelarik. Irakurleak txertatze hau barkatuko didalakoan, jarrai gakizkion eleari.
Bagdadeko lapur ospetsua bailitzan, erregeak ehundaka kilometro bete zuen airea zeharkatuz, errege ohiak babespen gisara erabilitako monastegi baten atari aitzinean lurreratu arte.
Beharbada, historio honetan agerturiko irudirik hunkigarriena orduantxe jazo zen. Lau gizon pelukadunek kamioi txirrina antzeko tresnak jotzen zituztenez batera, oso apaizkoi omen zen herri hartako neska mutilik lirainenek eta kantatzeko bikainenek, elurra bezain txuriz jantzitakoak, eskuak gerrian, lepo gorrietan zainak nabarituta, ahoa zabalduagoa ezinean eta laudeen doinu gozoak gidaturik, kantatzeari ekin zioten ondorengo modura.
Jarraian, apezpikuak, elizataritik gertu, erregea nahiz erregetordeari, ez erreginari, ongi etorria eman zien haren handieraz, hirurek elkarrekin hamaika koloretako korapilo amoltsu bat eratuz.
Tedeumak iraundu zuen bitartean, ez zen deus aipatzekorik pasatu, bukatzerakoan, berriz, aurreko atrioan bibaka ohiukatzeko bildu zen jendeari, ixilunea agintzeko besoak goitik behera leunkiro jeitsi zituen erregeak bota zion:
Kolonbiarrak, Errege pozten da zuek peko berriak zareten hauek agurtzeagaitik!
Bere alboan zegoen aholkulariak xurxulatu zion belarriaren hertzera.
Forralian bertan gaude, jauna, ez Kolonbian!
Bost axola zait, biak nireak dira eta. Ihardetsi zion sumajeszek.
Errege hark botatako erantzuna ezagutu ondoren, beste gauza pentsa izanik ere, ematen zuen bezain tontolapikoa ez bide zen, haren boterearen neurrigabekeriaz ohartzeko gauza bait zen.
Erregearen ezaugarriren bat ezagutzera emateagaitik ez ditut nire tinteroan erregetorde izaeraren ñabardura batzuk utziko. Izanez ere, komentatu berri dudan irudian, monarkak bereak aldarrikatu bezain laister, txaloka eta irrika hasi zen erretordeari jendailak aurpegiratu zion:
Pelota, pelota, pelota... (2)
Erretordea bada, haren abizena Urrikalguruk adierazten zuen legez, mendi lurraldetik hiribururaturiko boroia izateaz gain, duintasunaren ezaz jantzitako pertsonen portaera baldarra omen zeukan, azken parrafoan ikusi ahal izan dugunez.
Baina ez gaitezen geldi, historioak segitu bait zuen.
Urrikalguruk antolatu zuen gau festa haundira, erresuma izandako hertz guztietaik bufoiak, felonak (3), musikalariak, dultzaineroak eta beste jauregira joanak ziren, susmajestades'ak pozaren pozez uztearren.
Uxo gaiztoek gazteluko harresietan ezarritako kaxkatxoak ikuzarazteaz aparte, erretordeak milaka zuzi kokatzea agindu zuenez, gaua eguna bezain argitsu bihurtu zen.
Jauntxoak, harrigin, zurgin, bitxilde, larrugin, mehatari, ikazkin, haragin, apaiz eta gremio ororen buruak gonbidatuak izanak ziren.
Jostunek gorriak eta beltzak ikusi zituzten emakume eta donzeilatxoen jantzi luzeak gau festarako prestatzeko. Hala ere, horren irrikituta izan zen jai harentzako, dena egon zen prest, eta esan dudanez, gauez eguna egin zen jendetza harrituaren begien aurrean.
Susmajestades'ek gutxika-gutxika pertsona guztiak agurtu zituzten, eta eskeini zen musikaren ildora, dantzaldiari hasiera eman zioten.
Ikuskizunak ere baziren. Besteen artean bereizteak merezi du, galiar ospetsua izan zen Obelixen gisa, mendi lurraldetik iritsitako gizon indartsu batek ehundaka kilotako zutarri bat behin eta berriro jasotzearena, jendea ahoa bete hortz geldituz.
Dirudienez gizon horren neurrigabeko indarra ez zihoakion pozio magikoz betetako lapiko batean erortzeagatik, aminoazidoetan oinarritutako urrezko porru bat oparitu zien, oroimen gisara.
Festak amaituak, korte hirira itzultzeko putre erraldoien gainean montaturik zeuden erregeei, Urrikalguruk burua makurtuaz eta belauniz, urrezko porru bat oparitu zien, oroimen gisara.
Bitartean, txuriz apainduriko neska-mutil kantariek botatzen zuten abestiaren ohiartzunak, nabarki entzun ahal izan ziren.
Gertaera honekin bukatzen da honenbeste ahalegin kostatu zaidan ANNALES DE FORRALIA delako liburuaren azterketa modura egin dudan laburpentxo hau; halaz ere aitortu behar dut gertatu ziren lizunkeriak, nahita, baztertu egin ditudala, gure aintzineko idazleen jarrera onari jarraituz eta herriaren sentsibilitatea ez mintzeagaitik.
Liburu osoaren argitalpena burutuko dudanerako, harriaren heldutasuna behar den mugara iristeaz irrikitan nago. Orduan izango da, eta ez lehenago, ugazabek bizitako haragizko gurak eta egiteak argitzeko unerik egokiena.
Kontatu diren gauzetan, tipo irudikoren batek postmodernitate aroaren gertaerekin antzekotasuna aurki dezakeelakoan nago. Hauei koinzidentzia hutsa dela esan ere esanan diet. Aurreko baieztapena demostratzeko ez dugu olerkariren ahotsa baino gauza ederragorik ekartzerik paperera. Lautadari ezinhobeki kantatu zion Antonio Machado'k, biderik ez dagoela ibiliz egiten dugula baizik idatzi zuen egun batetan, eta neuk bat egiten dut ideia honekin. Historioa errepikatu ahal ez izanak izan, garai ezberdinetako gertaera batzuen artean zenbait parekidetasun pasa daitekeen era berean, gizakiok aldatzen bait gara baina ez gizateriaren izaera zoritxarrez.
(1) Porrus: Urteroko belar landarea. Porrus eta forrusen arteko ezberdintasun semantikoa dela eta, euskaraz suertatzen denaren arabera, f eta p hitzak elkarrekin aldagaiak direla onar daiteke.
(2) Pelota: Ilea leuntzera ixuria den tipoa.
(3) Felon: Tipo zitala.
|