Sotoa
Thomas Bernhard
euskaratzailea: Kaxkamailu
Thomas Bernhard 1931. urtean jaio zen Herleen herrian (Holanda). Nekazari baten semea, Austriako Salzburgora joan zen bizitzera bere familiarekin batera eta hemen batxilergoa ikasteaz gain, bibolina, kantua eta musikologia ikasketak burutu zituen.
Bere lehenengo liburua 1957. urtean argitaratu zen, olerki liburua, hain zuzen. Geroxeago beste lan bat egin zuen dantzari buruz 1960. urtetik hona antzerki lan ugari idatziak ditu eta estrenatuak ere. Geste aldetik, zine gidoigile bezala oso ezaguna da. Anagrama argitaletxeak bere azken lana argitaratu du. Bere autobiografia, bost liburutan idatzia. "Jatorria" ; "Sotoa" ; "Arnasa"; "Hotza" eta "Umea" kronologikoki orden honetan bata bestearen atzetik datozela. Liburudendetan lehenengo hiruak bakarrik aurki daitezke, artikulu hau argitaratzen denerako beste biak atera ez badira. Honen jarraian duzuen itzulpena "Sotoa" liburuaren zati bat da. Zerbait esatekotan liburu honi buruz, hauxe bakarrik: Lehenengo lerrotik azkenerarte zaila gertatzen da liburu honetik burua altxatzea eta, ondoren, zailagoa oraindik bertan irakurria ahaztea. Salzburgon, bigarren gerra mundialaren ondorengo giroan, gerra galtzaileen arteko giro etsitu eta itogarrian, gosea eta pobrezian Thomas mutil gazteak bere identidadea bilatuko du, era berean, bere ingurua, gauzen eta gizakiena, ongi ezagutzen hasiko da. Salzburgo hiriko eszenatokian, Bernhardek gizarte honen azterketa sakona eta gogorra egiten du. Bere pentsamendua arin garatzen da hitzetan zehar, estilo eder, musikal eta setatsu baten bidez.
Larunbatero, dendatik eta Scherzhauserfeld herritik ateratzen ninduten, zuzen-zuzen malenkoniara eraman nintzaten, Scherzhauserfeld herrian, dagoeneko, nagusitzen zen beti, bide osoan zehar, leihoetatik zetorren kubiertoen hotsak bakarrik hausten zuen isiltasun hori: Larunbata da, inork ez du ezertan lan egiten, jendea bere pisuetako sofa edo ohetan etzanda dago, eta bere astiarekin ez daki zer egin. Arratsaldeko hirurak arte nagusitzen zen arratsaldeko isiltasun hori, pisuetan iskanbilak sortzen ziren arte eta orduan, asko bere egoitzetatik aire hartzera ateratzen zen, askotan aurpegia urraturik, oihuka edo irainak botata. Larunbat arratsaldeak denontzat garai arriskugarri bezala sentitu izan ditut beti, norberekiko eta gauza guztiekiko insatisfakzioak, zentzurik ezak eta bizitza guztian zehar benetan esplotatua izan denaren bat bateko konzientziak espirituaren egoera hori sortzen zuten, zeinean gehiengoa modu sakon eta izugarri batez amiltzen bait zen.
Gizaki gehienak bere lanarekin ohituta daude eta lan mota batekin edo ohizko ardura batekin; falta bazaie beren kontzientzia eta beren ganorea ustekabean galtzen dituzte eta etsipenaren egoera morboso bat besterik ez dira. Giza banakoak gehiengoak duena du. Errejeneratzen direla uste dute baina, larunbata, egitan erdi eroturik bukatzen duteneko hutsunea da. Horregatik, larunbat arratsaldeetan denek ideiarik egogarrienak izaten dituzte, eta dena, beti, modu txar batean bukatzen da. Armarioak eta kutxak, mahaiak eta besaulkiak, eta beraien oheak ere garraiatzen hasten dira, balkoietan beren jantziak zepilatzen dituzte, zapatak garbitzen dituzte erotu izan balira bezala, emakumeak lehioetara igotzen dira, gizonak sotora joaten dira eta adarrek egindako erratzez hauts zirimolak altxatzen dituzte. Familia osoek uste dute etxea txukundu behar dutela eta beren egoitzen edukiaren gainean jaurtikitzen dira eta hura nahasten dute eta harekin nahasten dira beraiek ere. Edo etzaten dira eta beren oinazetaz arduratzen dira, ihes egiten dute eta beren gaisotasunetan aurkitzen dute babesa. Larunbatak nahasten ez dituen zoriontsu eskasek bakarrik araua baieztatzen dute.
Sakonean, larunbata egun beldurgarria da, igandea baino askoz ere beldurgarriagoa oraindik, zeren eta larunbatean guztiek oraindik igandea falta dela bait dakite, eta igandea egunik ikaragarriena da, baina igandearen atzetik astelehena dator, laneguna dena, eta honek igandea jasangarria egiten du. Larunbata izugarria da, igandea ikaragarria, astelehena gozadura da. Gainontzeko guztia baieztapen lelo eta gaiztoa da. Larunbatean ekaitza prestatzen da, igandean botatzen du eta astelehenean, baretasuna itzultzen da. Gizakiak ez du askatasuna maite, beste guztia gezurra da, askatasunarekin zer egin ez daki, libre den bezain laster arropa zuri eta jantzien kutxak irekitzeari ekiten dio, paper zaharrak ordenatzeari, argazkiak, dokumentuak, gutunak bilatzen ditu, lorategira doa eta lurra jorratzen du edo helburu eta zentzurik gabe erabat nora ezean ibiltzen da eta honi paseoa deitzen dio. Eta umeak daudenean, denbora pasatzeko erabiliak izaten dira zaplaztuak, astinduak eta kilikatuak dira benetan salbazioa den kaos hori sor dezaten. Eta zer dago, besterik, larunbat arratsaldeko paseoa baino izugarriagoa kuriositatea asetu eta harremanak suntsitzeko balio duen ahaide edo lagunen bisita baino.
Eta jendeak irakurtzen badu, bere buruari ezartzen dion zigor batez egitan torturatzen da eta ezer ez da kirola baino erridikuloagorik. Asteburua gizabanakoaren hilketa da eta familia osoaren eriotza.
Larunbatean, lana bukatu ondoren, gizabanakoa eta, beraz, mundu guztia bat batean bakar bakarrik dago, zeren eta gizonak benetan eta egitan beren bizitzan zehar bakarrik beren lanarekin bizi dira, benetan eta egitan beren ardura dute bakarrik, eta besterik ez.
|