Oscar Wilde
Carmelo Sánchez Castro
euskaratzailea: I. Azkona
Oskar Wilde, Dublinen jaio zen 1847 urtean, laister arteaz zaletu eta arduratuko zen, gazte gaztetatik edertsunarekin maitale eta sentibera azalduko zen. "Artea Arteagatik" teoria eta praktikaren jarraitzaile bikainena. Estetizismoa eta garaiko ohituren satira izan ziren bere obraren osagai iraunkorrak. Oscar Wilde Inglaterrako Dandysmoaren errepresentazio bizia dugu. Nahiz oso itxura ezberdinak hartu, Inglaterrako dandysmoa eta Frantziako Boheme delakoa funtzio sozial bera bete zuten: bizimodu burgesaren azalakeria, fribolitatea eta ohikeriaren aurkako protesta, bizimodu ilun eta kaskar batzuk gobernatzen zituzten lege sozialen aurreko insumisio eta konformagaiztasuna, artea eta estetika kontutan hartzen ez duen ekonomizismo hutsaren aurkako erasoa.
Dandyak dotoretasunari, estetikari, garrantzi exajeratua ematen dio, Dandya klasez aldatu den intelektuala da, goiko klasera pasatu da, bohemioa berriz proletarizatu edo ta arloteratu den intelektuala dugu.
Estetizismoa bizitza-arau bezala hartu eta literatur exijentzia haundienatzat jotzeak suposatu zuen historia osoan artearen aurrean inoiz ezarri den jarrerarik serioena, zenbait Greziar eta Erromatar klasikorena kenduta agian.
Inoiz edertasunak, elementu dekoratiboak, bitxitasunak, dotoretasunak, xarmegarriak, ez zuen hain garrantzi haundia lortua izan, hain betekizun garrantzitsua artea barnean. Oscar Wilde edertasunaren bila abiatzen da, baita gauza arrunteneetan ere. Aurkitzen ez badu, eransten saiatzen da. Bere arau berezkoetara emaniko artea, edertasun eta perfekzioaren kultoarena beste mugarik onartzen ez duena moral guziaren areago, "ongia eta gaizkiaren gaindik". Arteaz, eta literaturaz mintzatzerakoan ez litzateke "hau morala edo ta inmorala dela" esan beharko, "poema hauek ongi edo gaizki idatzita daude, ederrak edo zakarrak dira" baizik, ezen obra on oro efektu artistiko hutsa eragitera zuzendua bait dago. Artea bizitzaren egiazko eragingarria da: Nola ulertu liteke bizia, artea eta edertasuna helburu bezala ez balu. Wildek ez bakarrik teorian baizik eta baita praktikan ere bizi zituen bere ideiak. 30 urtetan arazo ekonomikoetan murgildurik bait zegoen, komenientzi ezkontza bat burutu zuen goiko klaseko famili aberats baten alaba batekin, bi seme-alaba laister edukitzen zituelarik. Chelsea auzoko bere etxea literaturzale, idazle eta artisten topalekua bilakatu zen berehala. Urte hoietan Oscar Wilde kazetaritzan aritu zen, hitzaldi ugari eman eta Londresko saloietan bere ospea laister zabaldu zen. Berehala nabarmentzen da bere etorri argiengatik, ingeinu argia, portaera amorala eta janzkera bitxiarengatik. "Dorian Gray-ren erretratua" liburu famatua idatzi zuen orduan, eta baita hemen aurkezten den ipuina ere, beste prosa lan askorekin batean. Bere estiloa hutsik gabekoa da; narratzaile zoragarria. Laister fama haundia lortuko zuen soziedade haren baitan. Orduan hasiko zen artista gazteekiko harremanetarako zaletasunean.
1892 urtean "Lady Windermere-ren abanikoa" antzerki lan haundia estrainatu zuen eta handik aurrera narratzailearen lana iluntzen da antzerkiegilearena berebiziz dizdiratzeko, Bernard Shawren parean.
1891 urtean, Oxford-en hain zuzen, Boise izeneko gazte kapritxosoa ezagutu zuen. Boise-rekin hasten du hondamendi moral eta ekonomikora eramango duen harreman berezia. Bat-bateko plazeraren eske abiatuko da geldi-gabe bizikera lehiatsu eta grinatsu batean. Bere bizimodua gizarte Victorianaren aurkako desafioa bilakatzen du, soziedadearen moral estuaren arauak etengabe eta nabarmenki hautsiaz.
Wildek bere balio osoa erabiltzen du bere kritika garratz hartan, eta orduko soziedadeak ezin irentsi du idazlearen talentu zorrotza eta literatur gaitasun aparta.
Boiseren aitak publikoki irain egiten dio Wilderi sodomita izatearen salaketa eginaz. Wilde-k epaitea joko du, bainan aristokrata salbu aterako da.
Ordean hasiera ematen zaio Oscar Wilde-ren aurkako epai bati; Wilde-ren kontrako testigantza faltsuak eta proba gezurtiak altxatzen dira eta azkenean bortxa-lanetarako bi urtetako kondena jasoko du, bere osotasunean bete egin behar izan zuena. Bere idazlan eta antzezlan guziak erretiratzen dira eta idazlearen oroimena desagertarazten da baster orotik.
Denek ahaztu ta abandonatua Oscar Wilde-ren izarra itzaltzen da bi urte haietan: "De profundis" liburuan, orduan idatzitakoan, garbi azaltzen den prozesu batean; oinazearen balore eta edertasunaz konzienziatzean bukatzen dena.
Behin askatuz gero Wilde-k Inglaterra kitatzen du eta Europan zehar ibiltzen da izen faltsu baten azpian.
Beste gizon bat bihurtu da, aintzineko xarma guzia galduta, beldurti eta izutia, presondegiko ezin egonak oso markatua, literaturarako itzalia. Parisen hilko zen 1900 urtean, morfinan eta alkoholean murgilduta, ez-gizondua.
Ipuin honetan garbi erakusten ditu bere narratzaile kualitate eta gaitasunak. Argiki nabarmentzen da bere prosa hutsik gabea, umore, ironia eta sentiberatasunez hornia, sentzu dramatiko eta emozioz betea. Oscar Wilde-k askotan erabili eta landu zuen ipuin honen gaia: alegia, sentzurik gabeko sakrifizio oparoarena. Fabula klabean idatzita, animaliei hitza emanda, eskuzabalak, nobleak, sentiberak... hiltzen dira, gizarte pragmatiko, apetatatsu, sentigabe eta hantu baten begirada hotzaren aurrean.
(Carmelo Sánchez Castro-k Busma argitaletxearen "Oscar Wilde. El fantasma de Canterbury y otros cuentos" liburuan egindako aintzin-solasetik hartuta. Poesía v Prosa Popular. Madrid 1984)
|