Erresinula eta arrosa
Oscar Wilde
euskaratzailea: I. Azkona
Ikasle gaztea arrenkuratsu zegoen:
Nerekin dantzatuko zuela esan du baldin arrosa gorriak eraman banizkio, bainan ez dut nere lorategian arrosa bat bakarrik ere aurkitzen.
Artelatz gaineko bere kabitik, erresinulak aditu zion. Ostoen tartetik, harrituta, so egin zuen.
Arrosa gorri bat ere ez dago nere lorategian! auhenka zion ikasleak.
Eta bere begi ederrak malkoez lausoturik zeuden.
Ai, ze ninikeriarengatik galdu daitekeen zoriontasuna! Jakitun guziek idatzi dutena irakurria dut, filosofiaren sekretu guziak menderatzen ditut eta ene bizitza erauzia ikusi behar izango dut arrosa gorri horren faltagatik.
Azkenean, hori da, duda izpirik gabe, egiazko maitemindua esan zuen erresinulak. Gauero kantatu egin diot, ezagutzen ez banuen ere; eta gauero izarrei errepikatzen diet bere istorioa, eta orain ikusten dut. Bere adatsa iluna da hiazinto lorea bezala, eta bere ezpainak gorriak desiratzen duen arrosaren antzean; bainan pasioak bolia bezain zurbila bihurtu du bere arpegia, eta etsipenak kopetan markatu dio bere ikurraz.
Printzeak dantzaldi bat eratzen du bihar gauerako marmarean zegoen ikasle gaztea eta nere maitea festara joango da. Arrosa gorri bat eramaten badiot egunsentiraino dantzatuko du nerekin. Arrosa gorria eramaten badiot nere besartean edukiko dut. Nere altzoan ezarriko du burua, eta bere eskuak nerea estutuko. Bainan nere lorategian ez dago arrosarik. Beraz, bakarrik egon behar izanen dut eta ez dit jaramonik bat ere egingo. Ez da nitaz konturatuko eta ene bihotza urratuko da.
Bera da, dudarik gabe, egiazko maitemindua esan zuen erresinulak. Nik kantatzen dudan guzia berak sofritzen du: neretzat poztasuna dana, berarentzat etsipena. Egiazki, maitasuna gauza zoragarria da: esmeraldak baino bitxiagoa, opalo finak baino garestiagoa. Perla eta granateekin ezin da erosi, ez bait dago azokan erakutsia. Ezin da saltzaileari erosi, ezta balantzan pixatu, duen pixua urretan ordaintzeko.
Musikariak bere taulan egongo dira zion ikasle gazteak. Korda instrumentuak joko dituzte eta nere maiteak dantzatuko du arrabita eta harparen akordeetan. Hain arinki dantzatuko du non bere oinek ez duten lurra joko, eta kortesauak, bere jantzi ikusgarriekin, inguratuko dute gutiziatsu; bainan ez du nerekin dantzatuko ez bait dut berari oparitzeko arrosa gorririk.
Eta, belar gainean bere gorputza erortzen utziaz, eskutartean hondoratzen zuen aurpegia, negar-zotinka.
Zergatik ari zara negarrez? muskerrak galdetzen zuen, buztana tente, bere ondoan ibilkari zegoelarik.
Bai, zergatik? eguzki errainu baten atzetik zebilen farfailak galdetu.
Hori, hori, zergatik? ixil-mixilka bitxiloreak auzokideari, abots kraskati batez.
Arrosa gorri batengatik ari da negarrez.
Arrosa gorri batengatik? Hori tontikeria!
Eta muskerra, ziniko xamarra bait zen, parrez hasi zen indar haundiz.
Bainan urretsindorrak, ikaslearen penaren sekretua ulertzen bait zuen, ixil ixilik jarraitu zuen artelatzean pausaturik, maitasunaren misterioaz hausnarti.
Bat batean hego ilunak zabaldu zituen eta hegalari ekin zion.
Oihanaren gainetik pasatu zen itzal bat bezala, eta itzala bezala zeharkatu zuen lorategia.
Parterreko erdialdean arrosondo eder bat zegoen eta, ikustean bere aldera hegal egin zuen eta adaska batean pausatu zen.
Emaidazu arrosa gorri bat esan zion eta ene abesti goxoenak kantatuko dizkizut.
Ene arrosak zuriak dira erantzun zion itsasoko aparra bezain zuriak, mendian elurra baino zuriagoak. Bainan zoaz ene anaiaren bila, eguzki-erloju zaharraren inguruan hazitzen dana, eta agian berak emango ahal dizu desiratzen duzuna.
Orduan erresinulak eguzki-erloju zaharraren inguruan hazitzen zen arrosondorantz hegal egin zuen.
Emaidazu arrosa gorri bat esan zion eta ene abesti goxoenak kantatuko dizkizut.
Bainan zuhaixkak burua eragin zuen.
Ene arrosak gorriak dira erantzun zuen uxoen atzaparrak bezain gorriak, ozeanoak bere amildegietan kulunkatzen dituen koral abaniko haundiak baino gorriagoak; bainan neguak nere odol zainak izoztu ditu, hormak ene kapuluak zimeldu, erauntsiak ene adarrak hautsi, eta ez dut urte osoan arrosarik izango.
Arrosa gorri bat besterik ez dut behar oihukatu erresinulak, arrosa gorri bakar bat. Ez al dago erdietsi dezadan moduren bat?
Bada modu bat ihardetsi zion arrosondoak baino hain itzelgarria den ezen ez bait naiz zuri esaten ausartzen.
Esaidazu erantzun zion urretsindorrak Ez naiz izukorra.
Arrosa gorri baten beharra baduzu esan zuen arrosondoak, egin behar duzu musika notekin, ilargiaren argitan eta zeure bihotzaren odolaz tintatu. Neretzat kantatuko duzu bularra ene arantzen kontra estutuz. Gau osoan kantatuko duzu niretzat eta arantzek bihotza trabeskatuko dizute: zure bizitzaren odola ene zainetan ixuriko da eta odol nerea bilakatuko da.
Heriotza prezio ona da arrosa gorri baten truke ihardetsi zuen urretsindorrak eta jende guziak maite du bizitza. Atsegina da oihan berdexkan pausatu eta eguzkiari bere urrezko gurdian so egin, eta ilargiari bere perladun gurdian. Gozoa da elorri nobleen usaina. Atsegingarriak ibarrean gordetzen diren txilinloreak, eta mendi-muinoa estaltzen duten txilarrak. Eta zer da txori baten bihotza gizonarenarekin konparatua?
Orduan, bere hego ilunak zabaldu zituen eta hegalari ekin zion lorategiaren gainetik pasatu zen itzal bat bezala, eta itzala bezala oihana zeharkatu.
Ikasle gazteak belar gainean etzanda jarraitzen zuen erresinulak utzia zuen leku berean, eta negar malkoak ez zeuden oraindik lehortuak bere begi ederretan.
Zoriontsu izan zaitez oihu egin zion erresinulak, zoriontsu izan; zure arrosa gorria izanen duzu, eta. Neure musikaren notekin egingo dut ilargiaren argitan eta neure bihotzaren odolaz tintatuko dut. Orduan eskatzen dizudan gauza bakarra egiazko maitemindua izan zaitela da, ezen maitasuna filosofia baino jakintsuagoa bait da, hau oso jakintsua izan arren. Bere hegoak suaren kolorekoak dira, eta bere gorputza sugarraren kolorekoa; bere ezpainak eztia bezain dultzeak eta bere arnasa intsentsua bezala.
Ikasleak bere begirada altxatu zuen belarditik eta adi-adi ezarri zen; bainan ez zuen lortu erresinulak ziona ulertzea, ezen, bakarrik ulertzen bait zituen liburuetan idatzita dauden gauzak.
Bainan artelatzak ulertu zuen eta triste jarri zen, zeren bere adarretan kabia eraikia zuen urretsindorra asko maite bait zuen.
Kanta iezadazu azken kanta esan zuen ixilka. Hain triste geldituko naiz joan zaitezenean!
Orduan urretsindorrak artelatzarentzat kantatu zuen; eta bere abotsa iturri zilarrezkoaren ur gardena bezalakoa zen.
Bere abestia bukatu ondoren, ikaslea altxatu zen, sakeletik kaiertxo bat eta bere arkatza ateratzen zituelarik.
Erresinulak pentsatzen zuen, lertxunditik paseatuz zihoala erresinulak ukaezinezko edertasuna dauka, bainan sentitzen al du? Ezezkotan nago. Azken finean artista aunitz bezalakoa da, dana estiloa, bainan egizaletasunik ez. Ez da besteengatik sakrifikatzen. Musikan eta artean baizik ez du pentsatzen; orok dakien legez egoista da. Ziertoki ezin uka bere ahotsaren noten edertasuna. Ze pena guzti horrek zentzurik ez izatea, helburu praktiko batera zuzendua ez egotea!
Eta bere gelara itzuliaz lastairan etzan zen bere adoratuarengan pentsatzen.
Handik gutxitara loak hartu zuen.
Eta ilargia zeruan diz-diz zegoelarik, erresinulak arrosondora hegal egin zuen eta bularra arantzen kontra jarri zuen.
Eta gau osoa egon zen kantari eta arantzak barneratu ziren, gero ta sakonago, bere bularrean.
Hasieran, gazte mutil bat eta neska baten bihotzetan maitasunaren jaiotzeari kantatu zion; eta arrosondoaren adarrik altuenaren gainean arrosa zoragarri bat sortu zen, petaloz petalo, kantaz kanta.
Hasieran zurbila zen errekan flotatzen den ilargiaren antzera, zurbila goizaren oinak bezala, eta zilarreztatua egunsentiaren hegoen modura.
Arrosondoko adarrik altuenean ernetzen zen arrosak, zilarrezko ispilu batean arrosa baten itzala iduri zuen, arrosaren itzala aintzirean.
Bainan arrosondoak oihukatu zion urretsindorrari arantzen kontra gehiago estutu zedin...
Estutu zaitez gehiago, erresinula txikia esaten zion, edo ta egun argitzea iritsiko da arrosa bukatua egon baino lehen.
Orduan, erresinula estutu zen obaro arantzen aurka eta bere kanta ozenagoa ixuri zen, gizon bat eta birjin baten arimengan pasioaren sortzeari kantatzen bait zion.
Eta gorritasun zoli bat ageri zen arrosaren petaloetan, bere maitea muxukatzen duen maitemindu baten aurpegia gorritzen den gisa berean.
Bainan arantzak ez ziren oraindik iritsiak erresinularen bihotzera; horregatik arrosaren bihotzak zuria segitzen zuen; erresinula baten odolak bakarrik koloreatu ahal bait du arrosa baten bihotza.
Eta arrosondoak oihu egin zion erresinulari oraindik gehiago arantzen aurka estutu zedin.
Estutu zaitez obaro, erresinula txikia esaten zion, edota egun-argia iritsiko da arrosa burutua baino lehen.
Orduan erresinula oraindik gehiago estutu zen arantzen aurka eta arantzek bere bihotza igurtzi zuten, eta sentitu zuen, bere barnean, oinaze tormento kupidagabe bat.
Zenbat eta bere oinazea biziagoa izaten zen, orduan eta kementsuagoa ixuri bere kantua, zeren heriotzak sublimaturiko maitasuna kantatzen bait zuen, hilobian amaitzen ez den maitasuna.
Eta arrosa zoragarria gorritu zen Bengalako arrosen antzera. Purpurazkoa zen petaloen margoa eta purpurazkoa errubi bat bezala zen bihotza.
Bainan urretsindorraren abotsa ahuldu zen. Bere hego motzak eragiten hasi eta lauso bat hedatu bere begien gainean.
Bere kantua indargabetzen joan zen gero ta gehiago. Bere estarrian zerbait itotzen zela nabari zuen.
Orduan, bere kantuak azkeneko printza izan zuen. Ilargi zuriak aditu zion eta, egun-argitzea ahantziaz, ortzean gelditu zen.
Arrosa gorriak aditu zion; liluraz dardarka osorik, bere petaloak ideki zituen goizaren aize hotsean.
Oihartzunak gidatu zuen mendi-muinoetako bere lezezulorantz, lokarturiko artaldeak bere ametsetatik iratzarriaz.
Errekaren kainaberadien artean flotatu zen kantua, eta itsas-aldera eraman zuten bere mezua.
So egin, so egin garraxi egin zuen arrosondoak, badago burutua arrosa.
Bainan urretsindorrak ez zuen erantzun; belar garaien gainean hilotzik zetzan, bihotza arantzek trabeskatua.
Eguerdi aldean, ikasleak bere leihoa ideki zuen eta lekorerantz begiratu zuen.
Hau ustegabeko zorte ona! oihu egin zuen!. Hona hemen arrosa gorri bat! Ez dut ene bizi osoan halako arrosarik ikusi. Hain ederra da ezen, segur naiz, aldrebestutako izenen bat euki behar duela latinez.
Eta makurtuz gero, heldu zion.
Berehala, sonbreirua jarri eta irakaslearen etxera abiatu zen laisterka arrosa eskuan zuelarik.
Irakaslearen alaba jezarririk zegoen atean, zeta urdina harilkatzen zuen txirrika batean, bere oinetan etzanda zegoen txakur batekin.
Nerekin dantzatuko zenuela, baldin arrosa gorri bat ekartzen banizun esan zenuen esan zion ikasleak. Hona hemen munduko arrosarik gorriena. Gau hontan zure bihotzaren hurbil lotuko duzu eta, elkarrekin dantzatzen dugunean, berak esango dizu zein den haundia nere maitasuna.
Bainan neska gazteak, betondoa tximurtu zuen.
Beldur naiz arrosa hau ez den ongi etorriko gau honetan jantzi behar dudan soinekoarekin erantzun zion. Gainera Xanbelanaren ilobak egiazko bitxiak bidali dizkit, eta gauza jakina da bitxiek loreek baino balore handiagoa dutela.
Oh! Bai eskertxarrekoa zarela! esan zuen ikasleak sutan jarria.
Eta arrosa jaurtiki zuen kalera.
Gurdi astun batek zapaldu zuen.
Eskertxarrekoa! esan zuen neskak. Kaskarrokeriaz portatzen zarela esan beharrean nagokizu eta, guzti honen ondoren, nor zara zu? Ikasle sinple bat. Bah! Ez dut uste inoiz eraman ahal izango dituzunik zilarrezko belarriak zapatetan, Xanbelanaren ilobak egiten duen bezala.
Eta hau esanda gero, silatik altxatu zen, etxean sartuaz.
Hau tuntunkeria den maitasuna! esaten zuen ikasleak berekiko behin itzuliz gero. Ez du logikak duen erabilgarritasunaren erdia ere, ezen ez bait dezake deus frogatu; gertatuko ez diren gauzez hitzegiten du beti eta sinestarazi egiten dizkio jendeari agiazkoak ez diren gauzak. Errealitatean ez da bat ere praktikoa eta, garai hontan gauza guzien ardatza praktikotasunean dagoenez, Filosofiara itzultzen naiz eta Metafisikaren ikasketara.
Eta, erabaki hau hartuta, behin ikaslea bere gelan egonda, liburu hautseztatu haundi bat ideki zuen eta irakurtzen hasi zen.
* Erresinula Zuberoan, urretsindorra Euskal herriko beste lekuetan nik indistintoki erabili izan dut bata zein bestea.
|