Kaka zaharra
Horbel
Alfonso Sastre-k, Lumpen, marginación y jeringonça izenburuko liburuan (Legasa literaria, Madrid, 1980), Gudrun Olssonen gutun bat egizakoa ala Sastre-k berak asmatuta izanen ote den ez dakit dakar, aipagarri deritzodana. Badiotso 0lsson-ek Sastre-ri:
Norbert Wiener-ek, «Zibernetika eta gizartea» izeneko (...) bere idazlanean, honela dio: «Halako bizieraren manupean gaude, non munduak, bere osoan, termodinamikaren bigarren legeari obeditzen dion: nahasketa gehitu, ordena gutxitu egiten da». Zaborra-gehitu, antolaketa gutxitu. Gizakiak erortzera eta bizitzak degradatzera jotzen dute. Baina boltsak ditugu entropia negatibozkoak: irla espazial eta denboralak entropia gutxikorrezkoak. «Honek badio Wiener-ek aurrerapenaren esistentzia birbaieztatzera jo gaitu gutariko batzu».
Zuk, Alfonso Sastre-k, entropiaren itsasoan (...) nabigatu zenuen. Zure beilen hondarrekin ametsak eraiki egiten zenituen. Bizitzaren zaborrekin eraikitzen saiatzen zinen, kaka zaharreko Espainia batetan, zure irudimenezko gazteluak.
Arangurendarrek oso gutxi irakurtzen dute. Ez dakite, beraz, zein eginkizun gordetzen dien Historiak gure Nafarroa moderno honetan.
Helduek, nafar proletalgoaren urrezko aroa ezagutu dutenek, ezin dute ulertu lumpenproletalgoari dagokion Marcuseren ustez eginkizun historikoa... Baina poliki poliki joan gaitezen. Ikus dezagun zer den lumpen hitz germaniarra: piltzar, piltzarki, zarpail, trapu zahar... Horrezaz gain, honela dio Alfonso Sastre-k:
Baita ere, kontura ekartzeko da hizkuntza germaniar berean Lumpen delakoa alde eta txoko aunitzetan agertzen dela, hasiz, jakina, piltzarkaritza hutsari dagokionarekin: Lumpenhandel (edo Lumpenkram edo, baita ere, Lumpenmarkt: zaborrontzia ere?) piltzartegiaren izena dugu (...). Dirudienez ere, germanieraz lan errateko era bat, Arbeit hitzetik aparte, alter Lumpen: bertze trapu zahar bat, dute hain zuzen (...) Eta honekin, gure hitza agertzen den mesprezuzko erranahietara pasatzen gara (...). Lumpengesindel edo Lumpenpack-en arloan gaude, jendaila erran nahi duela. Edota, nahi baduzue, Lumpenleben-ean (trapu zahar - bizi izan): hanparen arloan. Eta zertarako gehiago? A, bai, lumperei: zorritza, gizatxarkeria!
Horrela bada, bat datoz lumpena eta zaborra. Ez, ezin dute ulertu Arangurengo helduek, urrez aroko proletari horiek, ez lumpena, ez zaborra. Ez dute zabortegirik nahi, ez dute zaborreriaz bizi nahi, ez dute lumpenaren paper historiko berri hau jaso nahi.
Zaharrek ere ez. Beren haran lasaian, mugituezinean, bizi, hil nahi dute, bake usainean. Baina bizitza osoan zehar ezertarako mugitu gabe egon ondoren noiztik ez dira higitu Arangurengo zaharrak..., Gaztelu enparantza mitxoletaz josita agertu zenetik, baduela 52 urte?, denak batera ahal izan dutenak zirkin egin dira. Agian, asmo berdintsuarekin: igaz, lore gorrien usaina hirira eramateko; aurten, hiria den animalia tzar horren gorotz usainak ez diezaien haizea ustel.
Ez batzuek ez bertzeek ez dute nahi hiriburuak ematen dien parada historikoa. Proletalgo erorkorretik zaborbiltzaile, piltzarkari, lumpenproletalgo izatera pasatu nahi ez dute, Marcuse, Sastre, Gudrun Olsson gora behera. Ezta ere ez dute ulertzen beren eskuetan dagoenik Iruinearen, hiriburuaren zaharberripen prometatzailea.
Baina nola izan «la primera del Camino», diru gehiago piltzarkaritzan gastatzen badu? Nola ailegatu, nola eraman gure alaia, gure bizkortasuna munduko amaieraraino baino, Finisterreraino baino urrunago, Argentinaraino? Nola entzun auditorium sotil batetan Larreglaren abesti bihotz-bihotzekoa, eresi bihurgarria, «si s'hunde el mundo que s'hunda, Navarra siempre p'alante»; nola entzun ahal, merezi duen duintasunarekin, gure joten soinu xamurra? Nola gelditu zur eta lur planetario baten barruan..., zarpailen zaharberriketan, zaborren birziklai osoan gastatzen badugu hainbertze diru?
Ez kexatu, Arangurendarrak. Gaurko modernotasunak, hiriburuaren zaharberripenak aukera historioa, etorkizun harroa eskeintzen dizue. Aro berriari jarri behar zatzaizkiote. Batzuen zain, zeregin iraultzaile berria duzue. Bertzeei, betikoek deitzen dizuete, igaz hiria mitxoletez betetzera, aurten hiriburu kosmo-«polita» eraikitzen laguntzera.
Bai, Arangurendarrok, askapen, aurrerapen oihu berria jaurtiki behar duzue: «Kaka zaharra!».
|