L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-12. Alea jacta est (1989-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

«Blanca Lopetegi»

 

Xanti Begiristain Madotz

 

        25 urte zituelarik, 1988.eko maiatzak 30ean hil zen nire bihotzeko lagun min Blanka Lopetegiri.

        Maiatzak 30ean istripu zentzugabeko eta ergel batek Iruñerri aldeko lorategietako kukuperik polittenetako eta errepikaezin bat eraman zuen bere baitan, baina lore usaintsu horren lurrinak gure artean iraungo du betirako.

 

        Une hauetan, nire ondoan ez hagoenean, hire begi haundi eta ederrak goraipa nitzaken, baina hala ere hiri bihotz haundia nahiago dinat gogoratzea. Ixtant hauetan hire ezpain eztiak goretsi nitzaken, baina hala ere nahiago dinat hire sakontasun bikaina baloratzea.

        Nire alboan ez hagoen momento hauetan hire bular maitakorrak aipa nintzaken, baina hala eta guztiz ere hobesten dinat hire jakinduria trinkoa oroitzea. Argazkietan baizik ikusten ez haudan minutu hauetan hire ixter erakargarrietaz pentsa nezaken, baina hala ere gogokoago dinat hire irri goxoa.

        Sarri askotan gogoan haramandan hil hauetan hire gorputz lirain osoa irudika nezaken baina aldiz nahiago ditinat hire ahots xuabea, hire ideia argiak, hire aparteko xamurtasun, amodio eta maitasuna, zeren eta hire begi haundi eta ederrak, hire ezpain eztiak, hire bular maitakorrak eta ixter erakargarriak hire gorputz lirain osoarekin batera joan bait dira, argazkietan baizik ez ditun gelditzen, baina hire bihotz haundia, sakontasun bikaina, jakinduria trinkoa, hire irri goxoa, hire ahots xuabea, hire ideia argiak, hire aparteko xamurtasuna, amodio betea eta hire nireganako berebiziko eta dohaineko maitasun guztia mundo honetako heriotzerik ankerrenak ere ezingo bait dizkit inoiz, sekula santan ere, nire gogotik kendu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.