L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-12. Alea jacta est (1989-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Hiria, hutsa ala esnearekin?

 

Xabier Agirre Urteaga

 

        Berlin, Frankfort, Karintia, Marseille, Kosovo, Naborno-Karabaj, NPD, FN, Joerg Haider, Milosevic, Le Pen, Errepublikar Alderdia. Horra hor pokerrean egiteko diamantearen sorta ederra. Denek zera dute denena, diferentzia ezin jasana.

        Hiriak katilu hutsak dira, edozelako isurkin jaso ahal dutenak. Egoitzak, kaleak, bidegurutzeak, hori da extralurtar batek ikusiko lukeena egunen baten haietako batek gure jende multzoetara txangotxo bat egitea erabakiko balu. Eta tartean lumarik gabeko bi hankako batzu, beste zahar hark esan zuen bezala. Baina norbaitzuk ez dauden lekuan mugak jarri nahi dituzte eta muga horien alderdi bat goataz jantzi dute, bestea burnizko sarez eta zaztakailuz bete duten bitartean. Hau da, askoz merezimendu gehiago ditu alemaniar gaizkile batek judu kreatzaile batek baino. Nazionalitateak edozein izan daitezke, beste batzurekin trukatzea besterik ez dago: serbiar, albaniar; frantziar, afrikar, eslabiar, turkiar, azerbaianar, armeniar. Eta abarra luzea da eta ez herrialdeetan soilik, mikrokosmos txikienetatik hasita makrokosmos haundienera joan ahal da. Denetan eskema bera aurkitzen dugu: «gu» eta «besteak». Puntaraino estututa, filosofo anitzek ni-aren eta beste-aren borrokan oinarritzen dute bizitza. Hau konstatazio bat dugu, borroka hori ez balego ez ginateke inor izango, ur geldizko lakuaren ur tantak soil-soilik. Oposizio honek pertsonalitatea damaigu eta dinamikotasunaren motorra da. Beraz, ezin itzuri gatzaizkio oinarritzen gaituen mekano txiki honi, halere, etsipen hau beste arloetara zabaltzen badugu, zera, indarren neurketak edonon agintzen duela sinistuz gero, ondorio arriskutsuetara hel gaitezke. Indartsuenaren legea ametitzera, adibidez. Lege hau itsua denez, hanka zanpatzailearen jabe ala hankapen gertatzea dago zeren dominazio erlazioak ez diren ezertxo ez bait du izaten uzten makina puskatzaile horrek. Apustua erdira bakarrik gure alde daukagu, jokalari benetan ausartak behar digu izan jokuaren erregelak aldatzea eskatzen ez badugu. Eta, noski, erregela berri horiek kosmos bat nahi dute esan, kaosetik alde eginda. Orduan gure arrazoia martxan jartzen da eta erabakitzen du gizabanakoak indibiduoak ezezik (beste bat) dimentsio bateratzaile batek gaineratzen dituela. Txinar bati eta kamerunar bati ez zaie gizaki esaten mamifero espezie horren gutxienezko ezaugarriak betetzen dituelako (batek baino gehiago tximinuekin antza gehiago aurkitu dio horietako bati) haiengan medikuek beste medikuengan edo abokatuek beste abokatuengan aurkitzen duten sentimendu korporatibista aurkitzen dugulako baizik.

        Sentimendu korporatibista hori, ordea, muga estuagotan ezarri dugu eta era gogorragoan gainera. Area ekonomikoetan arrotzarekiko erra suspertzen ari da aberatsaren mahaira permisorik gabe jarri delako aitzakiarekin. Europar komunitateko biztanleek dute soilik Europak mendeen poderioz (eta nola?) lortu dituen aurrerapen eta abantailak ustiratzeko eskubidea, eta horretarako kanpotarrei bisatua eskatzen hasi behar dute komunitateko estatuek. Oraingoz zenbait hiritan arrazakeriazko erreakzioak gertatzen ari dira baina manifestazio txiki hauek azpian datzan sentimendu zabalago baten suldartxoak besterik ez dira. Berlinen eta Marseillen kanpotarren portzentaiak altuak direlarik (biztanlegoaren laurdenetatik hurre daude) diskurtso banatzaile hauek oihartzun garrantzitsua izan dute. Alemanian eta Frantzian historiagile errebisionista batzu holokaustoaren ikuspegi berri bat sortzekotan dabiltza, Espainian ere Amerikaren kolonizazioaren basakeriak ahaztuz hara eramandako zibilizazioaren meritoak azpimarkatzen dihardute.

        Arrazen nahasketaren aberastasuna alde batera uzten da eta haietako baten aitzindaritza gailentzen, kulturaren erlatibotasuna beste herrialdeen zuzenketarekin trukatzean. Garai honetan mendebaldearen balore demokratikoak presiopean hedatzen dira aspaldian katolikotasuna Gurutzadetan eta kolonizazio gerletan hedatzen zen bezalaxe.

        Arazo hau maila txikiago batean, eta horregatik gordinagoki, munduan zeharreko hiri erraldoitan dakusagu. Batzutan etorkinak etsaitzat jotzen dira, Troyako zaldiaren antzera, etsaia etxean. Auzune batean kokatzen dituzte eta ghettoak sortzen dira. Aldiz, kidetzat hartuz gero ohitura eta pentsakeren trukaketek kultura mestizo baterako bidea egiten dute. Eta zein da gozoago babarrun hutsez egindako lapikokada ala baratzak eta txerriak emandako gaiez prestatutako potajea?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.