Hiri honetan barrena
Aingeru Epalza
Ez-ustez, Franz-ekin
egin dugu egun begiz-begi
Milagrosako pisuko sukalde zikineko
labe erdoilean, xomorroz jauntzirik.
Prozesuan pairatu zigorraz
gozatsu zirudien.
Jack, atzo agurtu nuen
San Jorgeko bidegurutzean
porro bat estekatzen ari zela
bidean abian
beti bezain fardel
batzuk ez dira enteratzen.
Malcolm gaur gauez kausituko
dut, seguraski, arrastirian
Jarautako ohizko zoko
ilunberan, sonbreilu mejikarrez
arindua, patxaran
eta heriotzaren arteko
larunbateroko sumendipean.
Marcel-en deirik oraingoan
ez dut izan, ordea
baina gaztelurik gabeko enparantzako
terraza zale batek erranda,
galdutako denbora
berreskuratu ezinik omen dabil
Altzuzako bere txaletean
pajaritari tira eta tira.
Henry akaturik dago.
Zurrumurruek diotenez,
ez da onik aterako
Kuriako txabiske purtzil hartako
puta portugesaren tropikoak
edo Iturramako pija harenak?
kutsatutakoaz.
Ez orain ez gero, Axularren aztarrenik
ez da nehon ageri.
|