«Iruñea, eragozpen arkitektonikoz jositako hiri bat»
Xabier Begiristain Madotz
Irakurle kuttuna, ondoren irakurriko duzuna, edozein ostegun arruntetan gerta dakidakena duzu.
Goizeko hamarrak laurden gutxi dira eta jadanik atera naiz Maeztu Margolaria kaleak duen 8. zenbakiko atari nagusitik; berehalaxe topatzen dut espaloiko aldats desegokia aldapatsuegia bait da. Kale mutur hori gurutzatu bezain azkar froga dezaket espaloi hori egokitu gabe dagoela eta gainera nik jarritako zurezko aldatsa desagertua dagoela. Ezin dut ekidin gogoratzea, hori dela eta, Iruñeko Udaletxean Gobernazio-Batzorde batean zenbait zinegotzik egindako barrea nire bizkarretik. Baina hori utzita goazemazu aurrera. Espaloi-koska ezin gainditua dudalarik errepidetik abiatzen naiz Pedro Lehena kale aldera Fuente del Hierro kalearekin topatzen naizen arteraino. Tarte horretan ezin dugu ahaztu sarritan topatu ohi ditudala aparkatutako kamioiak eta kotxeak, hortaz gehiago arriskatu behar izan ohi dut nire larrua espaloitik oraindik aparteagotik joan behar izan ohi dudalako. Baina oraingo honetan libratu naiz eta dagoeneko aipatutako kale berri horretan nago, igo naiz espaloira (moldatutako aldatsaren bukaerako koska zakarregia da eta jakin ezazue legeak agindutako araudiaren neurritik ateratzen dela gehien-gehientsuenak bezala). Amaiur ikastolako atari nagusiaren paretik jetxi naiz Iturrama kalera, eta beste alderaino gurutzatu dut. Hemen ere soberan nago esatea aldatsen bukaerak gaizki burutuak daudela. Baina erne, hementxe oso gauza tipiko eta zoritxarrez Iruñea osoan txit topikoa den bitxikeria batekin topatzen naiz, alegia, gurutzatu ondorengo bestaldeko espaloia bat ere moldatu gabea bait dago eta beraz, hortik Antso Azkarra kaleraino aparkatuak eta mugimenduan ari diren ibilgailuen artean joatera behartua nago.
Tarte horretan ezin dut ahaztu gertatutako hainbat eta hainbat pasadizo, hots, behin batean mutiko batek bere aitari honako hau esan bait zion: «Begira, begira zer nolako motoa!». Eta beste haur askok beren gurasoei esana dietena: «Horratx, behittu, bakarrik doa eta!» (eta nik, «Baita zera ere!» pentsatzen dut, «ea manduari inork eragin gabe ba ote dabilen!»). Beste behin batean, horko plaza gurutzatzean ni konturatu orduko hango mutiko bat makinaren atzekaldera igo zitzaidan eta plaza erdian geundelarik ikusi nuen hortxe bertan, atzean eta barrezka nuela, «Majo!». Eta beste askotan entzun izan ohi dudana hauxe da: «aizak, eramango al gaituk?». Eta gertaera guzti hauek aipatutakoan lot gakizkion berriro gaiari. Antso Azkarra kale horretan ez dut arazo haundirik aurkitzen, nahiz eta ez pentsa, hor ere gauza ugari falta bait da dena ongi osaturik uzteko.
Alderdi horretan, maiz gogoratzen dut askotan jazotakoa, alegia, Eskirotz mutur horretan badago espaloi-aldats moldatutako bat baino gehiago, baina sarritan aurkitu izan ohi ditut kotxeek aparkatu eta okupatuak; horiek direla eta berealdiko haserraldiak hartua naiz. Era berean ere gogoratzen dut nola behin batean menturatu nintzen Gazteluko Biratik Gotorlekura dijoan aldapatik jeixtera frogatu eta esperimentatzeagatik; egia esan aldapan bertan mutil gazte batzuk eutsi behar izan zidaten muturrez aurrea joan ez nendin, eta gero datorren bide eta zubitik igarotzea kalbario bat da lurrean dauden koxkengatik. Gatozen berriz ere harira!.
Eskirotz kaletik Sol edandegira aida batean joaten naiz oztopo berezirik ez dagoelako, baina hala eta guztiz ere gauza pare bat esan nahi dut, hots, aldapak izan litezkeela biguinagoak eta Foru Enparantzako zoru harriztatua oso zakarra gertatzen dela gure ipur azpiko gurpilentzat.
Sol Taberna atzean utzi dut eta orain bai, ezinbestean giza-laguntza behar izaten dut espaloia jeixteko aurrexeagoko IBIA (badoa) kotxeek hartuta baldin badago Galizia Etorbidetik joko badut behintzat.
Altuera honetan ere ezin dut ahaztu lapurtu zidatela nik jarritako zurezko aldats ospetsu horietako bat. Bestaldetik ere burura sarri etortzen zait hortxe bertan gauzatutako beste gertaera hau: Gizon bati laguntza eskatu diot; jarri naiz atzeraka eta modu egokian lagundu dit atzekaldea jeixten; aurrekoa beherakoan ordea nik esan diot: «hortik ez, hortik ez, bestela beribiziko kolpez jetxiko nauzu eta!». Gizonak honako hau esan zidan: «Ah! horren sentibera zara non ezin bait duzu kolperik jasan!» eta nik nire kolkorako hauxe pentsatu nuen: «Demone txorroskilo eta Astakirtenai, ez al zara konturatzen holako kolpez ardatzak eta gurpilak izorra diezazkidakezunak, edo zer?».
Galizia etorbidetik jarraitzen dut, errepidetik noski, jakinak diren arrazoiengatik, eta Hirigintza zinegotzia den Alfredo Jaimek dioenaren aurka kale puska hori beti bigarren iladaraino aparkatua egon ohi da (batzutan baita hirugarreneraino ere); hortik atera ezazue kontua nondik ibili behar izan ohi dudan egunero nire buru «zoragarria» arriskatzen!. Baina aurrera noa berebilen artean; beldur naiz, ikusiko ote naute?, joko ote nau axolagaberen batek?; bada ezpada ere argiak pizten dizkiet hobekixeago ikus nazaten; noizbehinka intermitenteak ere bai. Nola edo hala, noizbait iritsi naiz Bergamin kaleraino, hortik Karlos III.enera, gurutzatu, Hildakoen Monumentu aldera, eta hortik jadanik berehalaxe ailegaigatzen naiz Telenavarra bide osoan ibilgailuen artetik igarotzera kondenatua egon naizelarik.
Behin horra iritsitakoan zer egin?; bertan koska dexentea dago, eta aurreragoko IBIA (badoa) gehienetan autoek okupatua izan ohi dute. Saiatuko naiz lehendabizikotik makina behartuz; ezin izan du. Beno ba ikusiko dut ea gaur patuak zori ona gorde ote didan...! Ez ba, IBIA hartua dago. Ez da inor pasatzen laguntzeko. Itxoingo dut; beharko, ezta?. Orain gaztetxo batzu heldu dira (gazteegiak); geroxeago zaharregiak; beranduago neskatxa bat oso politta baina indar gutxi egitekoa (batzutan ahal izaten dute; hor bego hori!). Azkenik agertu da pertsona egoki bat, eta era zuzenean lagundu dit. «Eskerrak ez zuen euri edota elurrik ari!» pentsatu dut nire baitan. Dagoeneko Pablo Sarasate Kontserbatorioko ate nagusian naiz, baina orain barruko norbaitek ikusi beharko nau atzekaldeko atea ireki diezadan aldatsetik igo nadin. Etzazue ahaztu aldats hori hamahiru hilabete kostatu zitzailea egitea, eta oraindikan espaloiak, moldatu gabe darraiela. Baina itzul gaitezen pixka batez atzera! Atari aurrean naiz, inork ez nau ikusten beraz igaro den lehenengo pertsonari eskatu diot mesedez etxezaina nire etorreraren jakinaren gainean jar dezan. Azkenean beste atea ireki dit eta sartu ahal izan naiz.
Hamaikak eta laurden dira, hortaz, bukatu dut nire txistu klase Raul Medinabeitia irakaslearekin. Kaleratu eta dagoeneko pentsatzen ari naiz nola jetxiko dudan espaloia, baina aldi berean gogoratzen zait aldi hartan emakume xahar batekin izandako pasadizoa: espaloia igotzeko laguntza nori eskatuko ote nion zain nintzela, amoñatxo bat etorri zitzaidan eta lagundu beharrean ez ote zizkidan bat txanpotxo batzu eman?. «Ez, ez!» nik. Baina, berak «tori, tori, har itzazu!» . Eta hartu egin beharl. Jetxi dut ba, azkenean, espaloia jauzi batez eta orain Hizkuntz Eskolara joan behar dut bilera batetara, baina, madarikazioa!, euria hasten ari bait du!. Eskularruak erantzi ditut ziztu bizian eta euritakoa zabaldu, berriz eskularruak jarri eta aurrerantza. Orain arrisku bat gehiago dut, errepidez joateaz gain ezker eskuan aterkina daramat eta ikusgarritasun txikiago daukat; une hauetan patuaren eskuetan bizikiago gertatzen naiz. Baina arrisku guztiak gainditu ondoren noizbait iritsi naiz Eskolara. Bilera burututakoan aprobetxatu behar izaten dut komunera joateko pix egitera, hemen komun bat egokitua bai bait dago, eta beste leku gehienetan ez, gainakoan gero ordu luzetan egon behar izan ohi dut pixik egin ezinik komun Publikoak ez daudelako egokituak. Beno, atera naiz Hizkuntz Eskolatik eta Iruña Zarrara iritsi naiz; hemen ere laguntza eskatu behar igotzeko. Zerbait bazkaldu eta kanpora; begira, orain aprobetxatuko dut laguntza eskatzeko ezagun batzuri; hala beharrez agertu direnez gero... Merkatarien kale honetan gogoratzen dut zenbat eta zenbat aldiz izan ditudan arazoak bateriak zirela behin batean, releak zirela bestean, eta balaztak edota zulatuak besteetan... Gutxienez, behin gogoratzen dut horietako bat zeta eta, joan den urtean; laguntza ematen zidan bitartean Marian Ortzanko, neska interesgarri bat ezagutu nuela; egun hartan behintzat dena ez zen galtzerik izan... Ordu bata eta laurden dira; orain aprobetxatu nahi dut Mirari bizitatzeko, baina Diputazioan lan egiten du eta hor ere giza-laguntza eskatu behar izaten dut sartzeko, bera bilatzeko eta gero berriz ere ateratzeko; a zer nolako erreztasunak eskaitzen dizkiguten gure jauntxoek, eh!. Honek ere Udaletxea gogorarazten dit; joan behar izan dudan aldietan modu txar eta desatseginetan ibili behar izan dut sartzeko eta ateratzeko nire burua besteren eskutan utziz (hori ez da inoren gogoko platera); Ah, baina hori ball: inoiz ez da suertatu handik Chourraut, Alfredo Jaime, edota konpainia esku bat botatzeko... A zer exenplua, eh! Bejondaiela, eta nire esker onaren zain behintzat ez daudela!
Ordubiak laurden gutxi dira eta ordubietarako lanera joan behar dut Gonzalez Tablas kalean ez dagoen Hezitzaileen Eskolara. Abiatu naiz eta berriro euria, lehengo jokamolde berbera egin behar. Kalez kale ari naiz eragozpenak gainditzen, baina haizea areagotzen du eta euria trinkoagotzen; hotz «gozoa» dago. Bustitzen hasi naiz oin eta belaunen aldetik. Haize mina da bazter guztietatik jotzen nauelarik. Nekez kontrola dezaket euritakoa; batzuetan deskolokatzen dit, besteetan iztultzen dit alderantziz uzten didalarik berarekin puskatzeko daraman arrisku osoarekin. Nire «ontto» azpitik oso gutxi ikusten dut, guztiz erne ibili behar dut eta batez ere kale-gurutze guztietan tinko begiratu behar diet gidarien begiei harrapa ez nazaten, horiek begiak alde bakar batera zuzentzen bait dituzte eskuarki, lehentasuna ez duten aldera hain zuzen ere, bestera ez, eta hori arriskutsua da oso oinkari eta gurdixkalariontzat, jakina.
Jadanik Gonzalez Tablasen naiz onik larrialdi eta estutasun ugari igarotakoan. Azken arazotxo bat daukat, ohizkoa dagoeneko, espaloi ekidiezina alegia, gero badago aldats egoki bat, baina espaloia...
Klaseak emana naiz, arratsaldeko seiak dira eta bada ezpada ere atera baino lehen, pixarreka bat egingo dut orain ahal dudalarik, bestela gero behar izatekoan... akau!. Ah!, eta kakalarria eduki ezkero gureak egin du; edo jasan egin behar da, edota etxera joan behar duzu, Iruñea osoan leku egoki bakar bat ere ez bait dakit ezagutzen ote dudan nik...
Espaloian naiz, eguraldia beretsua dago, berriz arazo berbera, laguntza eskatzen dut jadanik «N»garren aldiz. Elbarrien koordinakundean hilera dugu eta pardojikoa badirudi ere sarrera egokitu gabe dauka eta oso traketsa da. Zertarako esan laguntza ezinbestekoa dudala sartzeko eta ateratzeko?.
Gero Zaldiko Maldikon hitzaldi bat entzun nahi baldin badut, ba beste horrenbeste eta gainera horko koska erraldoia eta superlatiboa denaren areagotzailearekin.
Eta honenbeste oztopo pairatu behar izanda ere ez dira faltatzen honako loretxo hauek botatzen dizkidatenak: «Zein ongi, eh!, nahi duzun bezala, ezta?», «Fitipaldi bat bezala ikusi zaitut!».
Azkenik, plana ateratzen bazait Golem zinetokira joango naiz hamar t'erdietako saiora eta hor zorionez (eskerrak infernuari eta zeruari!) ez dut eragozpenik.
...Gainerako zinetokietako nagusiek gizalegez jokatu nahi baldin badute imita diezaietela!; hala bedi!. Inor baldin bada sinisten ez duenik honenbesteko mugidarik dudanik ostegun arrunt batetan jarrai nazala eta bide batez lagun diezadala. Orduan frogatu ahalko du zeinen den nekeza, arriskutsua eta gogaikarria.
Hemen ez dut aipatu baina, bakarrik bizi naizen ezkero, ileapaindegira, okindegira, musika dendetara, jaki dendetara, eta abar guzietara ere tokatzen zait joatea, baina adimen nahikokotzat jotzen zaituztedanez gero zuei utziko dizuet pentsa dezazue nola moldatzen naizen leku guzti horietan.
Ah!, eta inork pentsatzen baldin badu ea zergatik ez ote ditugun erabiltzen hiri-garraioak, izan dezala bi hatzetako kopeta eta jakin dezala, orain arte behinik behin, gure agintari guztiz eta txit «goraipagarriek» nahi izan ez dutelako izan dela.
Beno, ba, bai... onartu behar dut... uste dut dagoeneko denok asmatua izanen duzuela, ni kale-tik gurdixka «superlektroniko» batez ibiltzen naizela, eta hori ia ia guretzat bizi erdia dela nahiz eta zorioneko IRUÑEA honetan hori ulertzeko eta aterabideak bilatzeko gai ez den agintari gibelaundi ugari izan.
Hortaz, ni bezalako bat ikusten baldin baduzue, (egunen batez agian hiri zuzen eta justu izango den Iruñea honetan) inork ez dezala pentsa «gaixoa» edota «gizarajoa», ez eta inertziaz ere, baizik eta, hobe pentsa dezala: «gaizki-jaioak» eta «lotsagabeak» gertaera horien erantzunkizun-dunak!.
Eta hona hemen azken dema:
NI GURDIXKAZ, ZUEK (Urralburu, Chourraut, Alfredo Jaime, Aizpun, Del Burgo,...) ZERGATIK EZ?.
|