Hirian arrastuz
Horbel
Mudurri arrastu eginen haiz
hiriko ormen artean,
argirudi gabeko,
misteriorik gabeko
hiri honetan.
Hire aurrean, atari ilunek
opaku eginen diate,
han hemenka,
kaleetako urdin zaharrakitua.
Gauaren lanintzak harrapatuko hau
mamu uher itzurti bilakatuz,
ataritik atari,
itzalpetik itzalpe.
Azkenean,
azken atariren batean,
zoko-urrin batek abegi eginen dik,
hiriko egun hauskararen ilunaldean,
hatsaren gainean jarrita,
hausnarrari ekin hakion.
Baina ez pentsa:
ez argi ñabarrik, ez misteriorik ere,
ez duk izanen hiri honetan...
Hiriaren laino uherra,
hiriko kaleak, atari ilunak,
hi heu, itzurti hori,
arrastuz joanen zarete
bertzerik gabe.
|