L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-12. Alea jacta est (1989-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Parrez dago hiri zaharra

 

Rafael Ezeiza Oiarzabal

 

begira egunen joan etorria

haranean eserita

eztulka noizbehinka

ai haize madarikatua!

paradisua batzutan

infernua bestetan

 

ez du kupidarik

lainoak estaltzen duenean

morroiaren bizitza

ez da Londres

ez da New York

ez da erokeria egia baizik

parrez dago hiri zaharra

 

hibaian garbitzen du aurpegia

neuk ikusi dut gaur goizean

ai ze zerrikeria!

ez du lotsik azaltzen

parrez dago hiri zaharra

 

inurriak dabiltza etxez etxe

tabernaz taberna

eztarria lehorturik

egarri bizi bat asetu nahian

parrez dago hiri zaharra

 

ez dago kolore atseginik

haurtxo horren begietan

ai ikusten ez badu loreren bat!

oihana zabal hontan

ez dago eskubiderik

parrez dago hiri zaharra

 

baratzak museoak dira

lorategiak plastikozkoak

eta ekuazioak diote

denbora urrea dela

horregatik parrez dago hiri zaharra

 

etxetxoriak dira goizeko izarlokak

egunero etortzen direnak

ez dakit ze nolako ametsak hornitzera

bitartean parrez dago hiri zaharra

 

lurra du maite

batzutan ez hainbeste

biluzik arimaren hutsunea azalduz

parrez dago hiri zaharra.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.