L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-12. Alea jacta est (1989-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

«Katu eraldatua»

 

Xanti Begiristain Madotz

 

Goiz eder eta eguzkitsu batean herri txiki eta polit batera katakume lirain bat iritsi zen.

        Katu gazte hau ez zen beste guztiak bezalakoa ez, arraruagoa zen, baina ez gaizki ulertu, arraruagoa zen baina hitzaren zentzu onean, alegia, katu panpots hau ile luze eta argiduna zen, motoa ilun luzexka batzu zituen gorputz osotik barreiaturik, eta abar. Hitz batez, inoiz ikusi ez duzuen bezalako katutxo, zorogarri bat zen.

        Herrixka horretan, bat batean agertu zen, inortxok ere ez dakien baztertxoren batetik azaldu ere.

        Hala bada, herriko neskato-mutiko guztiek berehala agerian utzi zuten beren poza, eta harrera ona eman ziotelarik berarekin hasi ziren jolasean eta jostaketan aida batean posez gainezka. Eguraldiak, ere horretara gonbidatzen zuen.

        Katutxoa nora, gaztetxo guztiak hara arrapaladan oihu eta garraisi alaiez.

        Gora eta behera, haruntz eta honuntz ibili ondoren, non sartzen den supituko katutxo miresgarria aska haundi batean. Haurtxo eta gaztetxo guztiek barrez hartu zuten hasiera batean katuñoaren ekintza hau, baina zein ez zen izango beraien harridura ikusi zutenean katu gaztetxoa igeri egin eta atera beharrean, han zihoala hondora eta ez zela ateratzen. Osterantzean, ez ateratzeaz gain hantxe hasi zen ura borborka iresten, gorputz osoa irauliz, eta koitatua, larri eta estu, hil hala biziko egorera ikaragarri batean. Baina katutxoak, inondik inora ere ez zuen igeriketan seinalerik txikienik ere egiten, eta han zerraien larritasun hartan itto beharrean.

        Gaztetxo guztiak berehala konturatu ziren han zerbait arraru eta eznormala gertatzen zenaz. Zur eta lur zeuden giza-gaixo guztiak ezintasun horren aurrean zer eginik ez zekitelarik, ez bait zen bat ere normala katutxo batek horrela erreakzionatzea, ezen izadiak betidanik eman bait die animalia guztiei halako dohain berezi bat zeinaren bitartez txiki-txikitatik jakin ohi bait dute igeritan edozein arriskuren aurrean beren burua defenditu ahal izateko, baina gure katutxo agertu berriak momentu batetan ere ez zuen halako senik erakutsi.

        Hori dela eta gure herriko gaztetxo guztiak sor eta lor zerraiten eta guztiz asaldaturik.

        Azkenik norbaitek ideiaren bat izan zuen eta pertsona helduren bateonbati laguntza eskatzea erabaki zuen. Hala bada, Yeniferren aitak berehalako batean lortu zuen azkenekoetan zegoen katutxoa bizirik ateratzea. Katuño gaixoa sabela urez erabat beterik zuena lehertu beharrean eta erdi hilik zegoen.

        Hala ta guztiz ere, ia-ia inork espero ez zuenean hasi zen ura oka egiten, eta pixkanaka-pixkanaka, minutu batzu iraganda irentsitako ur guztia kanporatzea lortu zuen.

        Bere laguntxoek, nola ez, alaitasun eta algara haundiz hartu zuten gertakari hau, eta handik minutu batzutara, gure katutxoa berriz ere bere onera itzuli zenean, hantxe ari ziren guztiak animalitxoa zein pertsona gaztetxo oro jotake jostaketa bizian.

        Baina, nola...? Ez!, berriz ere ez, otoi!

        Ba, bai!. Gure gaztetxoen zoritxarrerako katutxoa han zebilen berriro ere murgildurik, begiak farolak bezala irekita, dzanga-dzanga ura irentsiz eta bere burua salbatzeko inolako mugimendu egokirik egiten ez zuela.

        Oraingoan ere herriko pertsona helduek atera zuten askatik, baina zorigaitzez aldi honetan beranduegi izan zen eta katutxo koitaduak ezin jasan izan zuen hainbeste ur jarraian. Begiak zabalik, sabela ardo zato bat beterik bezain puzturik, eta hankak ta isatsa luze-luze geratu zitzaizkion.

        Ostera, handik gutxira katutxo bitxi honen gertaera harrigarriaren berri izan bezain laster herriko alkatea interesatu egin zen bere osotasunean misterioaren arrazoia desestaltze arren. Katua zegoen bezala jaso eta bere kotxean bertan ahalik eta azkarren, bat ere denborarik galdu gabe hiriburuko unibertsitatera eramaten saiatu zen. Han, zientzilaririk ospetusuenen eskutan utsi zuen berebiziko arretaz arakatu eta iker zezaten. Zientzigizonek onartu egin zuten proposamena.

        Herriko alkatea, ikerketaren emaitzak noiz aterako irrika biziaz itzuli zen bere etxera. Herritarrei ere sarri eman zien jazotakoaren berri.

        Handik hamabost egunetara jakin ahal izan ziren ikerkuntzaren ondorioak:

        «Katutxoaren garuneko zelula sentiberek, munduan dauden hainbat eta hainbat erradioaktibitate, ke zikin, aire-ur-lur eta abarren eraginak pairatu ondoren, beren barne egituran eta konstituzioan eraldaketa nabarmenak gauzatu dira, eta konglomeratu guzti honek, katubelaunaldi batzuren buruan, gure katutxoaren ur aurreko superbizipenaren senaren zentzua desagerazteraino bultzatu du; horixe izan da hain zuzen ere katuaren uraren aurrean jokamoldearen zioa; igeriketa defentsa sena galdu du eta horrekin batera bere bizia».

        Atera ezazue hortik ikasbidea...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.