L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Nigar egiten dut zutaz

 

Etien Salaberri

 

Nehor ez baita zutaz orhoitzen,

Nehor ez baita zutaz urrikaltzen,

baitzira, iduri piltzar, bazterrerat utzia,

lehengo lehengoen orhoitzapen, bide, irringarri bitzia,

trufatua,

ostikatua,

zangopilatua,

bai Ipar aldetik,

bai Hego gunetik,

koropiloak ongi tinkatzeko galdegiten baititu biga,

estekan emana, eta estegailua, indarra indartei, ezin higa...

hala eramaiten dute zamari basa merkaturat, soka labur,

heia odolean kexua ez zaionetz iratzartuko beldur,

 

aberatsek, ikusi orduko dirdir urhea, uzten baitzituzte

                 bazterrerat,

berdin egin zukeen ohi Judasek Jesus Jaunaren alderat;

 

erromesak baitoatzi bizi hobearen bilha, norat nahi

                 lasterka,

atsegabetik atsegaberat, mando ederretik asto txarrerat,

                 asto txarretik lur idorrerat eroriko baitira,

                 zorigaitzez, trumilka,

 

baitira etxeak suntsitu,

irrintzinak gauaz ixildu,

ez baitio haurrak, hastearekin xoxoak hixtuz, emanen beharri,

ez eta xaharrak, dena keinu trebe, musean hasiko sarri,

jantzatik geldituko baita banderaren hegala,

abarrez abar eiharturik eroriko baita mendiko errege arbola,

 

nigar egiten dut zutaz, Eskual Herria:

 

ene haur bihotzaren gainean dorpe dago zure hil harria...

 

Bainan ez, lagunak,

bainan ez, haurrideak,

ez izan ahalge,

ez izan herabe

 

ithoko du gaua iguzkiak,

 

hostatuko dira zazpi erroz lotu Eskualdun mende berriak.

 

        Heletan sortu zen Etien Salaberri apeza arras ezagutua zen bere Herria-ko asteko kroniken bidez («so egilea» izenpetu artikuluak eta frantsesezko lanak, «la Tribune du Prisonnier» edo «Pointes Seches»)

        39-45.eko gerlak eta bare orduko kartzelan, «stalag»ean ereman biziak barna hunkitu zuen eta beti Europa berria eta bakea bila zabilan.

        Filosofia irakasle luzaz egon da Villa Pia ikastetxean eta bere azken egunetan ezin idatziz eta gaizkiturik bere buruaz beste egin du.

        Herriko euskara garbian obra gaitza publikatu du eta haren irakurtzea guzientzat aberasgarri izanen da.

        Hemen dugu bere herriarekin zituen maitasunezko hatzen ezaugarri bat, hunkigarnia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.