Zail dira usantzak
Itxaro Borda
Mattin, ez zaituztete, Xalbador zena bezainbat ohoratu. Urepeleko artzainaz mintzatzean baizik ez dira zutaz gogoratzen... Egiaz, ehorzketa ederrak, hunkigarriak egin zizkizueten, baina geroztik arras gutik moldatu dizkizu bertsoak zure auspez. Artikuluak ere hurri-hurriak agertu ziren; gertakariaren inguruan zabiltzanetarik bazter : ezer... Eta ni, berdin ixildu naiz ... Zure orroitzapena bera nere hitz soberakinez ilundu beldurrez...
Mattin zu zinen Xalbador zen tesisaren antitesisa.
Zioten hura poeta zela, eta hala zitakeen; nik diot gaurgoitik zu zinela egiazko bertsolaria. Paper xuri errezetan baino, Hitza ahozkatu nahiago baitzinuen. Ni ere, Mattin, zorigaitzez lumadun horiek enganatu naute...
Bazinakien hitz bakoitzaren musika fisiologikoa, haren neurri bakuna; bazinakien mainkuka zabilkeela eta batzutan zango mila behar zituela, berme zutik egoiteko. Ikasi zinuen pikoka, pikatzen, erdizka bat ebatsi ondoan pika egiten. Bai, eta hau asko da!
Gure mendeko hitz jario epel debaldean, Hitza aire minka batez zuhurtu, berpiztu duzu... Hitza jadanik emendatzen baitaukute huts sakon nagiaren itzaltzeko. Ez ote zinen hutsaren beldur?
Herri serioegi hontako larretan, ironiaren sorbatza zorrozturik erabili zinuen. Irriak, gaiak bestelakatzen ditu, erlatibizatzen hein batean. Xalbadorren atsoluto beharra, gure arauaz trenkatzen zinuen Mattin...
Arren Mattin zure arpegiaren beroa gogoan hitz alfer gehiegi idatzirik, eta herri honen latza edanaren zorabian hiltzeko, baso bat ardo gozo hartuko dut.
Zail dira usantzak ahanzten...
1981eko ekainan
|