L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Dartemalda

 

Eñaut Etxamendi

 

Muñho pollit bat zen, biribil eta gorrail matela goihena xuhail lepondo bat bezala, eta goizerri aldetik oihana besape bat bezala, oixe andere-bular legun kuttuna! Mendebaletik soegin eta Pagaltzetan zuen goi-laurdena, arpegi irritsu emazte ozena! Sortaldetik begira, Oriune beltzaren pagadoi urruna, zer izarbel gau-birjina!

        Astoen saroa. Otarra. Beste mendietarik berex bera —Dartemalda— beherago erreka ... Behobiko erreka, lamina gau-latsarien erreka. Ixterrak galtzen zitzaizkon zirritu meni latzaren potzazpitan. Zirritu izigarria, patarra pataitz pendoitz erroitz bihotz-zirriztazalea: gauaz neguetan elur-lurtak lerran zirriztaka gure etxea ikararaziz hantikan lerratzen ziren ortzantz burrunbetan, bideak erauziz, arkaitzak hautsiz eta loa kenduz guri eta abere orori. Zirritu buru zuta, iruzkiari begira Dartemaldaren altzoan jarrita.

        Han baziren, inguruko mendietan, hamalau etxe, hetan gurea. Etxe hetako astoak Iibratzen zirelarik beti Dartemaldarat johaki ziren. Jendek zioten «Zerbait hunik badikexi muñho hortako bazkak... asto horiek beti horrarat juaiteko!» Nik aspaldian banakien bai zertako horrat zohatzin, banakien astoak sentimentalak zirela. Elgarrekin nahi zutela egon banakien. Elgarren usain gozoa maite zutela. Elizarako bidetik elizarat juaitean beti ikusten nituen astoak han elgarren ondoan alhan. Eta gure astoak gurekin elizarat juaitean, mendi-bideko azken bihurgunean, Urinaizeko-bixkarrean, Dartemaldari azken behakoa egin ditakeen gunean, orroa nigartsu bat egiten zuen... Hantikan bestiek burua altxatu eta behatzen guri... eta orrua bedera egiten! Gero buztanak dantzatuz inguruka eta ausikika elgarri (alegia), hain ziren kontent elizarat —hek— ez juaiteaz. Nahiago zuten bai ifernuko zorigaitzez eta mundu bekatoros ustel eta nigarrez bete huntaz mintzatzen entzun baino, Ugarreko oihanetik heldu zen hegoaren kantua... Ipurdiak altxatzen zituzten putinka beste beheiti johaki zohan horrek egin bihotz-ximikoaren ahanzteko, iduri baitzuten ziotela «Kaka dela ta pitokeria horien guzien!» Gaizo astoak! Zer asto alegerak! Bazakiten bai bizitzen!

        Beste abere kunde guziek beren etxetan multzo bat badira betartekoz, elgarren usaina beti ihesten dute. Astoa aldiz bat bakarrik etxe 'bakotxean, eta oraino behiek adarka ez derabilatelarik arduregi barruki zokoan . Beraz gure astoek Dartemalda zuten beren bilkia, atzokia edo... eliza?

        Bidean gure astoak usnatzen zuelarik beste batek busti lekua, izterrak zabaltzen zituen ere sudur mizpirak ikaratuz plazerrez, Dartemaldako ote-lore horiñoak begitaratzen baitzizkion... Hango basa-xarpotaren usaina! Eta ottiek nola kantu egiten zuten sekulan gelditu gabe! Iratze-xoriak baso-dantzetan nola artzen ziren Iratze-kaskotan! Mentaberriko pentze hegitik beleak filosofian zaudela eta Gaztanziloko oihanean uzkinazoak kataskan.

        Heldu zenean maiatza? Hori bizitzaren ardatza! Ilarrearen lore urdina, urtzabelarraren horia! leizor-liliak aharrosiz sabel hutsak bezala, eta amulagukulak bihiz loditurik! Axeria xaringaz gauak gauari kallaka, bere emea Ugarreko harpean umeen zain dagoela-eta... gure astoari errainetan zirrizta bat heldu zitzakon! Hango ihauteriak! Dartemaldaren dantza-soinu oiharzuna! Zer kalapitak! Zer aharrak? Arrak, arrak... odola erakitan. Zankarrots eta arrabots, ausik putar ostiko jauzi eroriko eta punpe! Eta emeak... begi eztiak, gorde gabe baiderasate galdea! Zirritu elur-lurteetan bezain susper zen orduan astoa.

        Gaizo astoa.

        — Juan beha'uk astoka, bihar mezarat juaiteko behar diat ezpeiniz soberaik untsa.

        Ande vas astotto?

        Bidez-bide Dartemaldarat. Baziren bi bide. Bat Tellitartetik: elhorri xurizko brostak tinki-tinki bi aldetarik. Han xoxo-kabiak eta pika-kabiak izaiten ziren kukua Lopebeltz-azpitik kantuz ari den denboran . Beste bidea Sauseko-Peko-Bixkarretik: gaztaiña-pez. Zuhaitz haundien matxarde goretan bele kabiak. Ez dakit nola juan zaukun haur-denbora!

        Gaztaiña ondoaren kaskorat-eta, bihotz pil-pil, sogiten nuen Baxa-Xaharre alderat: Indartia, Arrosagaraia, Muñhoñoenia... iruzkitan. Hego-alde mendi gorarat behatu eta han beste etxe batean —ez duzu jakinen izena— baziren ene lagunak bi nexka... Astoka ere elgarrekin gertatu gira. Sorhopilan jarri eta mendi urdineri begira, oihan urrunekoak amentsen kofesategi ilunak. Haien zaiazpiko hegiek urriko bas-onjoen oxkarra arinak eta kamomilaren usain sorginak!

        Uda jin zen eta ama eritu. Gelditzeko bezperan manatu zautan zerriatheka baten hestea Gehezipetako hesian. Ari nintzalarik zerbait jin zen. Kexatu. Ezbainuen manera haundirik... Ikusten dut oraino haren beso eria aizkoraz hesolari emaiten jo... (hautsirik eta barnez itze batez apaindurik zuen besoa, makur. Hortarik gaizkondurik juan beharra zen).

        Biharamunean ohetik: «Xaxi astoka, medikurat behar txit...» Dartemaldako bidean,~suge-Ii!i haundiak loretan, leizor iletsuak heien bisitan. Ikusten nituen primaderako xoxo-kabiak hesian, hutsak. Oihanean etzen ari kantuz kukurik. Bortuko bide-juntan, kamomila usaindunen gunean, gelditu eta artzain bideari so: bide hori trixte zitzautan, oihanak arrotz... Halere beharritaratzen zitzaiztan ene bi lagunen irriak eta abotsak.

        Negua jin zen. Bost hilabete eritegian egonik ama etxeratu zaukuten... ez sendaturik.

        Amaren astoa zahartua zen. Elurra jin zen. Axuriak Donianerat ereman behar. Oherat intzuten gintuen axurimarrakak goizalderat, argitu baino lehen, gizonek arteitik ekartzean ezkaratzerat. Eta ezkaratzean astoa pildaturik saskitxatik belarraren jaten krau krau krau... Axuriak kargatzen ziren zaku-alfortxetan eta astoa bazohan elurrean begia lerin, beharriak akituak, aita gibeletik. Peko-Bixkarreko bide-juntan astoak so bat egin zakon Dartemaldako xendrari: laharrak elurrez kargaturik dilindan zauden eta xendra doi-doia zen ezaguna. Oro ixilik. Astoa eta alta itzali ziren Gaztainzilon behera...

        Telegrama igorri zautaten eskolarat: ama hil zela. Urtarrileko iruzkiaren distira hotza! Gauaz autoan etxerat ekartzen nindutelarik geldi-arazi nuen Dartemaldako bide-juntan. Han, lehenago, gau elurtsu batez, ni eri astoan, eta ama gazte eta eder zelarik bainan akitu lehertua, etzan egin zen elurrean... Nun ziren orai bele-kabiak eta kuku-kantuak?

        Bi anaia johanik Ameriketarat, aita etxean hiru gazteenekilan zagon. Urte batzu juan ziren. Euskal Herritik urrun nintzan. Letrak segitzen zauztaten arrebek. «Gu arras untsa gituk. Fontsian, dakikan bezala. Astua hil duk... Aitak behiak buztartu-ta tiratu dik Arteko-pentzeko oihanerat. Han zilua inik ehortzi dik arranoek etzezaten jan...............»

        Bi arrebak gero Californiarat juan ziren.

        Anaia gaztena soldado.

        Afrikarat hunek igorri zautan letra hau

        «Gaur, igandia, etxerat jin nuk aita bera delakotz. Ollaskua in diakoat. Alta atsaldian I.....rat juan duk: hobe'ik han hemen bakarrik bano. Juan nizalaik etxetik etxia gakoturik, Zuhar-Matzardiain ondotik, Dartemaldako parretik etxiari so'in diakoat azken aldi batez: xakurra hasi duk lepua luzaturik etxa giiletik hurubiaz. Gue etxiak, han bera, hutsik, iduri zikan xori-kafia zahar bat abandonatuik. Baakik Eñaut lehen larrazkenian Dartemaldako bideko bele-kafia huts hek?... Han ere lehenoo irri, bero eta goxo izan zukan, ta uai...»

 

* * *

 

        Anaia hori ere Ameriketarat juan zen.

        Afrikatik jin nintzelarik, Donianen adixkide bati erran nakon: «Heldu hiza enekilan? Sortetxearen ikusterat banoak»

        Aita etzen etxean bizi. Arrotz batzu han egonki (bono, Goizuetakoak). Joan ginen Iehenik alor eta pentzeen ikusterat. Belarrak eta liliek lehenagoko usain bera zuten. Gero oihanen ikertzerat. Ainitz zuhaitz ezagutzen nituen oraino, bainan beste asko ez-ezagunak, ni juanez geroztik larrituak. Gero juan nintzan eliza-biderat: haltzak eta otsa-Iaharrak jinak bidexka pollitean. Hargatik peldo eta asta-belarren usaina lehengoa zen. Errekaren azantza ere bai. Harri urdin izerdiz ihinztuak ere bai. Bainan eskola nimiñoa , peña ondoan hamalau etxetako gizonek egina, hantxet, hutsik eta ixilik... Gure larrazkenetako bas-onjo azpi-oxkarratuak galduak. Enakon ez holako sekreturik salatzen lagunari!

        Gero juan ginen gure etxeko mendirat, Azkondegiko zokorat, HarriHaundirat, Gaztain-Pentzerat, Liska-Zahalerat, Behor-Xilorat, Zorrozt-Harriaitarat... Eta lagunari erran

        — Begira, nik hemen iragana diat haur-denbora. Hemen gaindi ibiltzen gintioan behika ta ardika harmonika bat beti gurekin...

        — Eztuk behar izarkirik diren gauza horiek berpiztu! Sofrituko duk geihegi. Nik erranik jakizak: utzak iragan denbora hori edo erituko haiz...

        Etxerakoan, gogoa eri eta bihotza hebaindurik erran nakon:

        — Ago, behar diat oraino Dartemaldarat joan... Eztakik ez hori zer den. Ezteat erranen ere.

        Artzain-bide juntako kamomila lekuan... Oihan urrunekoek gure lehengo sekretu xoragarriak berekin zauzkaten. Elorri-xurietan barna mila pasioneren daldaran nindohan. Elhorriek egiten zauztaten zarramaskien odolak nolako gustu goxoa zaukan! Begiak zerbaitek itsutzen bezala zauztan... Heldu nahi nuen delako muñho neska-bular polliterat.

        Astorik etzen...

        Lopebeltzerat sogin eta hango ardiak, behorrak eta zinur-oskiak ere arrotz.

        Sogin nuen Harri-Kotorretako maldarat: auto bat goiti bazoan bere tarranta irringarriarekin...

        Bainan? Otar malda hartan ikusten dut asto bat. Bat bakarrik. Lehengo ihauteriak hegoan...?

        Jarririk Dartemaldako Marrean astoari so...

        Etxeratu eta, gaua.

        Jarri nintzan zoko batean, oro lokartu zirelarik, paperrarekin eta arkatzarekilan eta hasi:

 

                Tiki-taka, tiki-taka

                Ibilki da astottua goizik....

 

        Zenbat nigar musika nola batean...

1981

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.