L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Steinbeck

Itxaro Borda

 

Lenny gizon azkarrak bazuen Steinbeck deitu sagu zuriarentzat ahul bat, galgarria. Ez zen gogoratzen nondik zetorkien sagutxo hori. Dena dela Cannery Row'ko bizitzaleek ez zuten hain ongi konprenitzen Lenny gaizoaren egoera: «sagu bat adiskide? ez ote daki engoitik, abere zantar horiek izurritea dakarkiguketela!» Halarik ere, Lenny'k Steinbeck egiazko laguna zuen, bere burua bakartiegi senditzen zuelarik, belaun bien gainean harturik, saguaren larru gozoa samurkiro ferekatzen pasatzen zuen denbora. Jane, maite izan zuen lehen ohaideari amestuz, noski... Bizia horrela bazoan; Steinbeck'ek maitasun mugagabeko horren truk konpainia fidela ematen zion Lenny'ri: denetan segitzen zuen bere itzala bezala. Zinez zakur umil bat zirudien.. Ordea, Cannery Row'ko bizitzaleek ez zuten Lenny'ren Edenaren haraindiari sudurrik sartzen. Halere, deusik aipatu gabe, beldur ziren egun batez zerbait gaitzik gerta zitzaion. Baina ez menturatzen erratera!

        Eta bizia horrela bazoan. Lenny'k Steinbeck sagua berarekin eramaten zuen Salinas'eko lanlekura; Salinas'en baitzagon T.I.Corp.*'aren Californiako lantegia...

        Alabaina, bizia honela...

        Asteazken goiz bat zitakeen. Lenny'k iratzartzean, bere gala sakatrapuan, ohe deseginaren aintzinean, tente, zutik, ikusi zuen Steinbeck miletan handitua. «Bezperan xurikaziz edo bebi sobera edan dudalako» pentsatzen zuen. Baina Steinbeck'ek amorru bizian oihuz zarraikan salbaiki; Lenny beldurtua harat honaraka mamuak uzten zion eremu hertsian, zerbait gertatuko zitzaionez galdeka, eta harma eskuratu nahian. Ohartu zen giza gaixoa, Steinbeck'ek harma puskatua ziola eta etxeko erreztasunekin berdin egin zuela... Mogimendu bat bultzatu arren, Lenny Steinbeck'en beso zanga emendatuen artera erori zen. Saguak, ahotik tu irakina zaniola, Lenny urkatu zuen.

        Steinbeck, gorputza hilotz begiztatu zuenean eta zueneko, sagu neurri normaleratu zen. Konturatu zen azkenean, nolako izigarrikeria obratu zuen: maixua hil! Hau baino gehiago izan gogoz edo... Non aurkitu zuen hortaratzeko indarra?

        Cannery Row'ko bizitzaleek Lennyren hil berria jakitean zioten: «Ah! Baginakien zerbait gertatuko zela!»

 

 

Egun hartarik aintzina Steinbeck ez zen Lenny'ren etxean, argian, bizitzera ausartatzen: saguzilo urrintsu ohizkoetan zagon, bere pena ezin jasanez, eta ezin gaindituz. Bakar-bakarrik zen. FBI'ko polizmanek inkesta nagi bat zarraikaten ez baitzuten autolisisaren tesisa izpirik ere sinesten. Canneny Row'ko bizitzaleek ixilik zirauten...

        Halatan, alba gorritsu batean, maiatz ondarrean uste dut, Steinbeck'ek erabaki zuen, Lenny'k sagu beltz arruntentzat zaukan gasna zitaldun haren jatea. Bere gorputza, larrua, menbroak, emeki emeki gogortzen senditu zituen. Eta Steinbeck, damuz eta doluz hil zen.

        Bakartasun pizuegiak hil dezakeen bezala...

        Cannery Row'en, jende normalak baizik ez ziren gelditzen. Kezkati, zioten: «saguen eta gizonen arteko auziak ez dira errez trenkatzen...»

 

 

* TI Corp: Texas Instrument Corporation.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.