L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Veuve Cliquot

Itxaro Borda

 

Hooligan Bar'aren atarrian nago. Txanpaina txistu bat eskatu dut zerbitzariari: «Veuve Cliquot, otoi!». Jendea, bere eguneroko ibilera astun eta nardatu nekatsuan iragaiten da. Irriz ari naiz. Horren beste arpegi desberdin; ez diet kasurik egiten. Bar honen bisian bisean, Hudson ibaia emeki doa ohidurak zilatu bidean, nehori deusik galdegin gabe.

        To, hor gizon lasai, aferagile-money maker (bizneza baakizu!) bat ikusten dut. Ataxekeizaren zilarrezko parteak, eguzkiaren arraio-klixketan dirdir ari dira. Bai. Bill izena duela sumatzen dut, behar bada oker nabil; eta zer? emazte rubia fidel bat baduke (bere berea...), bi edo hiru haur publizkul famatuenetan dabiltzanak eta, cadillac-all automatic bat txofer atxiki batekin... Orain, ordea, oinhutsik badoa.

        Bill hau segituko dut beraz. Nere krokodil larruzko esku zakuan Colt 45'aren gogortasun beltza senditzen dut. Segurtatua naiz. Tresna beldurgarri honek laguntzen nau, nere sabeleko desir salbai eta morbidoak egiztatu behar ditudanean. Nik, Gloretta Plynn, deitzen nituen John, Jerry, Paul, Franck, Fitzgerald, Richard eta Martin, gorputz utzi nituen hiri hontako karrika zikin zirringatsuetan... Polizarekin jostatzen naiz... Beti manera berean. Ez naukete errez harrapatuko, ni hain eri lanjerosa, emaztea izan arren, FBIko buruzagietarik bat naizelakoan. Behar bada, egun batez, neronek hedatu sareetara eroriko naiz. Nork daki...

        Zutitzen naiz, kondua pagatu ondoan Bill horren segitzeko. Bill ez da deusetaz ohartzen. Egiten ditudan eztul zaratek ere, ez diote burua itzul arazten. Oh, nolako perfumea! Pederasta ote? Harma ferekatzen dut. Lirudike nik nahi dudan lekura doala. Harlemeko karrika hertsi heze eta ilun batean galtzen da. Nik, dut haren burumuinari manatzen, berea huts baitu.

        Ate gorde baten itzalean gordetzen da, goizean lankide bati ebatsi dizkion dolarren kondatzeko. Orduan agertzen naiz, harma esku eskuinean eta krokodil larruzko zakua ezkerrean. Diot: «Eupa Bill! Azkena duzu. Ez dut zure dirua nahi; atseginez hiltzen dut. Biluz zaite eta... nezazu!» Bill, herabeak hartzen du; paltoa, korbata, atorra, larrusekoa eta besteak kentzen ditu, ikaran. Heriotz hazardun baten aintzinean gizona: irrigai «Aski! Uste duzu horrela joatera utziko zaitudala!» Hormari itzultzea ordenatzen diot eta bizkarrez delarik bihotz aldeko eremuetan bi bala sartzen dizkiot. Karrikako jende axolagabeak ez ditu silenzieu batekin tiratu kolpeak enizun. Orain ontsa senditzen naiz. Eupa Bill; aztalaz, buruz gora ematen dut haren gorputz biluzia. Colt 45'a nere krokodil larruzko zakuan ezartzen dut, krimaren obratzen nauzkan eskularru beltzak ere...

        Eta, deusik ez balitz bezala, Harleem'en gaindi korrika nere Hooligan Bar'eko jarlekuratzen naiz. Oren erdi baten buruan edo. Txanpaina txistu bat eskatu dut zerbitzariari: «Veuve Qiquot, otoi!»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.