L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hizkuntza eta sortzapen literarioa

Ipar Euskal Herria

 

Beltza

 

        Hizkuntzarik gabe ezin lezake idazleak deus ere sor. Aho hizkuntza, besterik gabe erabiltzen da; eda iduri liteke idazteko beharrezko bitarte bakarrak direla aiseki ikas daitezkeen irakurketa eta idazketa. Baina ez da holan: egia erraiteko, hizkuntzaren erabiltzea ez da gauza hobengabea.

        Textoa idazterakoan, idazleak gai ainitz nahastekatzen du bere inspirazioaren labean. Han kausitzen da haren hizkuntzak duen nazione edo komunitatearen egoera; bai eta ere komunitate hontako talde eta sozial klaseen mintzaira bereziak, eta mintzaira berezi horien erabiltzeak suposatzen dituen kausak eta ondorioak. Gainera, idazleari inposatzen zaizkio hizkuntzak berak bere muinetan daramatzan balore eta tabuak. Eta idazketa komunikazio nahikundea denez gero, idazleak besteekiko dituen eta ukan nahi dituen harremanek zerbait eginen diote ere.

        Hortaz ez da beti ohartua idazlea. Hizkuntzak behikulatzen dituen erran nahiak ez dira osoki konstzienteak; alderantziz, idazleak idatz lezake erran nahi ez zuena, eta haren textoek irakurleari idekitzen dizkiote egileak berak somatzen ez zituen errannahi eta interpretapenak.

        Idazketaren konplexitatearen gaineko ikusketa hau bururatzeko, dezagun aipa eragipenen problema: idazleak ezin diezaioke bere gainean beste textoek egiten duten eragipenari ihes egin; aldiz, beste idazleenganat itzulia izanen da, irakurketen bidez bere mundua eta bere teknika aberasteko.

        Horiek hola, nabari da idazle euskaldunak zerbait sortzeko dituen ahalmenak ikertzeko bidea, aski labaintsu eta laburrezina dugula. Artikulu hontan, soziologiak eta linguistikak lagundurik abiatuko gara; idazlea, irakurlea, hizkuntza eta herria aipatuko ditugu, haien arteko harremanak argitu nahiaz. Halere, aipatutako eragipen guziak idazlearen inspirazio eta etorriaren labean dira gaigatuko, eta azken urrats honen analisia metodo eta sensibilitate bereziei dagokie.

 

 

        Herri menperatuaren egoera berezia inposatzen zaigu lehen ebidentzia bezala. Euskal Herriak ez du bere euskalduntasunari legokion estatu edo administralgorik, eta, gure gizarte hontan, honek ez du estatu gabeko gizarte dohatsua garelarik erran nahi; alderantziz, arrotzen estatu eta administralgoaren pean gertatzen gara, eta gizarte industrial modernoari dagozkion bitarte ekonomiko eta sozialak arrotz hizkuntzarekin ditugu uztartuak. Horregatik, egungo gizarte komunikabide gehienak ukatzen dizkigute, eta «mass media» direlakoek behikulatzen duten diskurtsoa arrotza zaigu ere. Edozein kontsumo, eta kultur kontsumorako ere, ederki hornitu eta apailatuak diren irrati-telebistak, kazetak, aldizkariak eta liburu best-sellerrak, euskal (euskaldun) munduaren kanpoan kausitzen dira.

        Hau dela eta, guri dagozkigun texto posible bakarrak, espektroaren bi muturretan kokatuko dira, arrotz kultura eta sasikulturaren inbasioak uzten dizkigun eremuetan.

        Hala nola, lurraren hurbil, oraino bizirik diren herri xehearen sortzapen espontaneoak: bertsolaritza, trikitrixaren koplak, eta abar. Aintzineko egitura sozialak eta haiekin dagoen euskara biziko direno, mass medien produktoak ez dira gauza izanen holako sortzapenak lekutzeko.

        Eta, beste muturrean, literatura hutsaren sortzapenak aurkituko ditugu: eIaberriak eta antzerkia, olerkiak bereziki, publiko murritz batentzat eginak.

        Halere, bi sortzapen hauk funtsezki ezberdinak dira. Eta politika aipatu behar da.

        Pairatzen dugun kinka izenda eta iker daiteke politikaz. Haren aintzinean ematen ari den arrapostua ere. Baina politikak suposatzen ditu kritika eta egoera orokorraren interpretapena. Horregatik, herri xehearen bitarte gabeko ihardespenetan politika gutti. Herriaren egoera inmediatan ez da lekurik kritika orokorrentzat: mass media erdaldunak eta euskal forma tradizionalak elkar ari dira bizitzen, biak gauza naturalak bailira; anitzetan, elkar ukatzen dira euskararen kaltetan; besteetan, euskarak inguratzen eta liseritzen ditu, bere onerako. Hein hontan, euskara maitatzeak ez du giza harreman ekonomiko eta politikoei buruzko ikuspen orokorrarik ekartzen, eta politikatik kanpoan gertatzen da usu bitarterik gabe sortzen ari den literatura herrikoia.

        Ez da berdin gertatzen kultura elaboratuaz jantzirik diren idazleengan. Komunikabideetatik at eta kultura zentroetatik urrun dagoen hizkuntza bat bere idatz hizkuntzatzat onartzeko, hauta honekin uztartu du idazleak bere herriaren egoerari buruzko interpretapen landu bat. Euskaraz aritzerakoan, herri hori salba, iraun edo bizi dadila duen nahikundea expresatu nahi du. Eta politikari loturik agertzen zaigu literatura moderna elaboratua: politikari loturik ziren idazle sotanadunak, euskaldun fededunen gaineko eliza eta notable-jaunttoen erresuma betirako begiratu nahi zuten haik; eta politikari lotuak, nahitez, egungo abertzaleak.

        Baina, politikaren gorabehera, idazleak ezin lezake nehongo gizarterik izpilatu bere gizartean hizkuntza bizirik ez balitz. Eta, zoritxarrez, egungo idazle euskalduna ez da euskaran murgildurik bizi. Hasteko, eredu literarioei dagokionez; herri ttipia gara, eta halabeharrez, nahiz menperatuak nahiz libreak bizi, beste hizkuntzetan idatziak dira (eta idazten ari dira) gure eredu literario gehienak. Holan, bere buruaren barnean etengabeko itzultze lanean dihardu idazleak, bere hizkuntza propioaren egituretan sarrarazte ko teen hizkuntzen bidez ardiestutako aberastasunak. Eta honek ez luke, berez, soberazko garrantzia, hizkuntza hartzailea hizkuntza emailea bezein trebagarri balitz ere; baina hau ez da euskararen kasua.

        Hizkuntza gizarteari loturik dago. Euskal Herrian euskara zen gizarte aintzin kapitalistaren hizkuntza bakarra; aldiz, iraultza industriala eta estatuaren ornnipresentzia gurean kokatu direnean, ez da beti izan euskararen onerako. Euskal estaturik ez dela ba dakigu, eta hau gertatzen da nahiz Iparraldean, nahiz Hegoaldean. Baina gure lurraren bi adar urratuen arteko diferentzia beste pundu batetan datza: Hegoaldean, klase hiritarrek begiratu eta errebindikatu dute ere bai euskara.

        Nahiz burgesiaren parte bat, nahiz langeliaren multzo eder bat, nahiz (eta hau kulturari doakio zuzenki) hiritar burgesia ttipia eta bere intelektualak, euskaldunak gertatu dira haien eguneroko mintzairan eta haien xede politikoetan. Laborarien hizkuntzak jarraitzen zueno, gizarte modernoa izpilatzen zuten rnintzairak ziren ageri. Hau da egungo egoera. Duda gaberik, erdara sartu da ere Hegoaldeko gizartean, eta indarren erlazioa ikusirik ez da harritzeko Hegoaldeko mintzaira hiritarra espainolez ederki kutsatuta ager dakigula. Baina honek ez dio bizitasunarik kentzen; Hegoaldean, Mendebateko gizarte hiritar industrialetan gertatzen ari diren gizarte, hizkuntz eta komunikazio fenomeno gehienak aipa eta adieraz daitezke euskaraz. Egia da ainitzetan euskaraz ez duela sortzen; noizbehinka nekez, usu errez, espainolatik datorkiona bere baitaratzen eta egokitzen du. Baina mintzaira hura euskara da, eta gizarte multzo handi batek konprenitzen ahal duen erraz erabiltzen da. Hegoaldeko gizarte industrial eta urbanoan, hirien serne alabak zilegi ainitzek erabiltzen dute euskara komunikatzeko kodigo baliogarritzat: hau dugu fenomeno nagusia itxaropenez beterik.

        Ez da berdin gertatzen Iparraldean. Beste ildotik zen abiatu hemengo bilakabide ekonomikoa, eta laborarien gizartea da lur hauetako barne egitura koherente duen multzo esukaldun bakarra. Noski, laborarien bizkarrean bizi ziren notable, apez eta mirikuak ditugu multzo honen idazle kultoak; baina nahiz eta laborariak ez izan, laborantzak sortzen dituen egituretan sartuta kontsidera ditzakegu.

        Bitartean, kostaldeko hirietan batez ere, zibilizazio berri bat hedatu da. Eta zibitizazio hau ez da euskalduna. Ba dira euskaldunak hirietako langile, burges ttipi eta burgesen artean, baina haien arteko loturak ez dira aski azkarrak giza talde eratu eta definitu bat sortzeko. Egun, ez da haizu Iparraldean «euskal burgesia» edo «euskal langileria» dela erraitea, bereziki bere esistentzia eta eginbide historikoaren kontzientzia duen gizarte talde mugatu bat aipatu nahi bada.

        Beraz, Hegoaldean gizarte moderno diglosiko bat dugu: erdara nagusi, baiki; baina euskarak dituen bizitasuna eta edukin politikoarengatik, euskaraz kritika eta pentsa daiteke gizarte osoa, eta euskaraz elkar komunika daitezke idazlea eta bere hizkuntza erabiltzen dutenak. Iparraldean, berriz, hiritarrak duen bizitasuna oso ahula da eta idazleak eragozpen gaitzak nagusitzen ditu Mendebaldean gertatzen ari diren komunikazio eta gizarte fenomenoak izpilatzeko, eta bere hizkuntzan integratzeko. Bazter batetan, argota, sloganak, modak, hala nola proletargo edo zonaren mintzairak, euskarak elikatzen duen bere egunerokotasunetik kanpoan gertatzen zaizkio; beste puntan, zientziari lotuak diren hitzmoldeak ez dira nehoiz harenak izanen. Idazleak egiten duen itzulpen lana ez da automatiko; gramatiketan eta hiztegian ibiliko da, eta han finkatuko komunikatzeko textoak Halan textoa irakur diezaioketeenen kopurua murritzen zaio: gramatikaz eta hiztegiz ederki jauntziak direnak, bihurtzen zaizkio ingumaz edo mahumazko irakurle posible bakarrak ...Ainitzetan , amets gaizto hontara ihes egiteko nahiaz, Hegoaldeko idazleak eta irakurleak hemengoak baino errankorragoak ditu Iparraldeko idazle modernoak.

        Eta ez da hau korapilo bakarra. Laborariengan ere, oso larria da euskarak pairatzen duen kenka: ikaragarria da bere desbalorizazioa eta guttitzen doa bere erabilera.

        Egia da gure gizarte zoroan laborari eta hiritar zibilizazioak ez direla ahal berdinekoak. Bizian «zerbait» izateko hiritartu behar dela sinestarazten zaio labotariari, eta gurean hiritartu eta erdaldundu elkar konjugatzen diren aditzak ditugu. Kostaldeko auzoetan mukurruka zenbatzen dira euskaldun lotsatuak, «zerbait» bilakatuak ala ez, baina seme alabeei euskaraz erakatsi egin ez dutenak.

        Kanpainetan ere aspaldidanik sartua zegoen mentalitate hau. Baina aintzineko garaietan, euskarak balore haundia zuen lurreko lanetan eta eginkizunetan aritzeko, eta haurrentzat erdara nahi zuten burasoek nekez zekiten frantsesez; holan, euskarak irauten ahal zuen desbalorizazioaren gorabehera. Egun, laborari produkzioa konplikatu da, teknikak eta merkatuak urrun behar dira xerkatu. Gainera, tetebista eta komunikabideak indar basaz dira etxalde guzietan sartu. Egun, aise daiteke barnealdeko haurra erdaldundu.

        Gehienek diotenez, euskaldunen kopurua gutituz doa. Eta, lazgarriago dena, mintzairaren aberastasuna izorratzen ari da. Baserrietan diren zinezko haur euskaldunak gero eta gutiago dira; gehienak, egungo gizarteari edo sendimendu konplexuei dagozkien pentsakerak adierazi nahiz, erdarara joko dute, ezagutzen duten euskara ez baitzaie aski. Eta ez dute hauta hau nahitara egiten, euskara mespreziatzen dutelako: ezkonszientean gertatzen ari da bilakaera hau bai eta ere abertzale edo euskaltzaleengan, diglosiaren mirail ederra.

        Belaunaldi berri hontan, laborari mintzaira petrifikatzen eta elbarritzen ari da, gizarte orokorraren barnean mikrogizarte laborariari gertatzen ari zaion bezalaxe; laborantza tradizionala autonomia galtzen duen heinean, museora amiltzen ari da haren kultura propioa. Egun etnografia dena, arkeologia izanen da bihar. Horregatik, euskarak du bailo oraino autonomoak diren etxalde edo folklore guneetan; gupida gaberik, bere eremua uzkurtzen da edo, hobeki, mendratzen diote.

        Hau guzti hau idazlearearen lumaren inguruan biribiltzen da, huntzosto (itogarri? edergarri? ) baten antza.

        Idazleak barnean duena jakinarazi du. Eta textoa idazterakoan, bere gizartearekin eta irakurlego posiblearekin dituen harremanak agertzen dira. Hizkuntza eta mintzairak dira hiruen arteko lotura nagusiak.

        Euskal Herrian, Iparraldean, idazteko posibilitateak ez dira zentzu bakar edo alde batekoak; ainitz idatz tankera eta molde aukeratzen ahal da. Baina bat ere ez da asegarri bere gizartearen osotasuna genioz eta egiaz izpilatu nahi duen idazle goitizalearentzat.

        Oraino euskara bizia duten laborarien mintzaira soilan idatzi nahi duenak ba du, duda gaberik, erraztasun haundia rnintzaira aldetik. Ama hizkuntzak ongi jauntzirik, aldamenokoek berehala konpreni eta sendi ditzaketeen gauzak eta gaiak, mila zertzelada eta berezkuntzaz horniturik, erabil ditzake. Goxoa, egiaz. Baina mugaturik gertatzen da gaiaz eta edukinaz eta, zoritxarrez, kondenaturik etorkizunari begira, zahartzearen legea heriotzearena delako. Haren ama mintzaira duen gizatalde honen bizi inmediatorik kanpoan gertatzen diren fenomenoak espresatzeko, hitz, erran molde, ideia eta balore berriak beharko ditu; bere entzulegoarekin duen lotura erreza ez hausteko, bide bakar bat gelditzen zaio: gauza batzu ez aipatzea, edo gauzen egiazko edukina karikaturizatzea, bere herrikideen espresamolde eta balore tradizionaletan sar daitezen.

        Iparraldean joan den mendean sortu zen idazmolde klasikoan bere burua agertu nahi duenak ba du eremu zabalago bat. Mintzaira akademikoak balio du, egiaz, akademikoki edo kultur era tradizionaletan aurkeztu nahi diren gaiak tratatzeko. Gauza ainitz, gauza guziak abantzu, erran daitezke; baina hizkuntza hil batetan idaztearen irriskua gordetzen da gramatika hiztegi eta idazle klasikoen tomoetan. Eta gure kaleetan euskarak hil egin dezake, kulturadun gizonak haien mordoiloz idazten ari diren bitartean. Holako euskara, klerigoen latinaren gisa ikus genezake; eta elizgizonek idatz dezatela onartu behar da, haien problema eta bizia delako. Baina ez da hori gure herri eta hizkuntzaren etorkizuna.

        Idazle oroen artean, korapilatuena eta izorratuena aurkitzen dena da oraingo gizartearekin loturik idatzi nahi duena. Hizkuntza ahul eta menperatu baten egoerak mugatzen dizkio espresabideak; batean, hizkuntza eta herria bizi daitezelako idazleak duen borondateak eskatzen dio espresabide berri eta modernoak erabil ditzala. Egoera hontan, ez ama mintzairak ez eta bere herriko kaleetako hizkuntzak ere ezin diezazkiote Euskal Herri osoan konprenigarriak diren espresamoldeak eman. Kontradikzio lazgarrian sartuta dugu idazlea: bere hizkuntza aberasteko hiztegiek eta beste euskalkiek lagundurik ibiltzea hautatzen badu, ongi daki irakurlegi ttipi batentzat idazten ari dela. Etorkizunean, Euskal Herri osoa euskalduntzen eta alfabetatzen bada haren izkribuak, agian, bihurtuko dira ezagunak... ala ez. Baina izkribuari komunikatzeko, berehala komunikatzeko, ematen dion balorea egunkotu nahi badu, bere inguruan mintzatzen denari makurtuko da, hizkuntza errez eta inmediato batez. Non dira, orduan, beste literaturetan kausitzen dituen aurkikundeak automatikoki itzultzeko eta integratzeko ahalmenak? Non dira gure gizarte osoaren bizia ederki emateko gaitasunak? Lekuan lekuko mintzaira arruntak xederak eta zepoak gordetzen ditu ere, euskaldungo osoaren kaltetan.

        Eta mintzairak, gramatikak, hiztegiak, literaturak eta abar bere baitan onar ditzakeen EUSKARA ez du idazleak sortuko: Euskal Herri osoari bere libertatea eta bere duintasuna itzuliko dizkion mugimendu zabal batetan kokatzen da gure hizkuntzaren etorkizuna. Iraultzan.

        Bitartean, etorkizun latzaren aurkako erremedio hoberena: idaztea. Etengabeki idaztea... Komunikazio posiblearen zailtasunak morala ez badigu kentzen, hortan jarraituko dugu.

 

1981

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.