Ez
Lucien Etxezaharreta
Arregi gogoan nuen batez
hegaldatu dira
oihuaren oiharzunak
zirimolaka elgar jo eginik
oihua garrazi
eta garrazia orro luze
eta artekaren ixilak
neurri hautsi batez gela jantzi du
begiaren aintzinean
nigargorri bustiak
xortaka
bederazka
bainan
ezpainean
ez
ez ene herriko guzien izenean
ez
ene herrian
atzartzen ari dira
ez koma baten lo tzar batetarik
jeikiak dira ene etxean
ni xutik dilingan
radioa piztua lukete
Salvador-en haur garbitzen ari dira
yankitarren harmek heriotzezko loreak
elikopteren hegalen burrumban
hegalez eta begi hutsez
haien begiek jadanik hila naute
jo ta erre ta eletrika ta dilingan
eta lorik gabe ta zikindurik
eta herraren ezpatak
orro luze itoak
leihorik gabeko leize ifernuzkoan
zintzur zauritutik garrazi hilak
kurrinka ezdeusak
irringarriak
bainan
ezpainean
ez
ez ene herriko guzien izenean
ez
ene herrian
lanera doatzi
bizia galtzera nagusi batentzat
besterik ez dute ikasi
lana eta lana
indar osagarri gogoen truk
dirua
dirua biziaren sari
akitua denarentzat
lo belarra
telebixta tierzea futbola rikarra
ados ez denarentzat
ene zanpatzaileen beldurra
beldurra
kolpea nundik jinen den
beldurra
bizia ixurtzen ari baitzait
beldurra
nola eta noiz utziko nauten
zanpatzaile guzieri
ez
ez ene herriko guzien izenean
ez
ene herrian
eguzkia badukete
haizea zuhaitzen adarren perekatzaile
edo euria berdin
hedoi pizuen izar bustiekin
ur xirripak kantari
edo gaua behar bada
mendi urddinak itsasoan
izar hotzak kantari
ez hemen bezala
ez hemengo gaua
auhenaren gaua
indarren ezeztatzailea
gogoaren erho arazlea
erraiten delarik
ez
ez ene herriko guzien izenean
ez
ene herrian
banda bere buruaz besterik egin du batek
tiro bat ahoan
bakarrik bizi zen mendian
nork hil du
nork kezka bide abea zabaldu dio
ene herri mutua
ene herri mespretxatuak
ene herri umiliatuak
bizia kendu dio
buru puskez eta odolea inguraturik
barnea urratzen ari zait
higitzen naizelarik
etzanik argiak itsutzen nau
odolak lotu begiak ezin hetsiz
itzultzen dira jadanik
kaskak urrun dira orain
ez ditut senditzen
forma bitxiak dituzte izarrek
irri egiten diotet
ez dut beldurrik
ez
ez ene herriko guzien izenean
ez
ene herrian
mendiak jauzika ari dira
ibaiak iguzkiarekin jostetan
emazte gizon eta haurrak besarka
airez
ene auzoen artean nabila
ez naute ikusten
eliz dorretik itsasora punpaka
besoetarik tiratzen ditut
itsasoagorritzen da
begietan hatsagelditu da
orro eta garrazien oiharzunak
zerutik behera
jausten dira
hegalez.
|