L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Nor zira, Piarres Lafitte

 

Maiatz

 

        HITZ agerkariarentzat, 1976.ean, Piarres Lafitte-kin mintzatu ginen. Bizi bat, ezagutzen ez ginuena, jakin ginuen, piska bat. MAIATZen atseginekin agertzen dugu euskara hainbeste lantu duen gizon baten lekukotasuna.

 

        Nor zira, Piarres LAFITTE?

        P.L.: Ni orain xahar bat naiz, 75 urte eginak eta hemendik goiti ez dakit gauza handirik egiten ahalko dudan. Bainan entseatuko gara hala ere zeren eta, ez bait naiz oraino etsitua.

        Ene hasteko bizia arras bitxia izan da zeren eta ttipian euskaraz mintzatu nintzen zazpi urteak arte. Gero, ene aita eta amak galdurik, ene osaba baten emazteak altxatu ninduen. Hura biarnesa zen, ez zakien frantsesik ez euskararik. Beraz etxen biarnesa erabili nuen zenbait urtez eta kasik hura nuen ene etxeko mintzaira.

        Gero, hogei urtetan, semenario handian Mgr Saint Pierre-k nahi izan ninduen bildu eta, bildu ninduen; behar nuela ene aitamen mintzaira ikasi baitezpada, bestenaz ahalgegarri zela. Onartu nuen erranez hasiko nintzela euskararen ikasten, bainan hainbat gaixto sobera egiten banuen. Entsea gaiten lehenik gero ikusiko dugu ea arrastatzen ahal zaitugun ala ez.

        Eta orduan eman zidan metodo bat arras bitxia. Erran zidan:

        — Ez duzu ez gramatikarik ez hiztegirik hartuko, ez duzu holakorik hartu behar. Euskararen ikasteko guk ez dugu holakorik erabili eta ikasi dugu.

        — Ba, etxen euskaraz mintzo bait zinezten!

        — Ba, bainan hala ere emanen dautzut liburu bat.

        Eman zidan Arbelbiden «Erlisionea» liburu bat gotorra. Erran zidan:

        — Eman dezagun liburu hau nehork ez dakiela zer den, zer mintzairetan egina den. Behar duzu zuk zilatu gauza hori ikusteko zer den mintzaira hori. Eta orduan irakurriko duzu hurbildik, kasu eginez nola egina den eta entseatuko zira haren asmatzerat. Emanen dautzut berehala gako bat: liburu hau erlisionekoa da eta, euskaraz, gure mintzairea erlisionezkoa beti latinetik hartua da. Beraz, emazu gogoan latin asko ba dela mintzaire hortan eta hortik behar duzu pentsatu nola latinetik euskaralat bihurtu den mintzairea, eta gero, hitz batek bertzea argituko baitu, orduan pentsatuko duzu hitzek zer erran nahi duten. Ba dakizu gaia, erlisionea, ba dakizu ere latina ba dela hartan eta gaineratikoa zuhaurek ikus. Huna zer egin behar duzun: zure ganberan behar duzu zonbeit lerro irakurri, gero gogoz ikasi eta errepikatu, errepikatu, errepikatu. Gero entsea zaite gero ta hobeki konprenitzera eta egizu zuhaurek hiztegi ttipi bat, hor ikusiko dituzun hitzekin eta egizu zure moldeko gramatika ttipi bat, eta ikusiko duzu gero nola entseatuko ziren. Horra eta orai xantza on eta berriz artino!

        Joan nintzen liburu horrekin ere ganbarara eta berehala hasi nintzen eta hiru hilabeteren buruan irakurria nuen bururen buru. Ez dut erraiten konprenitu nituela gauza guziak, bainan gehienak hala ere uste dut konprenitu nituela. Gero entseatu nintzen ikasi nuen mintzaira hortan behar nuela zerbait izkiriatu eta hartu nuen «Imitation de Jésus Christ» delako liburu hori eta lehenbiziko hiru kapituluak ezarri euskaraz, ene euskara hartan.

        Pazkoz joan nintzaion ikustera goizean, eta erran nion:

        — Horra. Pazko on nahi dautzut desiratu, bainan nahi dautzut erakutsi zer lan egin dutan hiru hilabetez. Anartean ez nuen ikusi. Harritu zen eta:

        — Uste nuen utzia zinuela!

        — Ez, ez, ez dut utzi. Ene paper guziekin hor nintzen eta gero:

        — Orai ez dut astirik. Behar dugu katedralera joan ba ditugu elizakoak egiteko eta hobe ginuke, sarri bezperak ondoan, gauza horien ikusteko denbora baten hartzea. Utzkitzu hemen berean, sarri ikusiko ditugu gauza horik.

        Arratsean, katedraletik sartu ginelarik, berehala joan nintzen haren ganbarara eta orduan ikusi zuen nola itzuli nituen hiru kapitulu horiek eta harritu zen halere puska bat. Ez zuen uste holako lanik egiten ahal zen. Ene huts guziak altxatu zituen eta erakutsi nola behar ziren ezarri eta ene gramatika ttipi hori ez zen batere behar belakoa. Pentsatu nuen ba zela deklinabide bat, bainan ikustekoa zen nik pentsatua.

        — Hemendik goiti hartuko duzu gramatika bat. Emanen dautzut «la grammaire de Ithurry».

        Eman zidan berehala Azkueren hiztegi handia bi tometan. Aa orduan orduan, hasi nintzen lanean. Azkue kasik gogoz ikasi nuen, bururen buru.

        Orduan, euskal ikaskintzetan sartzeko gogoa zinuen?

        P.L: Ez dut uste. Erran behar dut gauza bat: gaztean nahi nintzen misionest egin. Semenario handian sartzeko mementoan mediku baten ikustera joan nintzen, ikusteko Afrikara edo beste norapeit joaiten ahal nintzen. Lasserre zen medikua eta hark erran zidan flako nintzela, ez nuela osagarririk. Egia zen, biziki tristea nintzen osagarri aldetik eta erran zidan:

        — Behar duzu hemen berean egon, ez duzu holako astokeriarik egin behar. Zaude hemen, ba dugu hemen berean aski lanik.

        Orduan ene arrazoina hauxe izan zen: Afrikara joan banintz, hantxet ikasiko nuela hango mintzaira. Eta hemen egonez behar nuela hemengoa ikasi. Ez da beste ixtoriorik. Bainan, alabainan mintzaira aldetik pasatu nintzen fite beste euskaldungo guzietara. Ba nekien zenbait aire euskaldun zeren eta lagunekin aditu bait nituen, bainan ez nintzen batere estekatua gauza horieri. Orduan alabainan, Mgr St Pierre ez zen oraino «Monseigneur» eta emaiten zizkidan irakurtzen zituen errebista guziak: «Euskal Esnalea», «Euskalerriaren alde» eta horiek oro. Nola alemana ikasi bait nuen orduan alemaniatik heldu ziren ere.

        Ba zen errebista «Euskara» deitzen zen, ekartzen zidan eta erraiten:

        — Ez dut irakurtzeko astirik, zuk behar dautazu puska bat irakurtu. Egizu laburpen bat enetzat.

        Holaxet pusatu ninduen alegia deus ez. Behar nituen kasik errebista guziak ikusi. «La revue internationale d'études basques» burutik buru irakurtzen nuen. Nahi eta ez, euskarazko literatura guzia emeki emeki ikasi nuen. Orduan pentsa, berotzen ninduen alegia deus ez. Ez zuen pusatzeko lan handirik zeren eta arras errabiatua bait nintzen. Gero, xantza bat handia izan nuen. Hau ez dut uste ainitzek izan duten holako xantzarik. Huna zer gertatu zitzaidan. Gaztea nintzen, eta erran dudan bezala ez nuen osagarririk batere eta orduan ez dut soldadogorik egin. Bainan apezteko edo ordenuen izaiteko, behar zen libro izan zerbitzutik. Nik eskolak egin ditut aitzina eta erori naiz 14-18ko gerlari ohiekin. Haiek estudioak hiru urtetan egin dituzte eta nik haiekin egin ditut. Hogeitabi urtetan finitu nituen estudio guziak. Gaztea nintzen eta zer behar zuten egin nitarik ez zekiten. Begiratu ninduten semenarioan, bainan urte bat pasatu dut, deusik egin gabe, salbu euskara. Eman zidaten bibliotekaren gakoa. Hantxet ba zen biblioteka ttipi bat orai ez dakit zer bilakatua den. Eta hori Inchauspe zenaren biblioteka zen. Liburu euskarazko ainitz ba ziren. Denak irakurtu nituen, pentsatzen duzuen bezala eta bereziki eman nintzen Axularren estudioan, haren iturburuak nahi nituen ikusi eta uste dut lan pollita egin nuela. Irakurtu nituen Vivier editorialak agerrarazi.

        Louis de Grenade-k eginikako autore zaharren bildumak. Hori da hiztegi handi bat. 18 toma handi ba ditu. Hortan, lehenagoko izkiriazaleek nolako pentsamenduak zituzten ezarriak dira lerro lerro.

        Eman dezagun «hasarrea»: hasarreaz zer erran dute lehenagoko izkiriazaleek? Orduan ikusten zenuen Homere, Platon-ek zer erran zuten eta beste ainitzek. Hain xuxen, hartzen duzularik Axular ohartzen zara etsenplu ber berak hartuak dituela eta ordre berean. Beraz, liburu hori ba zuen eskupean, ez dut erran nahi kopiatu duela, bainan hortarik hartu ditu gauzak, gaiak, zenbait aldiz laburtuz, beste zenbait aldiz ainitz zabalduz, gauza hori ohargarria da. Hain xuxen Luis Michelenaren alaba nik eman diodan bide horren segitzera doa: lan hori eginen duela behar bezala uste dut. Orduan ikasi nuen gauza hori, hogeitahiru urtetan.

        Ondoko urtetan apeztu ninduten eta Tolosara igorri. Tolosan beste gauza bat gertatu zitzaidan. Aita Lhande hatxeman nuen hantxet eta, pentsa, aste guziez joaiten nintzaion ikusterat. Hark egiten zituen kurso batzu, ez euskaraz, bainan euskarari buruz, literaturari buruz. Ez dut urte bat baizik ikusi gizon hori bainan arras adiskidetu ginen.

        Gero apezpikuak eman zidan hauta: ala filosofia har ala har bestenaz literatura, nik filosofia hartu nuen. Ba zen urgulu puska bat. Pentsatzen nuen erakasle egiten banintz hobe nuela filosofiaren erakustea, mukuzu batzuekin egoitea baino. Ba bainan, zenbait egunen buruan, hilabete baten buruan, Mgr Mathieu-ren letra bat errezebitzen dut. Baionako semenarioan zen erakasle. Igorri zidan letra bat, frantsesez erraiten zidan ikasi zuela «pena handirekin» filosofia hartu nuela. Segur igorri banindute Beljikara, Louvain edo nunbeit hara onartuko zuela, bainan Tolosako professeur batzuekin, Touverès eta horiekin, biziki bide gaixtoan nintzela eta ba zekiela nolako menturazko burua nuen, xori buru pixka bat, gauza berrietara arras abiatua, eta beldur zela lerratuko nintzela behar ez diren xendretara eta kontseilu bat nahi banuen entzun, behar nuela gauza hori utzi. Arrapostu bat eman nion, fierra, erranez bere gauzetaz okupa zedin, nik ez nuela haren beharrik apezpikuak eman zidanaz geroz hautua, nik hautua egin nuela eta apezpikua zela hobendun eta beste inor ez. Hortan utzi nuen. Bainan, hamabost egunen buruan, beste letra bat ukaiten dut. Aldi huntan St Pierrena:

        — Ikusi dut filosofiari lotu zirela, gauza ederra da filosofia eta uste dut gauza hortan ongi aterako zirela, bainan bainan, huna gauza bat. Ondoko egunetan zure beharretan gintazke bereziki euskarari buruz eta euskara ontsa zilatu nahi baldin baduzu, behar dituzu zonbeit mintzaire hartu. Filosofia ez zaizu hortako gauza handirik baliatuko. Behar duzu mintzairetan ibili. Bertzalde ikusiko duzu filosofia denetan kausituko duzula, ala literaturan ala mintzairetan. Ondoko egunetan zure beharretan baldin bagira, bereziki gramatika baten egiteko ontsa litake. Zuhaurek ikus bainan nik pentsatzen dutana erraiten dautzut.

        Abilki ari izana zen. Hain abilki nun orduan berean, ez oren baten buruan, bainan orduan berean joan bait nintzen, utzi nuen filosofia, Lettresetara eta hantxet hartu nuen latina, greka, alemana, espainola eta frantsesa alabainan. Nahi ta ez hortan abiatu nintzen. Denbora berean ez nuen euskara utzi pentsatzen ahal duzuen bezala.

        Gero hunat [Uztaritzen] igorri ninduten. Gaztea nintzen, hogeitabost urte, gazteena. Ba zen Etcheverry delako bat, euskara poxi bat erakusten zuen. Historiazale zen. Ez zuen euskararen gostu handirik, izkiriatzen zuen, liburuak egin ditu, bereziki historiari buruz. Kapablea zen. Hemen muble ttipi bat ba zen eta hor baziren zenbait liburu. Mgr Mathieu hunat etorri zen superior eta hark ekarrarazi ninduen bere ganbarara eta erran zidan:

        — Il y a ici un meuble d'une petite bibliothèque qui a été fondée par Harriet et alors je voudrais que vous soyez le gardien de cette bibliothèque.

        — Milesker bainan, errazu, «gardien» zer nahi duzu egitea, bera ere egonen da biblioteka hori. Biblioteka behar nuke hazi puska bat, liburu zonbeit ezarri, bilatu berce libururik ba denez hor gaindi. Orduan etxeak zer emanen daut diruz?

        — Diruz, diruz? Uste duzu hemen ekonomak dirurik emanen dautzun euskarari buruz? Ja, ez pentsa holakorik, ja ja ja.

        — Orduan ez dut ikusten zertako behar dutan biblioteka hori zaindu.

        — Funtsean egia duzu, huna zer eginen dutan. Zaude ixtant bat, ba noa zerbaiten bila. Joan zen beste ganbara batetara, etorri zen eta eman zizkidan orduko hogei mila libera.

        — Eta horra! Première et dernière subvention. Arraña zite. Aski duzu ebanjelioan bezala egitea, ez duzu hogei mila libera horik ehortziko, behar duzu baliatu.

        — Baliatuko ditut, ba.

        Apez bat edo notario bat edo mediku bat hiltzen zenean, berehala joaiten nintzen haren hurbilekoen ikusterat. Holaxe erosten nituen bibliotekak hatxeman arau. Jaun horien biblioteketan usu ba ziren liburu euskarazkoak, guti bainan beti zenbait. Ahaidek ez zekiten baliorik, denak emaiten zizkidaten bostehun liberetan gogotik, ez zutela halen beharrik, liburu xahar, paper tzar... Gogotik uzten zituzten denak. Euskarazkoak begiratzen nituen denak eta besteak saltzen. Zenbaitek ez zuten balio handirik, pizura saltzen nituen eta balio zerbait zutenak ontsa paga arazten nituen. Euskarazkoak ez ditut sekulan saldu. Nahiago nituen doblezka edo hirunazka izan. Euskaltzale bat hatxemaiten banuen egiten genuen truk. Emeki emeki muntatu dut eta orain ba da zerbait, berrogei urteren buruan. Liburuak, paper zaharrak eta orotarik.

        Horra nola hasi nintzen ene gaien biltzen. Orduan gogoan ezarri nuen behar nituela lehenagoko liburu guziak irakurri eta fitxetan ezarri. Bostehun mila fitxa egin nituen; hamazazpi urte barne. Hiru talde nituen: alde batetik bildu nituen hitzak, bigarrenekorik bildu nituen erraiteko manerak, kasik gramatika nola batzu, eta hirugarrenekorik liburuen laburpenak eta kritika puska bat. Horra ene lana.

        Orduan denbora berean Alta Lhandek hasi zuen hiztegi bat. Lehenbiziko ehun eta zenbait paia egin eta utzi zuen, ez zuen denborarik. Nik ba nuen geia, bainan ez nuen sosik haren agerrarazteko. Ba nuen ene gisako hiztegia egina eta nik bildu ditudan hitzak hartan sakatzea pentsatu nuen, hark bildu zituenak hartuko nituela eta hola eginen genuela lana.

        Jesuitek gauza ona egin zutela erran behar dut. Onartu zuten liburuaren despendio guzien egitea. Jesuita sosetik ari izana naiz. Nik ez nuen sekulan eginen, ez nuen behar zen dirurik. Zazpi urte barne egin nuen lan hori, Aranart apezarekin. Nik fitxak preparatzen nituen eta hark garbira emaiten.

        Gero hamar urte eman nituen ene gramatikazko noten biltzen, xuxentzen. Gramatika hola atera nuen, erran behar dut ez dela laburpen bat baizik. Gogoan dudan gramatika egin banu, beste zerbait liteke, bainan nork eros lezake? Geroztik bildu ditut ehun mila hitz. Behar litezke agertu. Ez nuen horren egiteko biderik bainan uste dut orain norbaitek agerraraziko dituen. Horra zertan ari naizen. Zenbait urtez egona naiz Gure Herria aldizkarian ez arras zuzendari, bainan euskarazko gauzen kudeatzen. Hamar urtez.

        Anartean ez nintzen biziki akort «Euskaldunarekin». Hori zen kaseta. Hango ideiak ez nituen biziki onartzen. Alde batetik erran behar dut ni «soziala» nintzela, ez zuten sozialik entzun nahi ere. Bestalde arras frantsestiarrak ziren eta hoztua nintzen frantsesari buruz. Agerrarazi nuen errebista ttipi bat, «Aintzina» zuen izena. Denak gure kontra ziren, erraiten zuten berrizale ginela eta.

 

        Muntatu genuen «Euskal Herrizaleak» gizonentzat eta «Begiraleak» emazteentzat. Begiraleak, hastean, bildu genituen asko herritan, bainan emeki emeki denak urtu eta Donibane Lohitzunekoak baizik ez ziren gelditu. Beste emazte guziak joan zitzaizkigun beldurturik. Gazte zenbait ba genituen gurekin. Orduko problemak ez ziren arras oraikoak. Alde batetik orduko emazten egoera ez zen ona. Ez zuten fitxik irabazten, neronek ikusi ditut orduko gauzak nola ziren. Pentsa, egona naiz Donapaleuko xoko hortan, gaztean, eta badakizu emazte batek zenbat irabazten zuen egunean? Hamar sos, berrogeitamar zentima! Zer nahi duzu egin horrekin? Baionan gauza bera zen.

        Frantsesez ari izana naiz gauza horietaz. Tolosan nintzen denboran, hango artxapezpikuak galdatu zuen norbait «quartier des amidonniers» delako hartaz okupatzeko. Nahi zuen ikusi zer egin zitekeen xoko hortan. Bolontario joan nintzen harat. Ikusi, nuen ene kapera ttipian ez zitekeela fitxik egin, egitekotz, behar nuela elizatik kanpo ari izan. Gazte eta ixtudiant batzuekin egin genuen gauza bat arras bitxia. Ez dakit orai nola kausi lezaketen jendeek «des brise-fer» afixak ezartzen genituen, joaiten ginen zinemetara edo ba zelarik zerbait hitzaldi, hara joaiten ginen eta mintzatzen ginen, inun ez ginen ixiltzen. Ene kartierean sozialistak ziren gehienak. Tolosako merian sozialistak ziren buru eta biziki ontsa atera nintzen haiekin. Erran zidaten:

        — Behar dugu elgarrekin arizan lanean. Kartier hori ez dugu ezagutzen. Jendeak ez dira batere merialat etortzen, ez dira meriaz ezkontzen ez bertze nehun ere. Elgarrekin jartzen dira eta hartan fini. Haurrak ez dituzte sekulan agertzen merialat.

        Ba ziren jendeak ehunka, inun izkiriatuak ez zirenak. Ez zuten soldadogorik egiten, haurrak ere zeinenak ziren ezin jakin. Ixtorio izigarriak ziren. Han bizi izan naiz eta gostu hartu nuen gauza horietan. Meriaren laguntzarekin egin genituen «Les soupes populaires». Entseatu ginen jenden ezkontaraztera. Egin genuen joko bat aski bitxia: ba ginen zenbait lagun, zenbait meriakoak eta ni, zenbait katolikoekin joaiten ginen etxetara eta galde egiten genuen ezkondu nahi ziren, zer abantail zuten, bereziki haurrentzat. Zenbaitek igortzen gintuzten antzara ferratzera bainan beste zenbaitek onartzen zuten. Bi ezkontzak egiten genituen etxean berean. Ez ziren sekulan elizara joaiten ez eta meriara ere. «Oeuvre de St François Régis» deitzen zen gure ixtorioa. Ni lekuko nintzen eta beste lagun bat ere, meriaren ordekoak egiten zuen meraren afera: eta gero ni apez eta beste biak lekuko. Gero botoila bat ixur eta edan eta ikus arte eta hortan finitzen zen afera.

        Noiz zen hori?

        P.L: 1925-ean. Galde egin nuen gauza horien egiteko baimena apezpikuari. Erran zidan: — Vous me demandez beaucoup là-dedans! Erran nion ez nuela fitxik egiten ahal, gauzak elizatik kanpo behar gintuela egin: sakramenduak eman eta hola.

        — Je vais vous donner le. pouvoir d'accomplir tout ce que vous voudrez, mais je ne vous donne pas l'autorisation.

        — Comment?

        — Oui, je vous donne le pouvoir pour que ce que vous ferez soit valide, mais je ne vous donne pas l'autorisation. Je ne veux pas qu'on puisse dire que vous avez reçu mon autorisation.

        — Vous me soutenez comme la corde qui soutient le pendu?

        — Oui un peu. Je vous donne huit jours pour réflechir, vous reviendrez et vous me direz ce que vous en pensez.

        Joan nintzen ene kofesorraren ikustera.

        Donapaleukoa zen, Fourcade, erran zidan:

        — Ou'esct-ce-que vous risquez? Si ça ne marche pas on va vous vider, vous renvoyer à Bayonne, un point c'est tout! Lagunek erran zidaten:

        — Vas-y, vas-y, qu'est-ce-que tu veux que ça fasse? Tu feras une expérience, ça te servira, tu ne risques rien du tout!

        Joan nintzen artxapezpikuaren ikustera:

        — Et alors mon petit?

        — J'accepte.

        — Comment vous acceptez?

        — Oui j'accepte.

        — Moi je vous avoue franchement que je n'aurais pas accepté. Parce qu'enfin, ce n'est pas très rigolo la situation dans laquelle vous allez vous trouver.

        — J'ai réflechi, j'ai consulté, je suis décidé.

        — C'est très bien. Quand vous aurez fini ce stage vous me ferez un rapport, vous m'indiquerez ce que vous avez remarqué etc. Entre temps vous serez surveillé de près.

        Bainan ez naute sekulan arrastatu eta, bi urte pasa, hantxet egin nuen ene lana erranez ez zela apez bat ezarri behar hor bakarrik, behar zirela bederen hiru ezarri. Hamar mila arima ba ziren toki hartan. Bestalde nik hasi nuen sailari behar zela jarraiki, bestenaz ez zela onik eginen. Anartean langileak arras enekin nituen. Zeren eta grebak eta horiek oro laguntzen nituen. Arras «gorria» nintzela erraiten zuten jendeek, berdin zitzaidan eni. Hara nola hasi nintzen gazte gazterik. Beraz konprenitzen duzue aise Eskualduneko ideiak ez zirela arras eneak.

        Nahi nuen zerbait egin. Hunat eta, emaztez okupatzen hasi nintzen eta egin nuen errebista bat: «Le Carillon», Bordelen ateratzen zen eta ez zekiten nor zen buru. Nik sinatzen nuen «Pierrette Labbé». Baionatik laguntzen ninduen neska batek, arras inteligenta. Hark Baionako zindikatak laguntzen zituen, uste dut sortzez judua zela. Katoliko bilakatu zen eta lagundu ninduen biziki ontsa. Egun batez gauza bat gertatu zen: kongreso bat egin zuten neska horiek eta nahi zuten Pierrette ikusi! Ai ai ai, hori besterik zen. Orduan eri nintzela eta ezin joan. Igorri nuen ene hitzaldia andere horrek irakurtu zuen ene izenean. Denek erran zuten beste aldi batez etor nendin. Zenbait egunen buruan jakin zuten Ameriketara joana nintzela. Horra nola hasi nintzen eta emazteen dretxoen alde lehenik.

        Gero egin genuen «Aintzina». Hortan ere gure xedea ez zen arras politikoa. Politikoa zen bai zeren eta Ybarnegaray-en kontra ari ginen. Eskualdunean izkiriatzen nuen aitzina. Egun batez izan genuen bilkura bat, Eskualdunaren konduak eman zituzten eta horiek oro. Ni xoko batetan nintzen, oraino gaztea. Orduan Ybarnegaray-ek atakatu ninduen:

        — Ces jeunes blancs becs qui veulent mettre la pagaille dans notre pays!

        Altxatu nintzen eta erran nion aseak ginela «cacique» horietaz eta hemendik goiti geronen buru izanen zirela gauzak, ez genuela haien iritziaren beharrik, ba genekiela geronek zer dugun egiteko eta bakea eman zezaten. Ai ai ai orduan, denak harrituak eta jin zitzaidan:

        — Calme-toi mon vieux, qu-est-ce-que tu fais?

        Gauzak hola pasatu ziren. Geroztik ez ziren biziki xuxendu bainan egiten genituen nahi genituenak.

 

        Gero gerla jin zen, bestaldeko gerla hori. Hortan ere hartu nuen ene partea bereziki okupatu nintzen hango haurrez. Lan harrigarria izan zen hiruehunetahirurogei bat haur ba ziren Hendaian bilduak eta inor ez zen okupatu nahi haietaz. Egin genuen biltzar bat, hemengo euskaldunek behar genituela haur horiek bildu. Lehenbiziko dei hortan kasik denak akort ginen eta bereziki Ybarnegaray bera eta apezpikua ere. Bildu ginen Ybarnegaray-en jauregian. Ontsa errezebitu gintuen. Planak egin genituen eta ezarri ninduten sekretario. Behar nuen izkiriatu dei bat Euskal Herriari buruz eta haieek behar zuten sinatu. Uztaritzera biltzen naiz, egiten dut deia frantsesez eta euskaraz eta joaiten natzaio apezpikuari

        — Voilà Monseigneur le texte.

        — Ah oui mais...

        — Quoi oui mais! Vous avez promis de signer.

        — Il s'est passé beaucoup de choses entre temps. J'ai eu la visite de Monsieur le doyen de St Jean de luz, le chanoine Bellevue et son cousin Harriet, est venu de St Sébastien et il lui a fait comprendre que c'était une grosse erreur, parce qu'au fond, c'était se mettre dans le camp des rouges. Vous comprenez, c'est très ennuyeux cette histoire-là, de compromettre la Sainte Eglise.

        — Compromettre la Sainte Eglise? Je ne vois pas du tout en quoi elle est compromise. C'est une oeuvre de charité un point c'est tout!

        — Remarquez bien que je ne vous interdis pas de vous en occuper et même je vous conseille fortement de le faire, il faut que nous soyons...

        — Qui nous, moi seulement?

        — Vous ne voyez pas les choses sous le même angle que moi et j'avoue que je ne puis signer cet appel. Remarquez qu'il faut absolument que vous vous en occupiez, il ne faut pas laisser les enfants comme cela.

        — Je vous remercie de votre bon conseil.

        Joan nintzen Ybarnegaray-en ikustera. Hark erraiten dit:

        — Ah mon cher ami, tout est changé! ça change vite!

        — Oui mais que voulez-vous, c'est comme cela. Nous n'y pouvons rien.

        Paperean nuen ene deia, haien sinadurarik gabe eta hasi nintzen haur horien biltzen. Ez zen aski biltzea, behar ziren hazi, beztitu. Behar zen norbait haietaz okupatzeko. Zenbaitek sinatu zuten: Louis Dassance, Jaureguiberry medikuak, eta sosa behar zen nunbaitik jali. Uztaritzen ba zen errefugiatu bat diruduna, Intxausti Imanol. Aberatsa izan baldin bada, erran daiteke denak eman dituela obra hortan. Ene eskuetarik hiruetanhogei miliun pasatu ditu haur horientzat. Hartu genuen etxe bat, hemen Jatsun, gero joan ginen Xuberora. Han ere ba zen lantegi xahar bat, hura hartu genuen. Donibane Garazin hartu genuen Citadela eta hantxet haurrak ezarri. Bainan ez zen aski, behar zen andereño zenbait hatxeman haurretaz okupatzeko, behar ziren pagatu. Diru ainitz behar zen. Haur handituenek behar zuten ahalaz ofizio bat hatxeman, aprendizgoa egin bederen.

        Bestalde aitamak nun ziren behar nuen hatxeman, elgarren berririk ez zuten. Hortan Uztaritzeko superiora arras idekia zen. Erran zidan:

        — Occupez-vous de cela, on se débrouillera pour vous remplacer pour le travail de classe. Ne vous cassez pas la tête, faites votre boulot, c'est le plus pressé en ce moment!

        Hemen ene apez lagunek arras alde onetik hartu zuten. Hori ez zen literatura. Zerbait zen gauza hori ere. Gramatika geroztik egina dut, frantziako bigarren gerlatik landa.

        «Eskualduna» kaseta itzali zen. Preso ezarri zuten Arotzarena jaun apeza alemanen aldekoa zelakotz omen. Ni, gerla denboran, alemanen kontra ari izana nintzen. Ba nuen «une chaîne» Uztaritzetrik Arnegirakoa. Nik geografia kartak egiten nituen, nun ziren alemanak eta berri guziak hunat etortzen ziren. Nik xehetasunak kartetan ezartzen nituen eta Espainiatik Afrikara pasatzen ziren. Alabainan behar genuen jende hortako. Ez dira gauza horiek hola egiten.

        Gerla ondoan galde egin genuen baimena kaseta euskarazko baten egiteko. Bainan zenbaitek ez zuten nahi. Orduan ez zuten errefusatzen bainan beti luzaz entzuten genuen:

        — Bai, eginen dugu, bainan ba dakizu, ba da beste lanik, goazen erreposki, geroak erranen du.

        Xifrituak ginen eta erran ziguten:

        — Faites un bureau, un comité du journal, portez-nous les noms, ea...

        Ekarri genuen hori, «comité de la libération» delakoari eta:

        — Celui-là il ne faut pas, celui-ci non plus, il ne nous plaît pas. Vous ça va très bien mais...

        Bizpahiruetan gure komite hura erreberritu genuen. Joaiten nintzen halen ikustera eta beti:

        — Ondoko egunetan ikusiko dugu. Sekulan ez zuten baimenik emaiten. Uste nuen baimena behar zela. X........ ............. zen «comité de libération» horren buru.

        Egun batez (Pauetik behar zuten omen baimena), ba noa nihaur Pauera eta hantxet kausitzen dut xuberotar bat, bulegoetan zena eta erraiten diot:

        — Et alors quand allons-nous recevoir l'autorisation de faire paraître un journal en basque?

        — Mais nous n'avons jamais à donner d'autorisation pour aucun journal. Ca dépend de Bordeaux. Vous avez là-bas une rue judaique et le bureau central du Sud-Ouest est là-bas.

        Hara noa eta han ba zen bulego batetan andere bat. Galde egin dit nundik heldu nintzen, Euskal Herria biziki maite zuela eta Donibane Lohitzun biziki toki ederra zitzaiola.

        — Ez naiz hortara jina, nahi nuke jakin emaiten ahal dautazun kaseta baten agertzeko baimena.

        — Zertako baimena?

        — Baionako kasetek eta Pauekoek izan duten baimena.

        — Uste duzu? Ez, nehork ez du baimenik. Bakotxak hartzen du berea eta fini. Egizu bestek bezala, ez duzu nehoren baimenik behar!

        Uztaritzen, telefonaz igortzen diot Xri:

        — Cher docteur, je vous remercie de toutes les démarches que vous avez faites pour notre journal basque, nous avons parfaitement réussi et nous sortons la semaine prochaine.

        — Ah vous avez reçu cela?

        — Grâce à vous heureusement et je tenais précisémment à vous en remercier.

        — Ah vous savez je suis ravi, je m'attendais bien à ce qu un jour ou l'autre ça arrive, ils ont tardé quand, même!

        Gero harrapatua izan nintzen zeren eta, hala ere, zenbait denboraren buruan, paperik ez nuen kasetaren egiteko. Egun batez Bordelen ikusten dut Pleven, betroin bat, gobernuko moltseroa, egiten digu gaitzeko hitzaldia, frantzia behar dela lagundu, «un emprunt national» eginen zela. Bere hitzaldia bururatu orduko igaiten naiz haren ondoya eta erraiten diot:

        — Monsieur, nous voulons bien vous aider mais nous n'en avons pas les moyens

        — Qu'est-ce qu'il vous faut?

        — Du papier. Vous ne pouvez pas me donner du bon papier?

        Hor berean paper bat egin zuen eta sinatu. Bainan nik astokeria handi bat egin nuen. Uste nuen zer nahi galde egiten nuela. Galde egin nion lau mila aleren sinadura. Hamar mila ere galde egin banu, emanen zizkidan bainan ez nuen hori batere karkulatu.

        Denbora puska baten buruan, paper eskasian ginen eta izkiriatu nuen Pauera, han bait zen «dépôt pour papier de presse». Galdegin zidaten:

        — Vous ne pourriez pas envoyer le certificat du moment où vous avez commencé? Paperik ez genuen. Arrapostua egin nion

        — C'est dans votre bureau que se trouve le texte de l'autorisation qu'on nous a donné, cherchez et vous trouverez certainement au 16 novembre 1944. Ez zuten bilatu ere eta papera eman ziguten.

        Ez zen lan aisea izan agertzeko. Bestalde zentzura ere ba zen. Ba zen Baionan komandante bat eta behar zuen gure lana ikusi. Ez zekien euskararik eta norbait behar zuen. Poliz bat hatxeman zuen bainan gurekilakoa zen eta gauzak hobeki ari ziren. Zer nahi gisa, zenbaitetan heldu zitzaidan gaixoa:

        — Nola behar dut hau itzuli? Emaiten genion behar zen itzulia. Pauetik batzuetan zenbait erreportxu errezebitzen gintuen.

        Izan zinuten beste trabarik?

        P.L: Ez. Orduan galde egiten genuen behar zela hori egin, gobernuak ez zuela behar zuena egiten. Egun batez prefetak igortzen dit letra bat:

        — Monsieur le Directeur, l'article paru en deuxième page à la troisième colonne ne nous a pas fait plaisir. Arrapostua

        — Monsieur le Préfet, cet article n'avait pas été fait pour faire plaisir à qui que ce soit. Gataska piska bat, bainan gauza guti izan zen.

        Geroztik izan genuen besterik, bereziki Afrikako gerla hasi zenean. Guk igorri genuen «un coup de béret aux Fellagha». Ai ai ai, orduan prefetak berak eman zuen gure afera tribunalean. Ez genuen ukatzen ahal. Jujeak galde egin zidan ezagutzen nuenetz artikulu hori, nik agerrarazia zenetz. Ene gain hartzen dut:

        — Ez duzu esplikatzen ahal nolazpeit?

        — Ez. Ez dut esplikatzen ahal.

        — Nahi zinuke abokata?

        — Ez. Ene burua nihaurek xurituko dut behar balin badut.

        Orduan Larzabal apezarekin ginen. Hitz bat igorri zuen: nahi zuela partzuer izan enekin. Bainan abokata ba zuen, Olphe-Gaillard hartu zuen abokata gisa. Haurreko lagunak ziren, elgar ezagutzen zuten ttipitik. Jakin nuen dozierean zer ekartzen zuten. Kontseilu jeneral guziak altxatu ziren orduan gure alde, joan ziren Parisera eta erran zuten eskandala izigarria izanen zela preso ezartzen bagintuzten. Baionan utzi zituzten epeak pasatzera. Gero, zortzi hilabeteren buruan, ez bait zen gure doziera pasatu tribunalera, afera erori zen. Bainan jujea joan zen apezpikutetegira eta erran zuen:

        — Vous savez, ce n'est pas parce que l'on a reconnu l'inocence de vos deux gaillards qu'ils ne sont pas en prison. Dites-vous qu'ils sont bien coupables. Ils échappent à la loi par un tour de passe passe. Prefetak nahi zuen bost urte presondegi guretzat eta ez dakit zenbat diru. Ez nuen dirurik eta ez zuten aise izanen. Horra gure ixtorioa.

        Zer lanetan zira euskarari buruz, egun?

        P.L: Euskarari buruz bi gauza ikusten ditut. Alde batetik euskararen ikertzea eta hortan ari izana naiz asko, zeren eta ba dakizue sei urte hauetan ez dudala besterik egiten. Preparatzen ari naiz «Atlas linguistique du Pays Basque Français» delakoa. Ba ditut bostehun karta egiten ari ditudanak ikusteko hitzak nola barreiatuak diren Euskal Herrian gaindi eta nun nola pasatzen diren hitz horien lerroak, zeren eta gauza harrigarriak ba dira hala ere. Hitz zenbait, doi-doia toki batetan gertatzen dira. Beste betzuek hedadura biziki handia dute. Beste batzu ez dira goratasun batetarik goiti baizik hatxemaiten. Ikusten dugu latina agertzen dela zelaietan, latinetik heldu dira kasik hitz guziak. Aldiz mendietan ez, eta ikusteko da nola biarnes, kaskoin, aragoi, lehenagoko «romance» hortan edo Katalanean, hain batetarik goiti hitz berak ditugu denetan. Uste dut «langue pyrénaïque» zerbait izan dela. Ez dakit euskara zenetz bainan denek hitz berak ditugu. Hori gauza harrigarria da.

        . Bainan ba da beste lanik egiteko. Akademian ari dira bilatzen. Proposatu dizkiet lan berri batzu erakusteko nola erabili behar diren, ez dut erraiten «la conjugaison», bainan aditz bakotxak nolako konplemenduak ekartzen ahal dituen, nolako osagailuak. Hortan ba da ainitz egiteko zeren ohartzen bait gara, oraiko asko idazlarik ez dakitela gehiago nola ibiltzen ziren aditz horiek. Zenbaitek erranen dute: jarraikitzen dut gauza hori. Beste batzuek: jarraikitzen natzaio. Ez da batere gauza bera. Ba dira zentzu batzu berextekoak: «ahantzi zait» eta «ahantzi dut» bi gauza dira. Gauza horietaz ez dira batere okupatzen, ez dute kasu egiten. Aldiz gure xaharrek eta bereziki laborariek ba zekiten euskara eta, ez dira tronpatzen. Ba zekiten «mintzo naiz»-ek erran nahi duela «mintzatzen ari naiz». Bainan oraiko zenbait jendek erraiten bait dute «euskaraz mintzo naiz», hori irringarri da, beharko lukete ezarri «mintzatzen naiz». Gauza horiek oro behar litezke izkiriatu eta behar bezala xekatu. Hortakotz nahi nuke egin dadin liburu bat hortakoa. Frantsesez, ba dakizue orai lan hortan ari direla. Alemanek dute hasia lan hori.

        Zer diozu gaurko idazleetaz?

        P.L: Zenbaitek, ene gostuko ez dakite euskararik. Española ba dakite ba, biziki ontsa, bainan euskara guti. Izigarri da.

        Nun ikas ditake euskara «garbia» gaur?

        P.L: ene ustez ez dakit nun ikasiko duten oraiko egunean. Lehenago ba genuen iturri bat: xaharren ikustea, haiekin mintzatzea. Nik, hola ikasi dut euskara eta hasi nintzenean, kurritu dut Euskal Herria. Ikermen zenbait egin dut. Ohartu naiz gauza batzueri: artzainekin ikasten da euskararik hoberena. Zertako artzainekin? Artzainek astia ba dute eta orduan, mintzatzen dira elgarrekin asko. Bestalde kasu egiten dute gauzeri, landare bati, besteari, mamutxak ere, xoriak, denak ezagutzen dituzte. Erran daiteke, Arnegiko artzain batek ba dituela milaberrehun hitz bere meneko. Aldiz hartzen baldin bada laborari bat, Jatsuko herrian, bederatziehun hitz dituzke. Ez da miletara heltzen. Eman dezagun Uztaritzeko karrikako bat, hunek ez duke zortzi ehunik. Beti hitz berak erabiltzen ditu. Ez dut erran nahi ez dakiela euskara, euskara ba daki, bainan ez du hedadurarik.

        Hiztegiari buruz, zer diozu?

        P.L: Ene gostuko hitz sobera ba duzu euskaraz, zeren eta herri bakotxak bereak baititu orduan galtzen gara. Ene gostuko hitz gutiago behar genuke, bainan horiek hautatuz horiek berak denek erabiliz. Ez dakit franziako literatura ezagutzen duzuen bainan hauxe: teatroan, Racine-k frantsesez ez du mila hitzik. Pascalek lauehun hitz ditu bakarrik bere obretan eta, bizkitartean, hark bezala mintza ba gintez! Hitz gutirekin bainan haien joskera ezagutuz, mintza gintezke. Hoberena liteke entzutea euskaraz baizik mintzatzen direnak nola erabiltzen duten.

 

1976.ean egina

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.