Salomonen heriotza
Marek Halter
euskaratzailea: Beñat Oihartzabal
Salomonek begiak ireki zituen: ganbaralluna zen oraino. Higitu nahi ukan zuen, oinazearen xixta-zorrozki bihotzean barna sartu zitzaion, eztul egin zuen, horrek saminagotu baitzion mina. Deit zezakeela pentsatu zuen, baina goiz guziez bezala oroitu zen urtea bazela Miriam, bere emaztea, zendu zitzaiola, eta huts hori oraino latzago iruditu zitzaion. Berritz ere xixta hura. Etxezaina altxaraz? Ez. Edozein oinaze iragankor da, hala nola bizia. Ideia arrunt horrek beldur eman zion. Zergatik jin zitzaion gogora? Iluntasunaren zilatzera entseiatu zen. Hastapenean, ez zezakeen deus ere hauteman. Ganbarako itzul inguruak, puskak, emeki emeki agertu zitzaizkion. Horra, bertze aldeko paretan, leiho-kuadroa. Gibelean, zerua: eremu urdina beltza abantzu, bazterretan urtzen bezala zena. Sosegatu zen.
Gogoa alha zitzaion: Abraham bere aita, Varsoviako imaia zenbait... Estonatu zen giza bizi batetan hainbertze gertakari bil zitekeela pentsatzean. Oinazeak berriro gorputza aldean bertze xixtatu zion eta grimasa egin zuen. Bularren bete hats hartu zuen eta, zergatik ez zekiela, zenbat gerlaren lekuko izan zen jakiteko tirria piztu zitzalon. Kontatu zuen. Behar zituena kontutan hartu juduek jasanikako jazarraldi, pertsekuzioneak ere? Baietz deliberatu zuen: juduentzat jazarkundeek gerlek bezeinbat balio zuketeen naski. Lehenbiziko gerla mundiala, zinagogen kontrako erasoaldiak Grodzisk eta Varsovian, bigarren gerla mundiala, ghettoa, ihesaldia eta berritz ere jazarketak. Frantzia aldera abiatu arte: anixko bazen. Kiresdurak bereturik, egin zuen bere baitan, hil bakar batek hunkitzenago zituela jendeak milaka hilek baino. Bertze girtenkeria bat, aski egia zeritzana hala ere. David-ek, adibidez, David Erregeak, ez zuen nigarrik egin, Absalon bere semearen tropa errebeldatuek hil zizkioten soldadoengatik, bai ordean Absalonengatik. Hori dena hein zen argi eta garbi... Ez zuen konprenitzen zergatik idole horiek oro oiloak arto bihietan irudi jauzika bezala aritzen zitzaizkion buru muinetan. Oinazeak bihotza tinkatu zion, eta gutik egin zuen ez baitzen orduan ito. Dolorea jabaldu zen.
Leihotik so egin zuen: oraino gaua. Labur lo egin zuela iruditzen zitzaion. Mekanikoki otoitzez hasi zen: «Eskerrak derauzkiat Errege bizi eta betiereko haizen hori, zeren, heure amodioan arima itzuli baiterautak; handi duk hire fidelitatea». Goizeko otoitza zen, gaua lo eman ondoan bizira arraekarri zuelakoan, Betierekoari, benedika dadila! eskerren bihurtzeko egiten ziona. Baina sendi ere zuen, begiak hetsiz geroz, berdin ez zituzkeela gehiago idekitzen ahalko. Izitu zen. «Heure heriotzearen bezperan egik heure penitentzia», erran ohi zuen Rabbi Eliazar-ek. Nola baina dakike gizonak, noizko duen heriotzearen eguna? Horra zergatik gaineratu zuten zuhurrek «Egik penitentzia, bada, heure biziko egun bakoitzean.» Irriño bat egin zuen judu zuhurtzia zentzutasunez betea zen.
Eli bere semea gogoratu zitzaion, eta gogoz haren irudikatzera entseiatu zen. Eli-k noizik behin izkiriatzen zion. Urteak baziren ez zuela ikusi. Gomitatua ere izan zen, Djamil bere arrasemearen ezteietara, judu marokano batekin ezkondu zelarik. Nola zuen izena emazteki hark...? Rachel. Kontent zen Rachel-en izenaz oroiturik. Arras ahantzia zuen, ordean, zergatik ez zen ezteietara joan nahi izan. Abdallah-engatik? Ez, aspaldi hila zen Abdallah haren arima bakean bego!. Bidaiaren nekeengatik orduan? Eztulka hasi zen Salomon eta bularrak eskuz tinkatu zituen, oinazea bere hartan atxeki nahi ukan balu bezala. Bat-batean, Yiddishez idazten ari zen familiaren historiez gogoratu zen; beretzat egiten zuen, lekukotasunaren uzteko. Lekukotasunaren uzteko ala beretzat? Arranguratu zen berritz. Azken gertakariak ezarriak zituena? Xuxen jakin beharrez ohetik altxatu nahi ukan zuen, baina gorputzak huts egin zion. Etsiturik, begiak hetsi zituen.
Lokartzeko beldur, berehala ireki zituen, eta iluntasunean itzaturik eduki. Bai, segur bezala zen notatuak zituela. Oroit zen, arriloben izenen emateko toki aski ez ukanik, kaier berri baten hastera bortxatua izan zela. Bide nabar jendea lehen baino luzeago bizi zela ohartu zen. Ez zituena berak hiruetan hogei eta hamabortz urte? Eta Eli-k berrogei eta hamabortz? Eta Gamliel-ek berrogei eta hamazazpi? Eli-ren semeak, Djemilek, jadanik hiru haur zituen alaba bat, Yahia eta, bi seme, Aduan eta Abraham. Satisfos, egin zuen bere baitan, ez zukeela Djemilek bere jatorria ahantzi. Salomonek ez zion bere buruari aitortu nahi, aiher zitzaiola Eli-ri arabesa batekin ezkondu zelakotz. Hein segur, bazekien, Betierekoaren aintzinean benedika dadila! gizakume guziak elkarren pareko zirela, eta basamortuan Israelgo populuarekin egin Aliantza, anitzez berriago zela Noerekilakoa baino. Bazekien halaber, Jerusalemeko Hamad familia, 1948.eko gerlan, juduen alde agertu zela. Altabada, arrotzak iruditzen zitzaizkion arabe horiek. Zergatik? Haren jokabidea zuzenkontrakoa zen, jakinean zegoen, baina, ororen buru, zer munta zuen? Ez ziona Eklesiastak «Zuhurraren memoria ez da zentzugabekoarena baino eternalago zeren, jada ondoko egunetan, oro ahantzirik baitaude. Eta zer? Hil behar du zuhurrak, hala noie zentzugabeak! Banaloria da dena.»?
Mundu guzia haren beldur zenaz geroz, ez zatekeen herioa, banaloria. Salomon, herioaren haizatzera entsaiatu zen Ruth, bere alabaren begitarte nigarrez estalia ber-ikusi zuen. Herstura batek gorputz guzia hartu zion. Oinazea biziagotu zen. Ito-aldi batzu ukan zituen, eta sosegatu zen. Ingurura behatu zuen ilunaren iluna ilunago iruditu zitzaion. Zer adin luke egun Ruth-ek? Berrogei eta hamaika urte. Haren haurrik maiteena zen, bizia, ederra, dohainez betea... Egun batez, ghettoan. Poliziak, isilkako inprimategia non zen xekatu zuen. Ruth trakt zabaltzen ari zela hartua izan zen. Biharamunean, Gestapo-a inprimategian sartu zen. Hamazazpi jende fusilatuak izan ziren.
Zenbait egun geroago, Moise zapatainak Ruth ikusi zuen jende beharreri salda ematen zieten tokian. Miriamek harengana joan nahi ukan zuen, baina Salomonek ez zuen utzi. Harentzat Ruth hila zen. Shira egin zuten, eta handik hara iraganean mintzatu ziren hartaz. Bizkitartean goiz batez buruz buru egin zuten bien Zinagogan. Ruthek bere begitarte nigarrez estalia harengana itzuli zuen baina berak ez ikusiarena egin zuen. Zergatik ez zuen barkatu? Hori zen behar bada Ruthen penitentzia. Zertarako zen intrantsigentzia, amodioak ez bazuen ordaintzen? Ezekhiel ahantzia ote zuen «Desiratzen dudana, gaitzegilearen heriotzea dea? erran zuen Jaunak. Ez dea gehiago, bere bizimoldean aldaraztea eta haren bizitzea?».
Salomon ahalketu zen eta nigarrez hasi. Bizi bat ez daiteke berritz egin, ordean, bururatuxea delarik. Bere nigar malkoen artetik, zeruko urdina oihal gris batek estaltzen ikusi zuen. Gaua bukatzera zihoakeen. Egun berriaren altxatzeak, beldurra garaiturik, esperantza berritz ikusi zuen haren baitan. Gamliel eta Eli berritz ikusi nahiko zituzkeen. Zergatik herioaren obsesione hori? Egun sentiko argiak ez zuena gauaren iluna iraungitzen? Leihoaren gibelean, zeru puskaño hura gorraildu zen. Eztulak beretu zuen berritz. Bista nahasi zitzaion. Begiak estaltzen zizkion lainoa urratu nahiz, indar bat egin zuen, bularretako mina iratzarri ziona. Hasperen bat bota zuen, eta etxe guzia ikaratan jarri zuela iruditu zitzaion. Nolaz ez zuen atezainak deusik entzun? Begietako lanbroa altxatu zen, ganbara ber-ikusten zuen, mahaina, armarioa, leihoa zeruarekin. Azken hau kolorez aldatu zen: arrosa, briolet. Salomonek biziki maite zuen Gamliel, mutiko jeneros, langile, legeari atxekia. Haren alaba, Sarah, ezkondua zen, eta haren semea, David-ek bi haur zituen: Abraham eta Rebek Betierekoaren laguntzarekin benedika dadila! denak judu zintzoak izanen ziren. Altabada maiteago zuen Eli, managaitzago, irekiago zen. Maite zuen, bai, arabe horieri juntaturik ere; juntatu zitzaielakotz behar bada. Bizitzea, bere haurtzarorako bideen irudikoa zitzaion arroilak, harriak, eta bizkitartean, bide markatu bat. Irriño bat egin zuen.
Ez ziroen konpreni zergatik irriño hori ezpainetaratu zitzaion eta herrek nahigabea sortu zitzaion. Oinazearen ausikia bortitzago egin zen. Deitu nahi ukan zuen, ezin, bermatu zen momentu bat, debaldetan: ahotsa, hor nunbait bere hortz tinkatuen gibelean gelditzen zitzaion. Etsitu zuen. Zertaz ari zen orai gogoeta? Bideez. Poloniako bideez, hango urki zuriez, Ukraniako bideez, elur zikinduak estali bide-xendra bihurdikatuez, Kazakh estepetako errauts horailaz...
Jerusalemerako bideak haren gogo nahasia estali zuen. Sanson-en bidea zeritzala uste zuen. Itsas bazterrean hasten da, eta eskuin-ezker zeiharka goiti badoa, Judeako mendietan gaindi bihurgune batetan, ustegabetarik, agertzen zaizu Hiria. Salomon, Harresiaren zutik iraun zuten harri zabal juntatu haienaintzinean ukan zuen pozaldiez oroit zen. Bere Historia. Nola ez bere erhiez hunki memoria: harri haiek esku betez perekatu zituen orduan. Eztulka hasi zen. Oinazeak begiak hets arazi zizkion, eskua higitu nahi ukan zuen, baina beso-zangoak pizuegi zitzaizkion orain. Berritz jendaldea ikusi zuen. Auhenen Harresiaren oinetan, haren aitzineko bilgian. Arrotzentzat, aztarna baizik ez zen Harresia. Juduentzat, aldiz,... zer zen zuzen? Lekukotasuna. Kontent zen hitza atzemanik, zenbait aldiz errepikatu zuen, hortzak tinkienean zituelarik beti. Horrek akituago zuen. Nekez ireki zituen begiak. Oro lanbrotsu ziren. Lanbroetan Varsovia, Eli, Ruth, Harresia.... lekukotasuna... zergatik lekukotasuna? Oroitu beharrez ari zen. Zertaz oroitu beharrez? Begiak hetsi zituen, ilunean zen berriro. Beldur zen. Betazalak beso-zangoak bezain pizu zituen orain. Goizargian ematu zitzaion dolorea berritz atzarri zen. Emeki emeki bularretan gaindi goiti heldu sendi zuen. Ahoa ireki zuen, oihua atera zekion, baina ez zuen aditu.
Goizean, atezainak Salomon Rotstein hilik aurkitu zuen, eta norbait Gamlielen bila igorri zuen.
|