L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Georges Brassens

 

Aurelia Arcocha

 

        Ez dugu gehiago ikusiko Georges Brassens, bizirik, bere gitarra eskuan, denbora zaharretarik aterako bardo bat bezala.

        1952.ean, lehen aldikotz publikoaren aintzinean presentatzen delarik, Brassens-ek 31 urte ditu eta ez da batere ezagutua. Sete-n sortua, familia xehe batean, 1940.ean joan zen Parisera. Gerla denboran, Alemaniara igorria izan zen «Travail obligatoire» delakoaren egitera. Gerlaren bukaera segitzen duten urteetan, anarkista militante bat izan zen. Baina ez zuen militante baten izpiritua. Brassens bakartiarrak, musika eta poesiaren bideak hautatuko ditu.

        Orain duela 30 urte, publikoak hasi zuelarik ezagutzen, sekulako eskandala egin zen bere izenaren itzulian. Kritiko gehienak kontra joan zitzaizkion. Ez bait zen tabuen beldur, agintedunak ez bait zituen errespetatzen, usaian ziren ideien kontra joaten bait zen... Ez, Brassens-en piko, zirikada eta zantarkeriak ez ziren aise ametituak izan.

        Baina aspalditik «fama txarratik» ateraia zen, Frantses Akademiak ere onhartua zuen «Poesiaren Saria» emanez. Gaur Brassens denek laudatzen dute; monumento bat bihurtua zen. Segur, berak nahiagi izanen zuen orain duela 30 urte bezala, izitu eta harrotu «sendimendu onezko» pertsonak, baina gizarteak poeta gibeletik atxemana zuen eta lehen eskandalo egiten zuten hitz eta ideiek inor ez zuten harritzen gaur.

        Batzuek diote damugarri dela ikustea aspalditik ez zuela deus berririk ekartzen. Halere ez dezakegu ahantz, frantses kantu bideak ideki eta berritu dituela beste batzuekin.

        Bere influentzia ez da hor gelditu. Brassens, Paco Ibañez-ek dion bezala, «poeta unibertsala» bait da. Halaber Gabriel Garcia Marquezentzat, Frantziako poeta handienetarik bat zen. Ez zitzaion, alta, Brassens-eri «poeta» kalifikatibo hori gustatzen; «ni kantu egile naiz» zion. Eta Colombiar idazle handiak aitortzen duelarik frantsesa ikasi aintzin bazakiela gogoz «Testamendua», ez ote zuen denbora berean ametitzen, Brassens-en boz berezia, Brassens-en kantuen erritmo zatikatua, hautsia, zitzaiola lelo magiko bat bezala, buruan sartu lehenik?

        Xalbadorrek ere ainitz maite omen zuen Brassens. Eta kantu egileaz zen jelos preseski. Xalbadorrek, usaia den bezala bertsolaritzan, jadanik ezagutuzko doñu batzuekin beztitzen hait zituen bere bertsoak.

        Badirudi urriki zuela doñuak berak ez eginik. Berak egin izan balu musika, kantu gehiago eta ederragoak eginen zituela omen zion. Ongi pentsatuz, nola Xalbador bezalako bertsulari bat indiferent egon zatekeen musika eta hitzak hainbat ongi josten zituen gizon baten aintzinean?

        Kritiko batek dio «Brassens musikaren gainean promenatzen zela». Ez ote du bertsolariak gauza bera egiten? Bestalde, Brassens-en poesi-antzerkiek Xalbador hotzik uzten ahal ote zuten?

        Dena dela, biziki interesante da ikustea Xalbadorrek Brassens-engan atxematen zuen ahaidetasuna.

        Xalbador eta Brassens lurraren pean daude, baina haien bozen oihartzuna orain eta luzako airean dabil.

        Poetak ez bait dira hiltzen, omen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.