Sukaldetik nehora
Ladix Arrosagarai
Memento bat gauza bihurtu, gauzaratu, hartzen eta itzulikatzen ahal izaiteko, oroitzapen labean pausatzeko, denboraren korapiloan ahantzi orde.
Iheskorrak bait dira, iheskor. Zigarretaren kea bezalakoak, gauza berdinetaz eginak bainan beti forma diferente bat. Aintzineko zuhaitz hauek, eta hango haiek, berrikitan berdetuak.
»...llaman al teléfono... zaldi bat dago salgai... beharrean aurkitzen da... Loiolako Herri Irratia...» Baionako katedralaren geziak, buruak baizik ez ageri. Zuhaitzak dardara, ezker eskuin, eskuin ezker, haizeari esker. Lanpagailu anakronikoa, tren-bide erdoilduaren hango aldean, errebotean ari da eguzkiarekin. Harek damaio segurik aire bitxi hori, beste galaxia bateko metalaz egina bailitzan, dirdiratsua, xuri zorrotza.
Hotzgailuaren kurrinka iraunkorra, Macondoren euriaren gisan beste ixiltasun mota bat bilakatua. Garazitik datorren tren arkaikoa, bi bagoiekoa, urratzera jina bainan ohituren kapituluan gakotua. Hura ere ahanztean eroria ixilka: nahiz haren oihartzuna oraino hisiatzen zuhaitzetan, nehor ez da gehiago haren iragaiteaz oroit. Teila gorriak hauzoaren etxekoak. Gaineko leihoa erdi zabalik, ala erdi hetsirik. Zuhaitzak berriz, hauek ere dardara, zerbait oraino bizi delaren lekuko. Primaderako lehen uli ausartia balkoiko ate idekitik barnera, itzulika, kanpora.
Beste tren bat, munstro bat iduri. Zuhaitzei lot soa, trena paisaiaren beste gailu bat baizik ez da. Trenari lot begirada, denak mugimendu iduri du, bainan pasatua delarik, zuhaitzak mutur. Zuhaitz hurbilenak, hor berean. Aulkiaren zura bizkarrean sartzen maltzurki, bere burua haragian ehortzen progrezione monotono batez. Posizionez aldatu.
Aldaxka bat, bestetarik berextua, bakarrik, beso fin baten grazia, larrua zeruak ixurtzen duen esneak xuritua, haren formak ezin hobeak bait dira, artista ezezagun batek maixuki xixelatua. Aldaxka-besoaren osotasuna, hausketarik gabe, erregularra, bizia, maitagarria. Zeru hurbilari eskainka ala deika, gora begira, bakarra eta ainitza, kea bezala, zuhaitzen gisan, iragaiten den unearen pare; dena eta deusaren sinbolo ahula.
Txori bat pasatzen. Txori bat, haragia eta hezurrak, lumak eta hegalak, alimale ttipi artikulatua, airean ibiltzen dakiena.
Itzala gibelka hasten da balkoian. Lurra ba diak, nahi likek joan, bai, bainan ezin, beti itzuli bera egiten dik. Utzak egitera. Kearen usaina, sukaldea kutsatzen duena, gure azken hezurrak suntsiturik oraino somatzen ahalko baita. Gaineko estaiatik zenbait kadira-arrobots. Lasaitasun desesperagarri eta beldurgarri hori. Azantzen ausentzia edo, xuxenkiago, arrabots guzien ixiltasunean ixurtzea. Telefonaren mututasun erogarria. Zigarreta hiltzen ari, pittaka, oldartzerik gabe. Hari bat, natura eta gure artean, mehea, Damoclesen ezpata inebitablea gainean dilindan. Pika, luze eta ebats. Detaileak. Oro berdin, herenegun, atzo, egun, bihar, etzi. Bat, bi, hiru, lau, bost. Helduden, joanden. Ezahalkerizko sentimendu krudela. Azken pundu hura, hontan baitira nahastekatzen bizia eta heriotza, xuxen ez bait daitezke berex. Hutsaren intuizionea, oihuka. Ttipitasunarena.
Desagertzearen bidean, agurea beti ipuin bera kondatzen, alta aldi guziz diferente iduri. Ipuina beti agure diferente batek kondaturik, alta aldi guziz berdina iduri.
Balkoiko atea hets.
|