Kultura eta Bretaniaren geroa
Xavier Grall
Abendoaren 11an, Xavier Grall, Bretaniako idazle poeta zendu da. Bizi guzia jazarria zen bere herriaren zapaltzaileen kontra eta bereziki Bretaniako kultura ttipitu eta ezdeustu nahi zutenen kontra Haundien botere mugagabe nahiaren kontra bere azken hatseraino borrokatu da, bere idazki eta mintzaldietan. Pentsatu dugu ikasle batzueri egin zuen mintzaldi baten itzulpenaren argitaraztea gure maiatzerako agerkarian. 1967.ean eman zuen, baina egungoa da haren karra eta kultura aberasgarriarekin.
1982 eko leihorretan, Bretaniako haizea.
* * *
Bretania, egun, Antigona da Azazkalekin lurra zila dezan, han bere maitearen ehorzteko, galdegiten diote.
Haren maiteak, zuek zarete, ni naiz.
Creon-ek, Pompidou izena duelarik, bere zangoko behatzak gure ondartzetan mainatzen ditu Antigonari buruzko omenaldia ez da urrunago joaten. Bainan, Antigonaren azazkalak gogorrak dira. Eta boz eder batekin hil hobien sahetsean jazartzen ari da.
Kulturaren garrantzitasuna Bretaniaren geroarentzat, bainan arrunt baitezpadakoa da. Erraiten ahal da problema bakarra dela. Ez dela beste problemarik. Bizia beraren problema dela.
Kreatzen ez duen populu bat, hiltzen ari den populu bat da.
Kantatzen eta oihuka ari direnen ahoak hesten badira, erahiltzen dira. Hesturak mota guzietakoak dira. Batzu dira basak. Beste batzu sutilak. Hemen Inca herrietako bardoak ezpatarekin suntsitzen ziren. Hor, bardo bretoinak ero bezala ekartzen zituzten. Hemen konkistadoreak. Hor, eskoletako inspekturrak. Mundua, horrela, ezin entzunezko kantuek, kolore fundituek eta poema galduek betetzen dute. Inperio haundiak inperio kulturalak dira.
Ezaguna da Staline-n ateraldia: «Batikanoak, zenbat soldado dibisione?». Oharpen zozoa. Zer izanen zen Staline, Karl Marx gabe? Zer izanen zen frantses inperioa, Klasikoak gabe? Zer izanen zen espainol inperioajesuiten Biblea gabe?
KULTURAZ KOLONIZATUAK
Ez da kolonialismo izigarriagorik nola kulturazko kolonialismoa. Mail hortan, monarki gaullista ez dabil hain gaizki. Gramatikak soldadoen livreta ordaindu du. Norbait aiseago estekatzen da arrotza zaion mundu bati. Eskola alienazione tresna erradikalago bat da kaserna bat baino. Jakin behar da hori. Besterik ez.
Frantses inperio kolonial berria deitzen da Francofonia. Ez du balio harritzea. Jarriak diren botere guziak, nun nahi izan diten, zapaltzaile eta konkistatzaileak dira.
OSOKI GIZAKI BAT IZAITEA
Bainan, zertaz ari gira? Kultura eta Bretaniaren geroa, diozue? Ba, eta Bretoinen geroa. Azken finean, gizaki batzu izaitea, osoki. Ez gizaki kanbiagarri bat. Ez da bizi guzia aireportuen hall-etan pasatzen ahal; kurioski, leku horietan, Detroit-eko makiñuna eta Tel Aviv-eko tratulantea edo Paris Matcheko reporter-ak elgarren egite berdin berdina dute. Sortu gira eta lur berezi bat maite dugu. Piska bat mundua kurritu dugu. Bazter batzu ikusi? Beste leihor batzu maitatu? Gureekin egiterik ez zuten beste emazte batzu maitatu ditugu? Eta hunat gira itzultzen? Brankan dugu bihotza? Eta, nun ere ibili baigira, nolanahikoa izanikan ere gure ametsak goxatu duen itsasoa, hunat gira itzultzen. Gure iparrorratzetan, gure bihotzak mendebalera gidatuak dira? Horra zergatik zonbeitek erraiten duten iparra galdua dugula!!
Horrela, osoki guhaur izaitearen gura dugu. Eta hortakotz gure kulturaren begiratzeko gura.
BA DEA KULTURA BRETOINIK?
Azken finean, ba dea kultura bretoinik? Eta, gain gainetik, kultura hori balin bada, zer etorkizun duke oraino, giren mende huntan?
Bainan, zer da Kultura? Malraux-k, hortarako etxeak eraiki ditu. Bainan berak aitortu du etzakiela soberarik zer zen kultura. Erran dezagun, denbora sobera galdu gabe, kultura dela senditzeko, pentsatzeko eta izaiteko manera bat. Eta horrela, dudarik gabe, ba da kultura bretoin bat.
Sentsibilitatea. Lehenik, bat behar da ukan. Alde hortarik ez gira sobera gaizki. Sentsibilitate jauzkor bat da, iduri sartua, lurpekoa. Euripean dabilan xahar bat bezala gure baitan bakarrik mintzo da. Xahar hozpil bat. Kantu bat, bidean kausitu adiskide bat, baso bat arno, eta horra sentsibilitate hori, argian dantzan. Irima bretoinak, alde hortarik, eslava aire bat ba du. Kasetalaritzan ibili denboratik bi oroitzapen azkarrak gelditu zauzkit. Bi taberna ziren. Bata Viennan. Hungriar taberna bat Bestea Dublin-en, Irlandan, bera gelditua izanen zen Bretania hortan. Bi toki horietan senditu dutana da elgarren arteko sentsibilitate baten jaigitzea. Batean eta bestean, edaleek ikusgarrian parte hartzen zuten. Poetekin kantatzen zuten. Heiekin irri egiten zuten. Helekin oldartzen ziren. Herri bat osoa, zauritua, hor zela sendi zen.
Hemen, tanke rusoek odoleztatu Hungria bat. Han, Inglaterraren korona desafiatzen zuen Irlanda bat, erreginaren soldadoeri lehergailurik botatzeko ez ukanik penetan zen Irlanda bat. Denek senditzen zuten eta bertsutan erraiten, bizidun talde batek izaiten ahal dituen jazarketa, aberrirako pasione, kolerak, alaitasun, tristezia eta etsidurak. Momentu horiek maite ditut.. Populu ukatuen graziazko estatuak...
SENTSIBILITATE BIZI BAT
Sentsibilitate bizi horrek, bere buruaz kezkatua, gure gogoetako ezin geldituzko uren gorapen eta beherapenekin, expresio poetikora zuzenki ekartzen gaitu. Erromantismoaz eta bere sorkunde keltoaz ikasia duzue. Ez du balio berriz horren aipatzea. Tesiak idatziak izan dira. Liburu jakintsunak ere. Erran dezagun laburki gure amentserako ixurkia segurki ba dela eta ixurki horrek, ontsa baliatua balitz, gaurko idazki eta arteeri dimentsio gainerako bat ekar lezakeela. Robbe Grillet-ek kasu eman behar luke Ossian ez sobera baztertzeaz.
Gure adimenaz (inteligentziaz), erran dezagun intuiziozkoa dela. Bakotxak ba daki hori. Jadanik erranak ez ditut ber erranen. Jainkoak, nolazpeit, zerbait gehiago eman dauku. Baitezpadakora xuxen joaiteko ahala. Ba dira populuak duda-mudakariak. Guk, burura jotzen dugu berehala. Guri da holako ahalaren baliatzen jakitea. Guri izendatzea. Guri erraitea. Guri idaztea. Guri bizitzea. Guri gudukatzea. Borrokarikan gabe ez da kultura bizirik.
Orai arte, kultura hori, elearekin idatziarekin baino aiseago agertu da. Barzaz Breizaren gertakariak jakinak dira. Belauruetan erran leiendak eta hitzak. Jauregi gordagietan erran leiendak, Etxaldeetan ahozkatu leiendak. Miseriazko eta fiertasunezko leiendak larretan erranak. Ahozkatu kultura. Kultura ahozkatu bat dugu. Bihotz garbi batzu, taulaño zonbaitetan kultura hori bildu nahiz ari izan dira Ebanjelio bat bezala. Bainan, dudarik gabe, beren sor jantzietan texto horiek behar dira entzun. Beren berbo propioarekin. Frantsesera ez itzuliak. Ezpaten puntek bezala hitzek, orduan zilatzen dute. Hitzak, orduan, ardi ileak bezain beroak dira.
Ukatuaren nahikeriarekin edo bakartiarraren urguluarekin berriz eskuratu kultura. Jakez Riou bezalako poeta batzuek edo Tanguy Malmanche bezalako antzerki egileak. Ez dut gehiagokorik erranen. Ba dakit, hemen, ni baino jakintsunagoak ba direla. Neofita bat naiz gai hortan. Ene herriaren ritmoa ez dut hogei ta hamabost urteetan baizik ber aurkitu. Egunak eta egunak beharko ditut oraino nihaurren izaiteko.
Jantzietan, mubleetan, arte sakratuan agertzen den kultura kolektiboa. Beste nunbaiteko herrietarik jiten zen guzia bretoinak bere agotik ber pasatu du. Munduko tankera guzietan hartu bere ontasunak eta bere moldera plegatu ditu. Zerbait erraiteko ba zuen. Akaia zuen eskas. Nobleen edo Elizakoenganik beharrezko eskudoak hartu ondoan, erraiten zuen: «Eginen dut hori, Parisen edo Florencen bezala». Obra bururatu eta, beste zerbait egina zuela, gerezi basa edo harria keltizatua zuela ohartzen zen. Keltizatuak zituen ere burukoa, maripulisa, xapela, Introit-a eta Ite Missa Est-a...
HERRIKO KULTURA BAT
Herrikoa deitzen den kultura. Kultura kolektiboa, arras pertsonalista. Aire bat hatsa hartzeko. Xorilari lerden batek bezala guretzen ginuen haize bat. Xoria beste nunbaitekoa balitz ere, gure nigar eta irriak emaiten ginizkion. Ontasun gorde hori, munhoen gordagietan, leihorretako haizean. Haren bihotza eskuratzeko, Bretanian ainitz ibili behar da. Zuen denborako hutsuneak baliazkitzue. Herriko bidexkak harzkitzue. Sar zaitezte kaperetan. Egin galdeak iturri eta hezur hil herrieri. Zuetarik puska bat beti nunbait lurretik bilduko duzue.
Zuen indarrak eta kuriositateak emeki emeki aberastuko dautzueten jakintza horrengatik ez ukan espantu zozorik. Gureak baino eskultore abilagoak ba dira. Poeta handiago batzu. Kulturaren kontrarioa da kultura eihartua. Geroxago aipatuko ditut.
Beraz, kultura berezi, lanbrotsu, lurpeko bat ba dugu. Hartarik dugu abiatu behar, eta egungo munduaren haxean jarri. Eta biharkoan. Zeren eta, Bretania ez da izanen ez balin ba da exprimatzen.
SINESTEN DUTANA
Orduan, erranen duzue, zergatik lanpak itzalirik daude? Arrazoin duzue. Hor da arazoa. Ene sinestea salatuko dautzuet. Lehenik hau ba da izurrite bat, «la province» goiko nagusiek hala deitzen dutenaren baitan dagoena. Regionalismoa kulturaren kontrarioa da. Henri Queffelec, Michel Debré-ren ildoetarik doa. Nahiz Queffelec-ek talendu zerbait ba duen. Bainan, zer erran dezakegu beren buru «bretoin» deitzen duten literatura horietaz? Gure andere haundiek izenpetzen dituzten poema eta elaberriak, beren broderia, buruko muntadura, kaio, eta oteekin... aipatu nahiz gure pentsamendu eta nahikundeak... Botrel xarmanta zen. Bainan bretoina zena? Aa, bistan da, turistek maite dute. Beren hiri auzoetara ekarri pusketan Quimper-eko HB gatiluaren ondoan Théodore eta Théodule-n dizka dago.
Bretaniak ez dezan bere permanentzia ager, nahi duten horiek guziak, alegeratzen dira hain ontsa erroraino baliatzen ba dakiten gure pertsona itxuraldatu hortaz.
Alde hortarik, zaudezte lasai, agerkari batzuetan, beren titulu regionalista planttakoak aurkitzen dituzte. Ez dela sobera galde egin behar kantonamenduetako paper horieri egia da. Ordoki hits horiek Botrel-en gari beltzak baizik ez dituzte nahi.
Regionalismotik baztertu eta Bretania, izaite berezi bat bezala kontsideratu kultur eta izpiritu mailetan. Egin behar dena: lehenagoko lur zaharrarekin kantu berriak idatzi. Bretoin elaberri egile izaiten ahal da eta ez Bretaniaz mintzo. Samuel Beckett-etarik, Y.M. Rudel-etik baino hurbilago bere burua senditzen ahal da. Kreatuko dugun mamiak gaitu edo Kelto edo Latin eginen.
ASKI ZINKURINA
Bainan, bizi nahi duen Bretania hori beste virus batek paralesiatzen du. Zinkurinka artzeak. Hori da azpikotasun konplexa higuingarri hori, politika batek eta egituren eta bizimoldeen aldaketa orokor batek gainera hantzen dutena. Ate xokoan masturbatzen ari gira. Kultura greko-latinaren kontra ez dela deus egitekorik beti erran daukute. Denetarako ihardespena ba zuela. Eta unibertsala zela. Garraituak ginen eta gure nagusiak sinetsi ditugu. Gure xokoan gure kolerak marmarikatzen ginituen. Guhaurren ahalge ginen. Horrela, seudo-kultura zinkurinkari hori, antzua, erdi bretoina, erdi frantsesa, gutarik hainbestek oraino zabaldu nahi dutena. Zer miseria. Burra mintua. Ondorioak? Aski da begien idekitzea Probentzako villa batzu Beg-Meil-en, mezkitak elizetan, kalonje hepatikoen kantikak gure dizketan. Ez da kulturarik fiertasun gutien bat gabe.
Eta horra nora heldu nahi naizen. Ez da gehiago kultura bretoinik izanen aitzin hautu bat egin gabe. Hautu horrek hau izan behar du: Bretania nazione bat bezala kontsideratu eta ez Pompidou-ren konzepzionetan bezala «region» bat. Regionea, izaki teknokratiko bat da. Bortxaz, mugatua da, ordea, kultura egiazko batek ez du mugarik. Regione bat luzagabeko gauza bat da, aldiz, kultura bakotxa permanentzia baten baieztatzea da. Nazionea hil ondoan gelditzen dena da regionea. Preseski, gauza inportante dena da ez hiltzea.
Gure E.N.A.ko ikasle ohientzat, argi eta garbi da, basurde eta gizaki butu-dun batzurekilako regione bat parke ahal bezain natural batzuekin, problemarik gabeko regione bat izan ditakela, Delako «loisir»ezko kultura baten zabaltzaileentzat, Bretania plataforma ideal bat ditake. Udan, gure paristarrak jin ditazke trein espezialetan. Raz-eko lur muturra eta Kreisker-a bisita lezakete. Aratsean, entzun dukete Bro-goz-mazadou edo Paimpoles edozoin bat. Sagar ardoaz ase eta prospectus batzu Armoreko abere eta landareeri buruz. Hori egin dute Indioen haurrekin, populu libro haundi horrekin. Gero, jin ditazke etnologoak, soziologoak eta mundu modernoko Trissotin guziak. Eta gisa berean linguistak eta filologoak. Zer pastiza estrukturalistentzat, ala ez?
POPULU UKATU GUZIEKIN BATEAN
Bainan, ausartatzen delarik Bretania aberri bat bezala kontsideratzera eta nazione bat bezala, denak posible dira. Eta orduan, lurreko populu ukatu guziekin harmonian senditzen gira. Orduan Miguel Angel Asturias, Cesaire gure herritar bilakatzen dira. Orduan Woodie Guthrie, folk song-aren sortzailea gutarik bat bilakatzen da. Orduan kultura betiereko temek gure izpiritua ferekatzen dute.
Orduan, kolonialismoa, debelopamendu gabezia, atzerriratze bortxatuak, minorien erreibindikazioneak ez dira gehiago guretzat ideia urruti eta folklorikoak bainan esperantza eta min batzu mugi arazten gaituztenak.
|