L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 1 (1982-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskaliburu

 

Mari Manddolin

Itxaro Borda

 

        Nolaz ez erran euskal literatura bere bide ugaritik doala, horrenbeste liburu eta liburuxka ateratzen diren garai hauetan. Lafitte jaun kalonde ospetsuak ez ditzazke omen, denak irakur. Larrazken hontan behintzat, dazkigun agertuekin laster eginen da inguru mingurua. Argitara eman diren gauzak ederrak eta mamitsuak izan arren, zenbaketa mendratuz doa.

        Hala ere, iparraldeko lan idatzietaz bizpahiru aipamen moldatuko ditugu euskaliburu sailean...

 

        Beti bezala, udazken hontan balore segurtatu eta konsekratuek beren emaitzak eskaini dizkigute. Lehenik, laster aterako dena, eta autobiografian darraikanaz geroz, Daniel LANDART gazte suharrak bere antzerkien best zatiak bilduma batean ematen dizkigu. Badakigu Daniel Landarten balio literarioak ez duela, ez euskararen aldetik, ez eta militantziaren aldetik nehon beste parerik. Lorategi hau ELKARek argitaratuko du... ELKAR ber horrek haurrentzat sail interesgarria darama: Julen Verne, Mark Twain eta horrelakoen idazlanen laburpenak ateratzen ditu. Eguberrikariko presente bezala, liburu horiei pentsa dezakezue. Gainera komikiak ere badituzte.

        Behar dugunaz ere, herriko apezkrazia honen indarra laudatu, «Jesukristoren imitazinoa» sailan, HERRIAk Jean Hiriart-Urrutyren «fedearen argian» agertzen digu. Hau adinekoentzat, eta gaztetxoentzat hor dugu katixima ilustratu bat «Harri Biziak» apezpikuetxeak atera duena, bi hizkuntzetan eta Etchegaray kardinalaren hitzaurrekoarekin... Fedean beti zintzo euskalduna!

        Balore segurtatuak aipatu ondoan, hitz bat generrake JON CASENAVE gazteaz. Bere ipuinak (ilun ilunak, omen Mirande zenaren ildotik doatzinak) bilduma batean agerrarazi ditu HORDAGO etxean. Lehenagotik ere beste bi liburu sortu zituen «Ustela» sailan («Zutaz amoroski» eta «Azkenean dilindan», hau Mattin Larzabalen kolaborazinaz) iparraldeko euskolastika mentszale hontarik baztertu nahian. Oraiko honetan dirudi euskarak irabazi duela (zerbaitek zerbait irabaztekotan, noski!).

        Kapitulutxo berean bi liburu tekniko aipa genezazke, biak hegoaldean argitaratuak: dira, bat Karmele Etxenagusiaren «Iparraldeko idazleen loretegia» (hirurogei bat izen lerrokatuz, hemengo idazketaren prolematika azaltzen digu), eta bestea «Bertsotan» ikasteko metoda beharrezkoa. Hazi onaren barreatzeko bi manera!

        Azken batean, nola utz isilean iparraldeko balore postumak. Halatan Etien SALABERRI, gure filosofobergsoniar handiak bere kontuan atera du, gutun bilduma atsegingarri bat (marrazkiak eta guzi), «Benat adiskidea, agur» deitua, ZABAL etxeak banatzen duena. Bestalde, aita ZABALAk, AUSPOA editorialaren zuzendariak, Mattin Ahetzekoaren bertsoak eta Xalbador Urepelekoaren batzu plazaratuko ditu. Segur gara harrera ona izango dutela, hain dira bi bertsolari hauek gure bihotzetan leku hoberenean...

        Bururatzeko gisan, erran genezake (oharpen bat baizik ez da) euskal idazle gazteak sendo eta fuerte dabiltzala adin aintzinatua eduki arren. Hilak ere beren hobietarik mintzo zaizkigu. Ba dute merezimendu horrenbeste irauteaz! Nolaz ez...

        Liburu hauek denak ZABAL, Baionako Pannecau karrikako 52an aurki dezazkezue.

        Hurrengo zenbaki batean, orokorki eta berdin xeheki, 1981.urteko emaitza literarioa aztertuko dugu. Jainkoak nahi baldin badu segurrik!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.