Orroitzapen galduak
Mari Amestoy
Zapata ttipi pare bat bide bazterrean; Aitatxi pipa itzalia hortzen artean, belarrean jarrita; neskatto bat zangoak putzuan sartuak, irri karkailaka:
«Aitatxi, aitatxi!», gona gerriraino bustia errekan jauzika.
Goizeko iguzkia gora, gora zeru argian, ainarak itzulikaka gero ta beherago, euria egingo ote?
Orga baten karranka bidexkatik behera: «Ama, ama, ama!» Neskaren ama kexu: «Bainan, aita, nolaz uzten duzu haurra putzuan jostatzera?»
«Utzan neska, bero egiten din, egun ez dun hoztuko.»
Gibeleko atetik amatxi ateratzen da bere zaia luze ttitadunean, galtzerdi beltz, espartin beltz, moño xuri: «bazkaria prest da.»
«Lehenik orga deskargatu behar dugu, ortzantza egin baino lehen, arno trago bat ekartzazu otoi, ama.»
1981.ko udan
|