L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Otso emea

 

Misilav Savitch

 

euskaratzailea:
Beñat Oiartzabal

 

Herritar zaharrenen oroimenez sekula ez ikusi elurte nasai ohigabekoek gure mindietaraino jin ikusliar eta ibiltariak herritik aizatu zituzten, beste bisitari desiragarri ez ziren batzu eratorriz ordean: otsoak.

        Egunez egun elurrak elurrari, maluta pizu tinkoen erauntsiak ez ziren atertzen. Zerua, belaunikatuz bezala, lurreraino jaitsi zen harekin bat egiteraino. Arrats-goizak ere halaber juntatzen ziren ezin urratuzko iluntze gris triste goibel batek, oro estaliz, biltzen, inguratzen, setiaturik bezala atxekitzen gintuela. Elurraren zuriaren histurak bazter guztiak berdintzen zituen. Laster leihoetaraino goititu zen elurra, zedarriak, hesiak, lur azaleko zimur guziak, azpian ehortzirik zeduzkala. Barruki edo putzu, urtegirainoko bidexkarik ez zitekeen ireki: ura atera denboran, abereei hazkurria eman orduko, elurrak gure hatzak ezabatuak zituen. Giza marka guziak desagertarazten zituen mihise zabal isiltasunez beterikako hark.

        Elurtea doi bat ematu zelarik, argizagiak argitu lehenbiziko gauean, agertu ziren otsoak. Gau hormatuan arditegietaraino hurbildurik, gure artaldeei jazarri zitzaizkien, anitz ardi ebatsiz, beste hainbeste sarraskituz. Ondoko gauean ber gauza. Gure zakurrek deus ez zezaketen egin. Atalatzetan ikus zitezkeen, izituak, barnera sartzera utz genitzan etxeko ateak aztaparkatzen zituztela. Baño baizik ez zen otsoei oldartzera ausartatu, damu izateko denborarik gabe xirtxikatua izan zen.

        Hau kalamitatea gertatzen zitzaiguna! Hartarik begiratzeko herritar guziek bat egin genuen. Lakioak, tranpa-ziloak egin genituen, sare arteak hedatu, inguru guziak segadaztatu, zenbait bildots pozoindatu eta han hemenka barreiatu. Horien guziengatik, ordean, ondore on guti. Ehiztariek, beren arma zaharrekin, ez zuten hoberik, barrandan zeuden tokietarik urrun zegozkien otsoak, hala nola deabrua gurutzifikatutik. Usu, zelatan egon ariaz, loak garaitzen zituen, eta pizti basa izigarriak hurrantzen zitzaizkielarik, hotzak hebaindurik, gaizki begiztatzen eta tiratzen zuten.

        Aitor dezadan. Otsoek ehun bat ardi ohoindu edo sarraskitu zizkigutelarik, guk haieri egin makurren kontua zinez hurria zen. Orotara lau otso, zaharrean ezinduak, eihartuak, azken ukaldia neguak baino gizonek eman geniezaien nahiago ukan zuketenak. Tropaburuak edo hoin lanjeros izan zitezkeen otso bakartiarrak, herria inguratzen zuten mendi kasko elurrek hartuetan, egon zeuden, gau guzia, gau guziez, geldigabe uhurika, halako gisaz non lotan ere, haiek ametsez bezala adituz, dardaraz baikeunden, beldur ikarek gorputza aldean beste zeiharkatzen zigutelarik.

        Goseak hortaratuak, laster ardiei ez ezik, jendeei ere jazarri zitzaizkien otsoak. Gau batez, herritik bazter bera benturatu zen eiherazaina zarrastatu zuten, deus ere ez baitzen, ondotik gelditu gizagaizo hartarik, haren makila eta eskalapoinak salbu, eta odol hormatu poxiño bat ere.

        Halaber piska bat geroago, baina egunaz aldi hartan, gizon gazte bat xehatzer zuten. Zuhaitz batetara iganez itzuri zitzaien hura, eta han egon zen egun guzia, hotzak hil hurrana, mendiaren bakartasunean norbait etor zekion alferretan helka. Otsoak itzulika zebilzkion azpian, helderra zeriela, zuhaitz trunkoari atzaparrez, hortz eta haginez, errabiazko jauzitan lotzen zitzaizkiolarik. Ezin ihardukiz, gizon gaztea etsitzeari zegokion, noiz eta ere arropen kentzeko eta lurrera, otsoen artera, haien erortzera uzteko ideia gogoratu baitzitzaion. Otsoek arropa oihal lodia usnatu zuten, beren artean gerla gorrian tiraka erabili, azkenean xehakatu, purruskatu, zirtzilkatu baitzuten. Ondotik lekuak hustu zituzten. Gaixo gizona, har bat iduri, biluz gorria, beldurrak beretua, herrira herrestan jaitsi zen. Hezurretaraino hormatua, bi astez erdi hilik egon zen, herriko belargilerik hoberenek beren sendagarriak eradaten zizkiotela.

        Anitz jende izan zen ondoko egunetan halaxe atakatua, baina suertea lagun, denak bizirik atera, edo gizon gaztea bezala zenbait zuhaitzetara iganez, edo su bat pizturik, edo puñalarekin batean eskumenean zedukaten sardeaz otsoen gibelaraztez.

        Egunak joan, negu hondarra jin zitzaigun. Elurra jada gune apalenetan urtzen hasia zen eta ertaroa etorririk otsoak, naturalezak hala manaturik, mendira erretiratzera abiatzekotan ziren. Hain zuzen ere herrian egon ziren azken egunean agitu zen, denen gogo-bihotzetan itzaturik geldituko ziren gertakari hainbeste urteren buruan ahantzirik ez gaudenen hastapena: iturriaren ondoan herriko neskatxarik ederrena hartu eta berekin eraman zuten. Etxalde aberatseneko alaba bakarra zen; haren aita uholdeek gizendu pentze, soro, bazkaleku herriko ederrenen jabea zen; sagardi hoberenak ere bereak zituen.

        Iturrian gizon atsegabetuak pitxer jaurtikia eta mendi elurreztatuetan galtzen ziren otso izigarri baten hatzak baizik ez zituen aurkitu. Odol markarik zen mendrenik ez, ordean. Herri guzia asaldatua zen. Miaketa gaitzak egin genituen, orok parte hartuz. Hezur bat, xerlo edo ile batzu bederen atzeman beharrez bazter, zoko-moko guziak ikertu genituen. Alferrik. Iduri zuen mirakuiluz bezala joan zirela otsoak. Haizegoa altxatzearekin gesalpena hasi zen, hatzak ezabatuz. Zakurrak, udaberriak berpizten zituen landareen usainak mozkorturik, otsoen urrina ezin ezagutuz, nora ezan itzulika zebiltzan.

        Azkenean, hilabete baten buruan, esperantza galdu genuen herritar eta ahaideen baitan neskatxaren oroigarri izan zitekeen deus hark utzirik atzeman geniroela.

        Ondoko negua ez zen hain bortitza izan eta otsorik ez zen agertu. Oro ahantzixeak ziren, gertakari hits deitoragarri haiek, gesalpenak aitaz beste herritar guzien baitan urtarazi balitu bezala. Etsiturik aita penatuak hil herriko sartzean berean harri bat, alabaren oroigarri, altxarazi zuen, haren ondoan hiru pinu gazte landaturik.

 

 

Hala ere, bigarren udazkena bururatzearekin aro gaixtoa heldu zirela oharturik, inkaskako apailuetan hasi ginen. Arditegietako hesiak goratu eta azkartu genituen, zakur lodiago, otsoek nekez beldur zitzaketen batzu ekarrarazi genituen, eta idi pare batetan truk bizpahiru karabina berri erosi. Etortzen bazitzaizkigun prest geunden otsoei buru egiteko, berritz herrira jiteko gutiziaren haien baitarik behin betikotz kentzeko.

        Lehenbiziko elur jaisteak iragan ondoan gure oihan guardiak berri bat bitxia ekarri zigun, sinetsi ez bagenuen ere harritu gintuena. Otsoek, oihanean zebilela, inguratu omen zuten, eta fusilaz armaturik izanarren, harenak egin omen zukeen, hara hurbil ezteiliar talde bat sekulako arramantza eginez pasatu izan ez balitz. Besta egile haien oihu, kantu, eta zinbalotsek ihes joan arazi omen zituzten otsoak. Baina ez zen hori hats bahiturik utzi gintuen berria. Oihan zainak alabaina, otso handi baten ondoan bi urte aitzinago animaliek ohoindu ziguten neskatxa ederra bizirik ikusia zuela erran zigun. Otseme itxura harturik eta lau hazka kurriturik ere, segur eta fida zen gure oihan zaina, herriko neskatxa zela; otsokumeak ba omen zituen inguruan, haren umeak itxura guzien arabera, zeren gizaurpegia baitzuten. «Ederra da oraino, ororen artean ederrena» zerasan oihan zainak. Herritar guziek, gure gizona, izialdurak zentzua jorik arrunt tetelatu zitzaigula uste ukan genuen.

        Handik laster baina, horiek oro oihan zainak asmatu edo amestu ez zirela egiaztatu genuen. Otsoen artean entelegua zuen norbait bazebilen dudarik bat ere gabe: arditegietako ateak irekirik aurkitzen genituen, arteak deseginik eta beti hutsik. Halaber lakioak desestaliak izan ziren eta lurrez betatuak; goiztirietan bildots pozoindatuak atalatzetan atzematen genituen, haien ondoan gure zakurrek azken hatsa zematela. Gutik egin zuen ez baikinen herritarren artean joka hasi, susmoa hartu baitzuten zenbaitek, gure artean norbait bazatekeela otso hilketaren galaraztera deliberatua.

        Baina arditegien ondoan, otso marka bezainbat giza marka ziren hatz batzu ikusi genituenean, oihan zainak errana sinetsi genuen. Otsokume bat hil genuelarik, azken dudak joan zitzaizkigun. Alabaina hortzek ezik, otsokumearen begitarteak gizaurpegia zirudien, aitzineko zangoak ere gure eskuen idurikoak zituen.

        Izigarrikeria horrek herri guzia asaldaturik jarri zuen. Jendeak, orok hobenduntzat zedukaten neskatxaren aita gaixoarengana galdezka joan ziren. Gizon zaharrak, bere burua zuritu beharrez, ahal bezala ihardesten zien, tristerik, baina begien dirdirak salatzen zuen esperantza berri batek zuzperturik ere; haren alaba maitea bizi zen oraino, salba zitekeen. Zituen ondasunak oro hitz eman zizkion, otsoak azkeneraino hilik alaba ekarriko zionari.

        Orduan ezagutu genituen denborarik larri eta latzenak. Otsoek gain hartzen ari ziguten. Gure fusilez beste deusek ez zitzakeen gehiago izi eta gibelaraz, ez oihuek, ez puñalek, ez bertza joiteek, ez eta suak berak ere. Sugarretara hurbiltzen ziren, batere beldur gabe, beren bihotz hormatua eta zango karroinztatuak berotu gogo bailituzten. Bazirudien giza jakitatea beretu zutela.

        Inor ez zen bakarrik etxetik kanpora benturatzen; birazka, gero hirunazka, laster hamarnazka, genbiltzan, sekula ez karabinarik hartu gabe. Gauetan, nork bere etxean gakoturik otsoen uhuriak entzuten genituen, iduritzen baitzitzaigun zerbait ospatzen zutela eta bestan zirela haiek. Ezin lokar, ezin pausa, otoitzez aritzen gintzaizkion Jainkoari, otsoen menera erortzetik begira gintzan, eta zerbait egin zezan Izpiritu gaiztok igorri kalamitate horren gureganik urruntzeko.

        Nork daki zer gertatu zatekeen hola segituz, herritar gazte bati ideia salbagarri bat sortu ez balitzaio? Gizon gazte pobrea zen, neskatxa maite zuena, eremuts izanki inoiz aitortu ez bazion ere. «Otso larrua jantziko dut, eta otso itxura hartuko» erran zuen, lagunen duda-mudak jestu batez baztertzen zituela.

        Otso larru handia jantzi zuen bada, eta gorputz guzia otso gurinez igurtzi ondoan, ganibet zorrotz luzea gerrian emanik, mendiari buruz abiatu zen. Herritarrek otsoen goitzeko besterik beharko zela uste baikenuen, gizon gaztea partitu zelarik, galdutzat genuen gutiz gehienek, nigarretan utzi zituen haren haurrideek oroz gainetik. Bizkitartean, egun guziez, arditegien inguruan, oihanpeetan, bide-xendretan aurkitzen genituen otso gorputz hilek, gizon gaztearen ideia fruitukorra zela eta bera beti bizi zela erakusten ziguten.

        Enetzat ustegabetarik gertaturik ere, anitzi ez zitzaion hain harrigarri iduritu, goiz eder batez, gure gizona, ondoan neskatxa galdua zekarrela, herrira agertu baitzen. Arribatu bezain laster, jendeek ikus edo hunki zezaten beldur balitz bezala, neska otsotua barruki batetan sartarazi zuen. Herrian, egia erran, beste arrangurarik bagenuen. Hainbeste denbora beldurpean egon ondoan, nolabait zapart egin behar baitzuten gure barneek, egundainoko besta egin genuen: oihu, orroa, kantu, irri, jauzi, dantza, deabruaren zalaparta izan zen, aguardienta burrustaka isurtzen zen... zahar eta gazte, gizon ala emazte, denek ospatu eta zelebratu nahi zuten otsoen kontrako garaipena. Gizon gazte ausartia saindu baten pare ezarria eta goretsia izan zen, amek musukatzen zuten, alabek besarkatzen, gizonek estalgi batetan emanik airera igortzen zuten, eta pulunparazten, haurrak iaparrak bezala lotzen zitzaizkion, gatazkatzen ere beren artean, heroiari hartu puskak, otso larrua partikulazki, nork beretzat atxeki nahiz.

        Neska guregana berriro etorriaren aita botzik bezain griñaturik zegoen, beldur baitzen, arrazoinez beldur, ongi edan eta herritarrak alabari mendeka genkizkion. Arratsaldearen erditsuan, ideia nork eman zigun ez bainerrake, herritar andana bat makila eskutan, neskatxa gakoturik zegoen barrukirantz abiatu ginen. Ez genekien zuzen zertara gindoazen hara. Hordituak, pairatu oren gaiztoak burutik ezin kenduz, gure koldarkeriaz ahalke, hark berak bultzaturik, hurbildu arau, gero eta ozenkiago oihuz hasi ginen: «Hil! Hil bedi!». Azken urratsak lasterka egin genituen, zoin lehenka ari bagina bezala.

        Eguzkia kukutzen hasia baitzen, negu guzian estali gintuen tapa goibeltasunez oraturiko hark bazterrak berritz ilundu zituen. Barrukiko bortan gizon gazte koraiosa trebes ezarri zen gure aitzinean. «Geldi! Emaztetzat hartuko dut» erran zigun. Gibeletik pusaka ari ziren jendeak, garrasika, bere arraza eta gizatasuna ukatu zuen emazteki gazte otsotuaren heriotzea eskatzen zutelarik. «Bego! Bego! Ez da zuena, hiltzera zoaztena!» ziharduen gizon gazteak. Tiro bat entzun zen, eta jendea oldarrean sartu zen barrurikira.

        Atarian, otsoak sekula jazarri ez zitzaizkion neskatxaren zakurra, kalamitate horretarik libratu gintuen gizonaren gorputz hil odoleztatua milikatzen hasi zen. Elurra ari zuen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.