Kondairari barrikada
Ladix Arrosagarai
Autobusa izana denetik ez dira hezurgo metaliko beltza eta kristal hautsiak baizik gelditzen hiriko abenida nagusiaren erdian.
Burdin erreak oraino beroak, ondoko obra publikoetako xantierrean harturiko zurabe eta bidoinak berdin beltzatuak eta beroak. Kamiu bateko orgaxka gorria ere ba da, eta harriak, lodiak batzu barrikadaren osagailutzat baliatuak izanak ttipiagoak aldiz besteak, barrikadaren bi aldeetan datzatenak, kristal hautsien artean, hiriko abenida nagusiaren erdian.
Zenbait gar oraino kurri egur-burdinetan, zirtatze apal bat, supazterrenen biritxi modernoa, sua itzaliz doa, barrikada gogor, irangangaitz eta konpakta osatu bait zuen, bide bazterretako espaloietan gelditutako jende paralisatuek sekulan ikusi ez zuten bezalako barrikada iraunkorra, harri eta kristal hautsien artean, hiriko abenida nagusiaren erdian:
Haizea altxatu da, hiriko haize hotz inpertsonala, urruneko sirenen, lamentazio eta karraxien oihartzun bilutsi zorrotza dakarrena, halaber ba dakartzalarik lantegien hats azidatuak. Joaiten ditu hauek, hauek eta gaz nigar eragintzaileen usain pikante itogarria, errekiaren azken seinale persistakorrak. Ba deramatza beraz, auzo etxe aurretik hartu zaborren usain usteldua ahantzi gabe, ezen, barrikadan, espaloietako zikin-ontziak hustu bait zituzten, sardin latak, tampax, egunkari horituak eta gainerateko arraultze-ontzi edo plastikozko esne botilak, eta su eman bait zizkioten ere, barrikada iraunkorrean, harri eta kristal hautsien artean, hiriko abenida nagusiaren erdian.
Lano sufreztatu edota amoniakatuak altxatu ondotik ikus daitezke orain zenbait gauza gehiago: harri eta kristal hautsiak tole, harri metak, kartoiezko zilindroak, gomazko balak eta metalezkoak ere, gazolina-ontziak, bi bazterretako banketxe eta saltoki handien bitrina puskatuak, bulonak, abailak eta zer nahi motako igorgai, gristaturiko odol puztu bat, espaloi ondoko arlañoak bait derama zigarreta-ondar eta beste hainbat zikinkerirekin garratoinen bizileku ilunera, hiriaren errainetan, barrikada iraunkorraren honaindian, harri eta kristal hautsien artean, hiriko abenida nagusiaren erdian.
Bide bazterrean geldirik diraute ikusle paralizatuek ausartu berri den eguzki erdoilduaren pean, barrikadaren itzala luzatzen duena gibelera, han, frango goizago, bizpahiru urtetan, beste barrikada bat agertzen bait da, orainkoa baino motelagoa, ez hain iraunkorra edo, harri eta kristal hautsien artean, hiriko abenida nagusiaren erdian, eta denboraz goiti jarraikiz, geroari bizkar emanez, oraino beste barrikada bat kausi bait daiteke, eta beste bat oraino, beti barrikadak, molde berdintsu ala diferentez muntatuak, denboraldi bariabletaz berexiak batzutan egun bat, bestetan urteak, beti eta gehiago, denboran gibelka joan daitekeen urrunenean ere barrikadak asarre eta ilusio hautsien artean, kondairaren abenida luzearen erdian.
Ezen, nehork ez bait daki ez eta jakinen ere sekulan, noiz hasi den hori, bakarrik asma bait daiteke hastapenean bidexka bat baizik ez zela, xendra mehar era harritsu bat, hartan gizakiak ihizin artzen bait ziren, edo sua deskubritzen, edota lehen margoak sortzen harpeetako murru umietan; bainan ezin daiteke erran bidexka hori nondik etorri zen, nonbaitetik jin zenez ere ala hor zegoenez betidanik, kreazionaren denbora bezain karkula ezina. Nork daki ere lehenago ez zenez abenida bat izan, alegia, bidexka aintzin abenida, eta gero suntsitzearen suntsipenez bidexka, pittaka abenida berriz izaitera ardietsi zuena denboraren ziklikotasunean, lehenik zagorrak lauxen ondotik makadama, pixkanaka, barrikaden azpian, asarre eta ilusio hautsien artean, kondairaren abenida luzea.
Ez uste haatik abenida erregularra denik, ez hori zuten hain zuzen barrikadek eta hainbeste gorputz hoztuk helburua; desbideratzea. Hots, etengabe, nekatu eta amore eman gabe, kondairari barrikada bat altxatzen, une batez kondairari beste bide bat harrarazi, memento sinkronian luze, diakronian hain labur batez gertatua dela sinetsi, amesturikoa behatzetan senditu, usaindu, bizi, gaita baten nota betikotu, mementa batez bakarrik ezen, aldi oro, barrikadaren itzulia egin ondotik, berriz kausitzen du bidea kondairak eta batzu ikusle paralizaturik geratzen direla, denborak borratzen ditu barrikadaren ezker nahiz eskuin abiatu ziren debiazioneak, askoz berantago beste barrikada baten kari agian agertuko bait dira hauek liburu batzuetan bilduak, ez direlarik oroitzapen kolektibotik arras desager-araziak izanen, asarre eta ilusio hautsien artean, kondairaren abenida luzean. Berdin gertatzen ari da oraiko barrikadaren ondoan, lakrimogenen eta errekiaren usainak joanak, odol grisa lehorturik, ikuslierrak beti paralisian. Burdinak egurrak baino beroa atxikitzenago, laster hoztuko alta, denak hotzen dituelako denborak, halaber denak ezabatzen dituela, barrikadaren ondoan hasi zen desbiazione tentagarri hau bezala, bainan hori guzia jadanik iragana da, aintzina jo behar, hemen gelditzeak paralisia lekarke, oraia geroa iragana bilakatzen den pundu edo maila iheskor hori hemendik zenbait astetan dago, han, kondairak barrikada iragan eta berriz bait darraikio bere berezko bide inebitableari, hor, gazte multzo batzu eta gizon emazte frango ere bai, sirenak hurbiltzen direla, barrikada baten egiten hasten bait dira, zer nahi motako materielekin, hemen eta orain, asarrez eta ilusioz, barrikada iraunkorra agian, harri eta kristal hautsien artean, kondairaren abenida luzearen erdian.
|