L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Makaoko suge

 

Itxaro Borda

 

Esku malin batez, txapela buruan pausatu zuen. Begi hetsi-samurrak eginez, Habanako zigarro lodi bat ahoratu zuen. Ahotik, kea zirimolan botatzen zuen. Ingurumena hedoitsu zagon. Airea, wizki eta edari bortitzen usainek pizutzen zuten. Berinda izerdidunetarik, Makaoko itsas kaia ez zen ontsa ageri. Ordea, Antoine Roquentin jaunak bazekien zuzenki Makaon zela.

        Beste gizonek, zutitzen ari zen Antoineri kasurik egin gabe, beren poker lasaia segitzen zuten. Hamar dolarretako neska publikoak ondoan zauzkaten, perekan eta hitz lainoka ari... Makaoko taberna populutsu batean zauden. «Jo!» oihukatu zuen taldearen buruzagia zirudien gizon batek. Eta, ordu berean atmosferan zerbait aldatu zen: mehatxu mugabetuak airea astintzen zuen, bihotza pilpilarazten.

        Antoinek erran: «kanpora banoa freskotasun piska baten bila. Gero arte!» Kaia gainean, bera bezalako ehun bat izate baziren, goitika, pixiten edo lotan. Hori ikustean gohaindura latz batek hartu zuen; duela aspaldi, Bouville Frantzian zagolarik, sendimendu berdinak inharrosi zion gogoa. Antoine Roquentinek zenbait urrats egin zituen, eta gelditu zen, tente, zutik, pentsati. Orroitzapen batek, ximixtan trebeskatu ikusmena: lau urte zituen, eta amatxi zenaren ohe gainean jostetan ari zen, deus sumatu gabe. Amatxiren esku hotzak hunkitu zituen. Bertan, heriotzaren hotzaz ikaratu zen.

        Orroitzapen horri ihes zegion.

        Geroztik zubipeau, ur asko jari zen. Afera tzar batzutan sartu zen Txinatar Li-Paorekin, eta ondoko mahainean kartetan ari ziren lau gizonekin. Hauen izengoitiak baizik ez zituen ezagutzen, eta sekulan ez zioten berari ezer eskatu bere biziaz. Li-Pao arras maite zuen. Antoinek harekin ikasi zuen Txinesa, Timonnier Handiaren laguntzale amorratuen artean zagolarik. Ordea, Iraultza Gorriak, bien geroak lurreratu zituen, eta ez Konfuziuzen itxurak bakarrik batzuek uste duten eran. Eskapatu beharrean aurkitu ziren.

        Klandestinoki, Pekinetik Makaora pasatu ziren. Eta ixiltasunaren legeaz baliatuz beren biziak, hiriportu komertzante hortan, berriz eraiki zituzten. Aferak eta morala ontsa doazeno, O.K; baina, Antoine asea zagon, eta, Europaratu nahia zen, etxekoen, lagunen ikusteko. Gainera, egunetik egunera gohaindurak torturatzen zuen. Segretuak bazituzten, eta bost gizonak odol-tratuaz lotuak ziren elgarri.

        Antoine Roquentinek jakin zuen, azkenean, Li-Pao bere laguna Bobek tiroz erahil ziola; Poliziak, aferagile famatxardun horietarik batekin, ez zuen inkestarik ere hasi. Itsas largoan, marinelek gorputz bat: aurkitu zuten; nehork ez zuen, hortan, deus bitxirik atzeman. Halatan bere egun-puntua, gero eta hurbilagotzen senditu zuen. Interesez estekatua zen besteeri, eta ez zuten joaitera uzten ahal.

        Pentsamendu hauetan barna zabila, esku ilezu eta lodi bat bere ezkerreko sorbaldan pausatzen nabari zuen. Ez zuen oihurik egin, eta erdizkara itzulikatuz Bob ezagutu zuen: «Bob! Zer?» Arpegi hori ikusi zuen. Bizkarrean behera gauza hotz eta luze bat senditu zuen, zigizagaka jausten. Txistako bat. Gero, lurrean harrabots iheskorra. Eta, ezer gehiagokorik.

        Abian, Antoine gaizkitu zen. Bihotzak utzi zuen. Bobek irri debrutsu bat atera zuen: «Honek munduko itzulia egina dik!». Lasterka etorri bere lagun Sio-Linek erantsi zion: «Parabisua suge batek nahasi bazuen, Antoine Roquentin jauna, abere berak baketu digu. Ha, ha, ha...»

        Biak irriz partitu ziren. Antoinen gorputza, heriotze bortitzaren sufrantzak hautsirik, zabal-zabalik zagon kaian... Beste lauek karta partida finitu zuten.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.