L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Jackson Pollock Parisen

 

Mari Manddolin

 

        Pollock amerikano tindalariaren margoen erakusketa bat bada Parisen. Beaubourg kultur zentroan. Honek urtarrilaren 11tik eta apirilaren 19ra iraungo du.. Beraz, arte hortan Pariseratzen bazarete, ukanen duzue erakusketa horren ikusteko parada.

        Ehun bat margo dira, Ipar Amerikatako museo famatuenetarik ateraiak, sala bat Jackson Pollock nor zen presentatzeko (argazki, idazki eta bideofilma bat), eta leku batean, Europan dripping teknika erabiltzen zutenen pinturak agertzen dira, Pollocken lanari neuri mundial bat emaiteko.

 

        NOR ZEN POLLOCK: 1912 urtean sortua Cody-Spring Wyomingen, bere aitarekin estado batetik bestera ibilia eskolara joan aintzin, Arizonan gaindi Kaliforniara. 1930.ean halere, New-York-era lekutzen da pintura ikasteko xedearekin. Ordea, 1929.ean izigarriko krax finanzial batek herrialdea inharrosten du, eta gure Pollock ahal duen bezala bizi da, ebasketaz batzutan. New Dealak sortu Project Artarekin arizan da lanean. Baina zailtasun material horieri problema sikologikoak erantsitzen dira: edatea, bortizkeria, desesperantza... Krisisen eta sikoterapien artean iraganen du denbora.

 

        PINTURAREN NONDIKAKOAK: 1943. urtean Project Art saila abandonatzen da, eta Pegguy Guggenheimek segida hartzen du New Yorken bere Art Of This Century margotegia irekiz. Orduan Pollock, BENTON zuen maixu antimodernistaz berezten da, eta Mexikako tindalari populistak (OROZCO, SIQUEIROS) segitzen ditu, PICASSOren, MIROren eta MASSONen influentziak gainditzen saiatzen da bere maneraren aurkitzeko. Europa zaharrarekin moztura bat bezala gertatzen-da «dripping» egiten hasten delarik 1946-47 urteetan; dripping teknika hau, da pintura ixurtzen uztea pintxeotik taula xuriaren gainera, eskuarekin ezpazio mugabetuan edozein mugimendu sortuz. Honek taularen gainean gizonaren dantza bat emaiten du. Ordutik goiti ezaguna da. Bere ondokoek imitatuko dute, eta berak ez du probetxu handirik edukiko 1956 urtean auto ixtripu batean hilen baita.

 

        PINTURAREN BEREZITASUNAK: Pollockentzat taula xuria/hutsa «arène» bat zen, eta tindatzea bizi edo hilezkako gatazka garratz bat. Bestalde 1930eko margolari Benton edo Mexikano populisten xede bera zaukan; jendeari buruz joaitea. Ez zen ordean, politikaz biziki mintzo; gai sakon sakralisatuak baizik ez zituen erakusten bere lanetan. Zuen azken proiektua eliza baten dekoratzea izan zen. Bere dripping teknika NAVAJOS indioen sand-paintingeri lotzen zuen.

        1943 urtetan jadanik Pollockek zion: «pintura bakoitzaren bilakuntza da», eta «margolari onak, bera den guziak tindatzen du». Jung eta Picasso lagunduko dute bere izate berezi aren bilakuntzan. Eta hortik hara gorputza utziko du mintzatzera, surrealist idazleen «écriture automatique»aren antzera, margo-huts xuriaren gainean dantzatzera, gizona tindatzen izanez, gizon tindalariaren ordez. SECRET'S GARDIANS (1943), LAVENDER MIST sailak (1950) eta PORTRAIT OF A DREAM (1953) pinturek mugimenduak, nekeak, automatismoak, erritmak eta hats-hartzeak erakusten dizkigute. Gizona tindatzen.

 

        AZKENA: 1951. urtean jadanik dripping hori Pollocken kartzela da; ez dabila aurrera. Grazia osoki joan zaio, ordea oraino ederki tindatzen du. Aski ote da, Pollock bezalako batentzat ezpazioaren maixu handia izanik, ederki tindatzea? 1956ean bururatzen du bere lurreko ibilaldia.

        XXgarren mende erdian Ipar Amerikak bere margolaritza propia badu, eta hori Pollock dela medio. Ez da errez Pollocken en lana begi hotzez ikustea gizona obra baino lehen mitifikatua izan baita: ezpazio etengabeen edalea, tindalari errabiatua, Buffalo Bill eta James Deanen arteko heroe bat...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.