Adiskideak
Itxaro Borda
Faltsuan daude «bizitza ederra da» dioten gizon-emazteak. Ez dira ohartzen bide makur batetarik ibiltzen direla, makurra haientzat zuzena, betea eta egia delakoan. Ordea, bietan pentsa dezatela «bizitza» hitz hori erabiltzen, dutenek «ederra» eransten zaiolarik gainera.
Batzuek uste dute, ezen, lana badutelakoan, andre-haurrak ere, ederki bizitzen direla; eta, halaber besteek, beren desiren bidetik dabiltzalakoan, berezitasunaren hildoan dagola bizia. Zentsu komunak erreusitzea, heldutasuna eta adinzuhurtzia dauzka bizitza ederraren seinale ospetsuen bezala.
Ez du zentsu komunak beti arrazoi; eta hala balu, denetan zabaldua ez dela frogatua denaz geroz, ez luke mundu guziak horretan arrazoi. Horrela, uste komunak aditzera emaiten digu, komun zaizkigunak, behar edo egi betirakoak direla; eta gure mundu-mendea betikotasun ilusikor hortaz beztitzen dugu. Zerbait gorde beharrez ote?
Baina goazen solasen harira, eta derragun gogoan duguna osoan: nolaz ogiaren azala ez den ogia, mamia ere ogia delakoan, eta azala mamiarekin bat behar baita ogia ogi deitzeko, erranen dugu goraki bizitza deitzen duguna ez dela bizitza, dela komedia, beraz azala; ondorioz, premiatsua zaigula. Eta komedia uste ez dugun jokoak heriotzaren traieri etengabea itzaltzen digula. Bai, heriotzea. Nork lezake sinets sortu garen goizetik, hiltzen ari garela; azken hatsa ibilera horren bururapen latza dela? Ordea, ogiaren kontrala, komedia/traieria honek mami gauzatsurik ez du. Ez gaitezke beraz, haz eta berpitz, hutsa baita gure egunen lagun zoritxarkarlea...
Heriotza eta hutsa, besterik ez.
Zergatik haserretu diogunaren aintzinean; hau ez da zentzu komunak erakusten digun aldea. Utz azu orduan, «bizitza» hitz hori sortuaurreko gizaren ibilgaien izendatzeko; zeren «bizia» den segundatik «heriotza» deitun behar baigenuke. Halatan, ezer ez dira heriotzak emaiten dizkigun beldur eta angustiak. Ez dagiogun ihes, azken heriotza, barneko zahartze prozezuz baten bururatzea baizik ez baita; eta hau, normalki bizitzea, komeni da. Zergatik negar egin, norbait hurbil hiltzen zaigunean, haste-hastetik kondenatua zagon, guziak kondenatuak garen bezala!
Jainkoaren so-pean hilkor gara.
Jainkoak, ikusle urrunduak, bizitzen laguntzen gaitu. Haren izatearen ideia aski zaigu. Ordea, harek bakarrik daki hiltzen laguntzen gaituela. Bestela non litake Jainko hotz horren beharra. Gizonak, jainko betikor bat asmatu du, ez baitzuen nahi bizitzaren eta heriotzaren artean hausturarik bazela onhartu. Funtsean ez da berezitasunik, denak nahasten dira, Kalderonek dioen arabera («todo es sueño») amets batean bezala.
Bai adiskideak, jainkoa eta gizona, bizitza eta heriotza amets badira, bat bestetik sortuak eta aldrebes, errez pentsa dezakezue munduko izateen arteko diferentziak debaldezkoak direla, eta batasun hortan bizitzaren egia heriotzean datzala. Ondorioz, bizitza hutsean baizik ez da aurkitzen. Halatan, lehenik hil behar da bizitzeko, eta hutsetik ateratu berriz hiltzen hasteko.
Adiskideak bai, erraiten dizuet: bizitza heriotza da, heriotza hutsa da, eta bizitza hutsean dago; ezen, bizitza heriotza denaz, eta heriotza hutsa... klarki dakusakezue zein den gure solasen funtsa eta munduaren zutabea...
Bai adiskideak!
|