Semeak
Mayi Pelot
Irats
irailako irats urtsua
otsoaren babesa
sasitik sasira
herresten ari dela...
Urrezko sosegu latza
osto xorrotx hotxaren
gozo garratza...
Sasien artean
irats
ile gorri kuskuldu hotxak....
Ile xuriak zituen
atsoak
gorriak
semeek...
LEHENA
haren beso zibilak!
urtxintxaren urratsak segituz
xoriekin xixtuka
sahats sakatsetik
abestuz
lerratua...
BIGARRENA sendoena
haren irriño goxoa!
amaren sabeleko ur epelak utzi-ta
kanpoko hatsa usaindu-ta
esku hutsik
iratsetatik itsasora
ixilka joana...
saretan saria
ala sarraskia
atxemaiteko?
HIRUGARRENA suminena
haren soaren su samina!
sasiaren barnean kokoriko
basoko biziari so...
Hirugarrena
iratsetan murgildua
basoko maitasuna jastatuz....
Hirugarrenak
haren soaren min beltza?
adarrak kraskatuz ihes...
desertura
itsasora
joana ote?
iratsetara
itzuliko ote?
Behin batean
hirugarrenak
bestea
aixto xorrotxaz
iratsetan etzaneraziko ote?
Ala atsoak
irats-ohean
semearen matel hotzak
esku ximurretan hartuko?
Halere atsoak
hirugarrenaren zainetan
ixuri zuen
bere bihotzeko sua.
Atsoak hiru seme
lehena eztizkoa
bigarrena gatxezkoa
hirugarrena suzkoa...
Irats
haurtxo baten
esku hetsia.
1974'ko Ekainean
|