L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Gizonak

 

Eñaut Etxamendi

 

Denbora hartan artzainak orai baino berantago jausten ziren bazketarat ardiekilan. Baziren Eguberri-iri artio egoiten zirenak bortian, ardiak erditzen hasterakoan jausten ziren menditik. Nik ikusi izan ditut Donianen igaraiten artzainak bizpalau axuri beren inguruan, ardi saldoa aintzinean joare ederrak barbarikan.

        Urte hartan elurtu zuen Eguberri aintzineko astean. Artzain haborotxak jinak ziren beheiti beharrik! Gaitzeko elurtea egin zuen eta bortuak legun-legunak ziren elur-xuriz kukuturik.

        Gizonek astelehen batez ostatuan erran zuten:

        — Eta Frantxua? Ez ahal duk jina beheiti!

        — Ez, ez, hemen gaindi nehok eztik kusi... Han dukek, Egurgin.

        — Beharbaa elur hau urtuko'uk, eztuk denbora halako finian, hegua beltza ateatzen bada berriz leihorria beltzatuko'uk ba, hain seur.

        — Baa, bana egun pare'atee zeait duk ardiendako, jan gabe. Ta Frantxua? Elikek abiatu behar beheiti holakuaikin! meskaatzia hirriska liok...

        — Eztuk neholaree Ataburun igain...

        Erran behar da «Egurgi» delako saroa hegoaldean dela. Fontsean Egurgiko erreka Nafarran behera Erriberarat doa. Egurgitik gure herrirat jiteko goiti igaan behar da, Ataburuko ateketan igaran eta gero berriz beheiti. Ataburun behera jinez gero salbu da. Bainan horraratzea elurtearekin... Bada ere beste bide bat: Erruzateko zedarrietarik, Gohosaron behera Behobirat. Bana lanjerosa osoki elurrarekin.

 

 

Haizearekin elurra ari zuen. Oro xuri, oro ito, etzen fitsik ageri.. Ezker eskuin behatu eta beti xuri, beti ito. Ifernu xuria. Frantxua etxolan, su haundi bat pizturik. Ardiak han soroan, inguruan, elurrean.

        Gau bakar bota zuen zehamu bat elur. Goizalderat Frantxuak hori ikusi zuelarik, egin zuen:

        «Ba, eztuk egoin ez araiz!»

        Aroa etzen hain latza, elur-gizena zen, larrazkeneko elurra. Hamekoonak irian, eztitu zen denbora. Etxola-gaina gesaldu. Ta iruzkia tirriaka odeien gibeletik ari zen. Ardiak inharroska. Lohitei ageri zen eta Uhartepeateko mazelak ñabartu ziren: ote tusta kaskoak han hemenka ageri.

        «Gesaldu beha'ik» egin zuen Frantxuak.

        Xakurriz xanpaka eta harrixtuka ardiak higiarazi zituen. Marraka ta marraka artzaina ikus eta.

        Frantxuak ahamen bat janik, sua kargatu eta etzanaldi pixka bat egiten du. Ohantzearen gozoa! gorputzeko minen karga...

        Jeik'eta... lano! Haizea hotz. Elur lipitzak idor-idor ta firurikan. Ardiak marrakaz. Xakurra intzirika... Hazta bat igaran zitzakon Frantxuari bizkarrean.

        «Juan behar diat tenore deno! Eta fite!»

        Sua hilik eta etxola gakoturik, ardien harroarazten hasten da.

        «Herlepotik inguru izigarria diat. Eta Lurlarrututan xendra ez paa'ut atzemaiten? Intzaazkiko pendoitzetan larrutu behar diat ardi salduaikilan... Ta, Ataburuko atekak? Hail hi nolako eluhosuak haiziak haatiak tien! Hobe diat Erruzatetik? Gora igaan behar diat ba, bana elurrari aintzintzen ahal nakiok... Gero Gohosaron behera behala Geheizten nuk. Han elurra mehioo dukek. Haaz gioz Behobin nuk... Antxilen alden!

        Heep! Heep, hea! ardiñuak! guazen...»

        Mirrik eta marrak, xakurra jauzteka xanpaz. Elurra ari sapa sapa, lipitz harro eztiak ilaunak bezain emeki lurrerat eslaika: itsasaldetik Goizerrirat zeiharka...

        Badoa Frantxua ardien aintzinerat. Jualdun adar zabala bere ondotik, besteak gibeletik. Lekuak aski untsa ezagutzen baititu, xendra idekitzen du elurrean oskiez siki-saka.

        «Heep! he-eep! txai-txai! prrriii zaap!». Drelin-drelen, mee, mee, ardiak ondotik.

        «Lohitein hibia eztiat hutsin behar...»

        Garkolan hotz bat Frantxuak. Egurgiko errekak liskak nun-nahi badauzka bazterretan, hibia bada Lohitein, bainan ez da hutsegin behar, bestenaz xahu zira: lohian sar eta higituago eta barnaqo juaiten zira...

        Iluna hurrantzen.

        «Uhartepeko xendraratu behar diat ilundu gabe».

        lzerdi, eta hotzikarekin Frantxua. Zango bizkarretan hantitxurak baditu eta sukarra. Oskiak laxuan —ezin esteka minengatik— badoa, elurra baztertuz ahal bezala aintzina. Gibelerat ardura so, oihu eta huxtu ardier... Lohiteiratzean iluna. Foltsua danga danga, atorra bustia. Beharrik tokiko ara badu hantxet doi-doia harri lauzak ezagun urean: hibia. Xakurrari oihuka igaraiten da. Jualduna gelditzen da urari so.

        «No, ño, ño, xauri, xauri...»

        Ardia dudan artzainari so... eta hurrats bat, biga! Heldu da uretik, bestiak haren ondotik.

        «Txaurtee, txaurtee!»

        Hura, hibia igarana!

        Ilunpeka Frantxua badoa. Gogoan derabiltza mila orhoitzapen. Axurbaskaria... Ikusten zituen gizonak, hari axuriak eman zazkotenak. Gure aitak ere eman zakon baño. Aitak bazuen emanik artzain gazteeri berak urte bezenbat axuri: heldu baita berak etxean zuen ardi baino gehiago. Hazten ginduen hamalau-hamasei axuri urtaldian. Batzutan hoitarik biga emanak ziren, hola artzain mutil baten beregain plantatzen laguntzeko! Behin, bederatzi axuri-bizitako gintuen bakarrik, eta urte hartan ere jin zen mutiko bat gure etxerat: artzain plantatzen zela... Aitak eta amak eman zakoten Aña-Mariren bildotsa. Aña-Marik ainitz nigar egin zuen. Orai Ameriketan da.

        Frantxua Xurruxtako parreratua zen. Elurra ixterretaraino heltzen zitzakon. Buruan izigarri min zuen. Gero eta indar gehiago egin behar zuen elurraren urratzeko. Etzakien ze tenore zen, gaua eta elurra beti ari. Erortzen zen eta besoak elurrean sartuz, ote ziztaketan eskuak odolduak...

        «Behar tiat heldu... Erruzateko zedarritan pasatzen baniz salbu nuk... Gio elurra mehatuko duk.»

        Zangotan min, izerdi. Oihu, xanpa, huxtu. Itzulipurdiko batean ikaragarriko kaska hartu zuen belaunean harri-geenda batean. Esku-bizkarrak zauritan zituen. Ohoitu zen Migel artzaiñaz. Han bere ardi saldoarekin negu batez toki bertsuan meskaratu zen. Gizonak herritik jin zirelarik, hilik arrapatu zuten... Arranoak, mila bederen, hedoika han: ardi jaten arizanak... Migel oso utzia omen zuten. Hunen gorputza andetan ekarri zuten herrirat gizonek gisalat. Nik izeba Mariani entzuna ixtorio hori.

 

 

Gure herrian gizonak elhaka.

        — Frantxua meskaatuko'uk Migel artzaña bezala ezpagira xeka juaiten.

        — Arua txartia'uk. Oono elur geihoo in beha'ik.

        Eta abiatu ziren auzoen etxetarat: Frantxuaren xeka juan behar zutela.

        — Eztuk abiatuko. Gañian badukek bost zehe elur.

        — Baa, bana, sekulan abiatia balitz? Nuntik jinen ote da?

        — Herlepotik Ataburun gaindi ezin duk. Lur larrutietan ez duk ateako, eta Ataburuko ateketan?

        — Alanbretako hegitik hausten ahal likek.

        — Eez! elur sobera'uk. Eztuk hantik abiatuko, ja! Manera oroin arabera Zedarritaik jinen duk abiatzen bada. Eztuka kusten laburrena hantik dula? Behala elurra mehatuko ziakok Erruzate giila igaanez gioz. Harpeko parrian ia ixtantian duk.

        — Ixtantian? hail hi ze elurrak dien!

        — Baiaietz. Nik badikiat, hantik jinen duk. Hantik jinen dela!

 

 

Frantxuak zanqo-bizkarretako hantitxuetarik erresumina zuen. Oskien estegailuak aspaldi galduak zituen. Elurrez eta urez zapetak igeri, ixterrondotan ixtizurriak minbera begi-ninia bezala. Pollikiño egiten zuen hurrats, ixterrak sobera ideki gabe, hainbateko mina egiten baitzakoten ixtizurriek.

        Orai elurra gerruntzeraino bazuen. Ardier elur-pilotak ileburdatsetan lotuak zitzezkeen.

        Elurra gelditua zen eta odei artetik doi-doieko argi ñabar bat heldu zen. Lurraren xuriak pizkortzen zuen argi hits hori eta ardiak lerroan, elurra baino ilunago nabari ziren. Bainan Zedarritako lepoa han urrun zen eta elurra hain lodi. Frantxua hats-hantua elur baztertzen ari zen bere gorputz guziaz. Gero eta aiseago erortzen zen. Nundik zuen min orai etzakien. Metra bat geihago idek: etzuen besterik gogoan. Xendra ez gal! Mintzoa erlastua zuen oihuka ariz. Aintzina ari zen deika xakurrari, harrixtuka ardieri.

        «Eztuk gelditu behar!»

        Bere buruari ari zen zerbait gisaz manatu nahiz. Pusa eta pusa, belaunez, eskuz, papoz, ixterrez... «Txau, txau, heep!»

        Gogoratzen zitzazkon behereko bazka-lekuak: arditeiko belar-urrinak, pentze berdeak, etxe pollitak... eta plazan haurrak pilotan... ostatuko gizon mintzoak eta arnoaren gozoa... Eliza dorrea iruzkitan.

        «Eni axuriak eman zazkiaten gizonen gatik eztiat hemen artaldia meskaatzeat utzi behar!»

        Gero eta emekiago aintzinatzen zen. Etzuen untsa ikusten gehiago, lanbro bat begitan igaraiten zitzakon noiztenka. Eror, xuti, pusa, bazter, belauniko, aztaparka... Papoan erre bat, xotin gaixto batek hartu zuen.

        Orai etzuen oihurik egiten. Etzuen gibelerat sogiten. Amentska ala iratzarririk zen etzakien. Beharritan xixtua, hildimaldoka bazoan. Nun zen? Etzakien.

 

 

Ilargia lasterka lano artetan zabilan. Ardien begiek har-argiak iduri, heien pindarrek xendra markatzen zuten hantxet harat.

        Frantxuak minak sorhaiotzen ari zitzazkola seinditu zuen. Gozo batek hartzen ari zuen.

        «Oaixtian hotz zela...»

        Iruzkitan etxaldea... Behiak iratze-meten ondoan ausnaharrian. Arrastiria. Axuri marrakak bordatik. Artaldea pentzeko seilla-ondorat bildurik. Hegoak arto zangoetan kantu... Sukaldean salda eltzetik ketan. Padera dantzan xamindeian.

        Aments goxo batean sartu zen Frantxua.

        Ze irriak! Petan horrek baitzuen —gure gisa— edan-aldi bat eginik, mai irrintzinaka, irrintzinaka... Jes! bana zer du hala irrintzinaka?

        Xakurra zen hurubriaka...

        Frantxua orhoitu zen. Bainan! etzen higitzen ahal. Argitua zen. Gogoa zuen bakarrik iratzarririk, ia gorputza lo. Ond-ondoan ardi jualduna hari so: betarrosetan izotza. Ta xakurra, kañiskaz mai, ikustearekin nagusiak begiak ideki zituela.

        «Xanpa fiña! xanpa zazu!»

        Mintzoa oraino bazuela ohartu zen Frantxua.

        «Beha'uk xutitu... Xutitu beha'uk».

        Xakurra erausiz jauzika. Oraino besoak higitzen ahal zituen, hargatik eskuak ez seinditzen. Buruan zuen indar guzi-guziaz manatzen zion gorputzari:

        «Jeik, jeik hadi!»

        Ahuspeka jarri zen. Elurra bazter guzietarik. Ñauka, aztaparka; belaunikatzen da: aintzinean elur-pizoina, gibeleat sogin eta...

        «Bana! zedarritan pasatia'iz!».

        Irupileko mazelak hor ezker, Harpeko erreka beherean. Iratzartzen ari zen, indarrik etzuen. Izar bakar ttipi bat zeruan bezala, buruan gogo bat bakarrik: bizi zela. Emeki emeki ahartu zen eluhoso batean zela, haizeak xendran metatu elurtra izigarri batean. Xutitu eta elur-lurtari bizkarraz jarri zen.

        «Ardiak! ardiak hilen'tuk!»

        Ikusten zituen hari so, marrakaz... Bederazka ezagutzen zituen...

        «Adar bilurri hori Jeulek eman bildotsain uma. Beharri puntta xuria Ezpondak eman axuriain umia. Kuskuladuna Bettirik emanain umia...».

        Goiti sogin eta: arranoak! arranoak inguruka! Heldu ziren Orbaizetako aldetik lerroan, heldu ta heldu, han Minasaroko oihan hegitik ateratzen ziren ttitta ttipi batzu, arranoak! Bat bestearen ondotik heldu, arranoak. Hegalak zabalik, puntak idekirik eskuko erhiak bezala, lepoa bildurik, buruak ezker eskuin itzulikatuz... Korpak ikusten zezkeien. Hegal-zaflak egitean haize-azantza nabari. Begiak ikusten zezkeien.

        Hegaztinek iruzki sortu berriaren urrea estaltzen zakoten parrean iragaitean. Barnea itzal ilunez ikaran Frantxuak ixtizurrietako mina berriz seinditu zuen. Zangotan hantitxurak...

        «Ardiak! ene ardiak!».

        Aztaparka mendi paetari eluhoso bazterretik lotzen da. Xakurra kañskaz harekin. Herremel eta herremel, hurrats bat eta hurrats bi, tira ta tira elurrean goiti. Arranoak beti.

        Oraino ere tira. Xakurra batzutan bere gainerat etortzen zitzakon. Mila ta mila gauza gogorat: ama gaixoa, baratzea, errekan lehengo arraiñak, eeskolako lagunak... holakoa, halakoa, irriz... pilotaka... elorri xuriaren liliak, apirila, Doniane, jendeak, emazteak, neskatoak... Tira, tira, tira. Eluhosoaren gaineratu eta: Geheztei! hantzet urrun, behera! Harsorgiako zokoa...

        Papoa errea zuen, gorputza ezindua azkeneraino. Jeuleineko eta Lakoñoineko fontsak Zirritun...

        «Han jendiak... supazterra... bidia... elurra».

        Loeria ezti bat.

        Bana? «zirrizta hori?»

        Gehezteitik goiti halako «zirrizta» bat elurrean bazen. Hari gora jin eta Gohosaroko pekaldean beleak... Beleak? Elurrean han beleak ttitta beltx hek?

        «Ez!!! Gizonak!». Gizonak palekin elur baztertzen.

        «Heep!» eta xakurra xanpaz.

        Gohosarotik gizonek irrintzinak.

        «Heldu giela helduuu Frantxuaaa!!!».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.