L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Etxebartarrak

 

Mikel Hiribarren

 

Eulien kidekoak dira eta emeak ziztatzen ditu gizaki eta aberekiak, gero odola xurgatzen dietela. Zuberoan, bereziki Basaburuan, etxebartarrak deitzen dira.

 

 

Nunbait hor Etxebarko bideak Ligitik datorrena mozten duen gunean, lapar hesiz erdi gorderiko organbidexka batean, zegoen beribila. Alabaina, Etxebarkoa zen Maitena, eta zer balioko zukeen bidean han hara joateak hortxe bertan toki hain apain eta atseginik ba zaukatelarik.

        Txit berriki elkarrekilatuak ziren, Larraneko eliza pestetan eginak zituzketen ezagutzak, eta juntatzen ziren aldiro, besarkada tinko eta iraunkor batzuez bestelako denbora gehiena ba zoakien kondatzen eta behatzen. Solasa ba zebilkien alegeraki haurtzaroko oroitzapenetarik, aitamekilako harreman neketsutan gaindi, orduko edozoin gauzetaz gogoeta banatzeraino. Geroari ere hunki herabe zenbait egiten zizkioten, nahikeria zutelarik egin ahala luzaz elkarrekin ibiltzea, araberako artarekin negurtzen zituztela hitzak eta leguntzen ikuspegiak.

        Larrañekoaz geroztik ainitz eta ainitz hitz egin dugu, zuk eta nik. Ba dakit zutaz asko, frangok dakiketena baitaere beste inori kondatu ez dukezuna. Nahiz ez dukeen nere dudak funts handirik, baitakit ez diezokela ekar ondoriorik gu bien arteko lokarriari, aitortu behar dizut hasieratik kilikatzen nauen galderaxka hau: zenbat urte duzu, zuzen? Erran nahi dut ez naizela zure aurpegian adin bat finkatzera heltzen.

        Maitenari irriño bat eskapi zitzaion ezpain gihartsuetarik, eta zumezko zare borobilean miratu zen mokanesa aurkitu nahiz; atera zuenean, labanda usain gozoz bete zen beribila, eta lagunari begiratuz so zorrotz batez, torratu zuen berritan sudur peko larrua. Mokanesa bere lekuratzearekin hasi zen eleka.

        Ba dakizu nongo naizen? Etxebarko naizela. Ez zaude jakin gabe herri hontako jendei, komeni den bezala, etxebartarrak deritzaiela. Hori bera aski zenuke, delako galdeari erantzuntzat.

        Hamasei urte nuen, lehendabiziko mutikoarekin ibiltzen hasi nintzenean. Sekula gogoratuko naiz: handia eta azkarra zen, ile garrail kiskur bat zeramala leporaino. Ilusioz hantuak abiatu ginen, hamabostean behin baizik ez genuelarik elkar ikusten, Parisen baitzen ikasle. Aste barnean, gutienez bi eskutitz bidaltzen nizkion, berdin hiru orri luzekoak, loa galduz aritzen nintzaiola guziak kondatzen, amentsak barne. Maite nuen. Erdi zoraturik pasa nuen hiruzpalau ilabete, bedats lehentsutik udako oporraldiraino.

        Uztailaren hamarrean alde bat jin zen, azterketak ederki iraganik, ondoko ikasturterarte, hauzo hurbilean naukala beraz bolada luze batetarako. Ba genukeen orduan lokarri aberats hortaz neurrigabeki gozatzeko parada.

        Ez ziren bada gauzak itxaron bezala joan, eta hain agiankor zirudien udaro hartarik hor daukat hortz artean kiretsa.

        Nago oraino zergatik, elgarrekin egun batzu besterik ez genuela pasaturik, gure harremanetan ez zelarik deusik gertatu, gogoan ilundura bat jarri zitzaidan, guzia goibel nenkusala bapatean, funtsezko arrazoinik gabe. Ordurarte, zinez egarri dena bezala ibilia nintzen, eta ez nerabilen gogoan iturrira heltza baizik, uraren freskoaz etengabe probetxatzeko, lehenbiziko urrupak ezinago ezti eta zaporetsu iduritu zitzaizkidan, baina beraiekin eraman zuten edangura sakon eta sutsu guziz gehiena. Gustatzen zitzaidan lagunarekin egotea orduak eta orduak, baina ments sendi nuen alaitasun eroa, ilusio osoa. Neure indar guziak gatik, jarraitzen nuen barnez eta bihotzez hits eta hilkor, hamaika duda zetozkidala maitasunaz, bizitzaz, herioaz... Horren joankor izan daiteke maitasuna? Ez dauka bada behetako eremurik amentsean eta ilusioan baizik! Zergatik dira aldiro hausten amentsaren oldarrak errealitatearen zorrotz harrian? Ala, ni, neu ote naiz hain uzkur, hauskor, etsikor? Galderak galdera gelditzen ziren bitartean, armamuak sare ugariz inguratzen ninduen.

        Ohartzen nintzen guti edo aski nire egoeraz, bortxatzen nintzen barneko itzala ageriko itxuraz ekistatzera, nahiago nuen bestea ez zedin kontura ezertaz.

        Konturatu zen aski laster. Eta aitortu behar izan nion. Ordutik hara gure lokarria pozoindatua izan zen, buruhauste huts bihurtzen zelarik. Biek badaezpada jarraiki nahi genuen, denborarekin nekeak konponduko bailiran, gauzak sendotuz joan zitezkelako ustean. Ni, neure egoera hobetzera ari nintzen ondorio ohargarririk ez zelarikan agertzen. Hura ni lagundu nahian, higatuz zoan, arras guti saristatuak zekuskala bere urratsak, eta azkenera nitarik zoakon nahigabeko indiferentziak azkarki min egiten ziola. Bedera aldetik joan behar izan genuen.

        Luze zabalean kondatu dizut nire lehenbiziko amodioa. Nigan zabaldu zuen izugarriko leizea eta urteak pasa ditut gainditzen. Zazpi urte joanak ziren izar berri bati lotu nintzeneko, eta modu berdinean ehortzi behar izan nuen, bihotz dolamenik bizienean. Beste zazpi iragan dira, eta doi doia, gustoz nindagon zurekin....

 

 

Nork daki, delako euli haiei etxebartarrak deitu zaien Etxebarko neskatilen pare direlakotz egitatez, ala azken hauek zuten merezi haiekilako adaidegoa gogo-bihotzez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.