Gorputza
Jean Louis Davant
Ene itsasoa ta ene uhartea
Gorputz et'arima da,ber-ber emaztea.
Lehena mila bider dut goraipatua.
Bestea zergatik da ezin kantatua?
Zure begiak
izar argiak,
guztia zeru
zola leinuruz
berde-urdinak.
Zure biloak
odei harroak
ta basaihenak,
ta zur'ezpainak
ezin erranak.
Zure besoak
bago basoak,
gaizo maitale
honen babesle.
Haien erdian
zure bularrak
dira eperrak
mendi hegian
bezain ederrak.
Zure gerria
da mandolina
bezain eztia
ta txirribika
ez da hain fina.
Zure bi anakak
berriz gitarra
bezain azkarrak.
Azpi sendoak
arku ondoak.
Zango arinak
zutabe finak.
Goi ta pea sotila, erdia papuna,
Hirur tontor mazela puxantez aztuna,
Borobila, betea, desiren erpiña,
Emaztegoa hor da zinez erregiña.
Amodiozko lore, aho maitalea,
Gorputz et'arimaren ateka gordea,
Larrosa gorria,
Ezpainez joria,
Opar'idekia,
Botzez dantzaria,
Txorabiatzen naizu maite zaitudanez,
Haboro ezin erran, ez bada laztanez.
Emaztearen gorputza oso maitatua
Kantatu behat zaitut merezi duzun lez
Baina zure aurrean nagozu beldurrez
Enetzako baitzara guztiz sakratua.
Zoritxarrez hortik pasa bekatua:
Historiaren barna zenbat izan zara
Saldua, zapaldua, joa, bortxatua,
Ta nitan azkar daukat ar tzarren adarra.
Lotsaz beterik bainaiz, ezin dixot erran
Inozenki, ederki, nahi nuken eran,
Lehen Adamek nola zaituen ikusten.
Nere hutsa maizegi baiterauzut uzten,
Barka zadazu otoi lotsa eta hotza,
Begi, bihotz, adimen, asmu, hitzen motza.
|