Erdizka erdi hizka
Jean Louis Davant
Oraino ezin zaitut kantatu osoki
Hargatik egin zaitut erdi oneski,
Jende onak ez diten hortaz eskandala
Gure jansenismoa ez baita makala.
Euskadin badago
Ezin erran asko:
Gauza haundiago
Ta hitz gutiago.
Halere oro nahas ez dezagula.
Ez ditzagun bat egin Eros eta porno,
Uste zaharrez hortan gaude oraino.
Emazteen gorputzean ez dago zikinik,
Gure baitan da zerbait erditik eginik,
Gerrarenzalea,
Baliatzalea,
Pazentzi gabea
Bai ta herabea.
Salba Eros, burutik ondo gaudeno.
Euskaldunak ez duke aholku beharrik
Bainan Eros euskarak du arrozturik,
Detxepare, Oihenart, Bilintxez geroztik
Amaia ta Mikel,
Lurdes eta Lete,
Bestalde hainbeste
Ahazten dut ote
Eginbide ederra dutenak bete...
Zorionez Eros da ezin erosia,
Zoritxarrez da oso merkea.
Beharrik amodioz nago egosia,
Hargatik erraitea zait oso nekea.
Ez dira gailenak
Ene hastapenak.
Hobeak dirate
Agian hurrenak.
Hitz hauek ez dituzket araiz azkenak.
Kantaturenko zaitut, gogoko emazte,
Kantaturenko zaitut trebatu arte
Bai ta gero berriro, ahal bezain ongi
Ene bihotzaren ardu eta ogi
Begien gozoa,
Eskuen betea,
Ametsen atea,
Asmuen urzoa,
Adamen mirarizko lagun maitea.
Nahiz ez daitekean lur hortan Edenik
Beti mugitzen gaitu ezin edenak
Geroan ditugula egun ederrenak.
Baina boztutzen nuzu elgar eridenik
Munduko bidean
Ni zure aldean
Miretsirik nabil
Arantzen artetik.
Eba gabe Adamek ez du bakerik.
|