Ilargi berriak
Jean Louis Davant
urte hartan etorri zen
Bazko baino lehen uda.
Martirak berpiztu ziren
Ekaineko azkorrian.
Arraultz opila jan zuten
Aitamekin sukaldean.
Laster Praka Irabarna
Komentuan sartu zen
Arantzazun alabaina,
Eta Pasaiko portuan
Euskaraz ikasi zuen
Musika Herzog Enrique
Jaun ospetsu horrek ere.
Eta hona miraria
Nola dugun etorria:
Bakea, emazte,
Bakea zurekin
Eginenko dit.
Ilargi zaharretako ilunbe luzetan,
Zein guduka lazgarriak gure lurretan!
Zeruko sua harturik,
Hartaz burdina landurik,
Noren aurka,
Nork ote orain badaki?
Noren alde,
Iñork orain ez daki...
Azken batean,
Ezin bestean,
Zuri atea dardoaz bortxatu nizun,
Zuri bai gerla irabazi nizun
Zoritxarrez
Pyrrus honek!
Bi nigarren artetik
Artoa baino haundiago
Hitzeman zenidan gazta.
Egin bedi zure nahia
Elgean bezala ohean ere
Amen!
Ez amen
ez birjinen
ez puten
ez besteen ahotik
holako agintzarik
ez sinets
ez onets.
Etxean artoa mehe,
Baina gaztarik batere.
Ai, ei, gaizo ni
Eta gaizo zu,
ene lagun tristanta.
Gerlari baten indar mandoa,
ametsen amets antzua!
Ni, ni, ni,... Nini!
Niri hire besoak, elgerako.
Niri hire sabela, oherako.
Bere gelaria behar din gerlariak,
Senar duenak, Jauna badin, Allah Jainkoa!
Ez hakiena gauza soil eta arrunt hau:
Aberatsak din hazten abereak hazten diozkan sehia,
Esnea ohera ekarten dion neskatoa.
Etxe oneko etxekandere egin hintudan,
Ez haunat usu zanpatzen, ilean behin doi-doia...
Estima zan arren, hik jabe ona dun!
Andere Amaia bera,
biziaren Ama-Lurra,
Jabe On Goiko egin nuen,
Ar bihurtu nuen,
Suzko dardo batez armaturik,
Ortzi, Jupiter, Deus!
Baina zure bihotz mina,
urzo gorri, ene lurretarik ihes
urrungo zeruetara
ihintz bila,
nongo hedoi beltzetara
itzal eske.
Esku laster zu soroan
baina sukaldean ezpainak motx,
ohean bularrak xorrotx,
atx, gibel aitzineak hotx...
Antzu ene indarrak,
hau dinagu idortea.
Eihartzen haritz ondoak,
hil-zorian artzan-hora,
agortu iturriñoa.
Gure karlosak ostatuz ostatu
jo hara, jo hona.
Gure mutxurdinak gerla gorrian,
beti fransezez.
Etxe ondarra jan behar diküzie,
laster ospitalialako gütützü
tristant eli bat bezala.
Orain aski da,
bai aski gerla.
Ez zaitut, maitea, haboro setiaturen,
hertsaturen, bortxaturen, zapaturen.
Ez gudua, maitasuna,
Burdinazko dardoa sura botaturik,
olibatze adar bat txitxukatu dizut,
eskulpitu,
adelatu.
Hona edalontzi hau,
ori sagardoz beterik
bakearen izenean,
harrazu eta edan otoi.
Hola mintzatu zen gizona
1977garrena zelako urtean,
ilargi berrietako lehenean.
Sukaldetik baratzera,
saltegitik lantegira
hegalez urzo xuria:
Jakin duxula berria?
Euskal-Herriko emakumeen biltzarra
akelarren egin zen
ilargi xuritan:
berrehun mila emazte
ta neskatxaa gazte,
neskatoxeak eta neskatoxeak eta neskatxak kandatu gabe,
Gizonkien ikuspegitik askaturik,
arren nahikeriatik biluzirik,
larru gorri zauden,
larru zuri, hori edo beltx,
denak ederrak,
oro garbiak
Eba guztiak.
Goiko arren ordezkari zenbait
Madriletik etorri zen laster
eta Parisetik noizbait,
apal-apalik,
ustekeriez ontutsik eta atorras,
arrosa korda lepoan,
sagardo kopa eskuan,
bakearen eske.
Ez ziren ez ministro, ez deputatu, ez senatore,
are gutiago prefet ez gobernadore
Jatorrak ziren, xuxenak, langileak,
auzo elkarteek aukeratuak,
gizon pollitak gainera.
Gaua zen eta
goxo zen eta
bularrak librean airos,
sabelak hegoan uros
Hondarribiko ondartzan
eta Hendaiako plaian,
Ekaineko ilargitan
emazteak fandangotan...
Halere gizon pollitak
ez zituzten izorratu,
ez zankardoxka bortxatu
sabelean punpeka
guztiek lerro-lerroka...
Bakea zieten deklaratu.
Tratu bat finki egin zen.
Hau zuen pundu lehena
eta halaber azkena:
emaztea zazpi amorioz
maitatuko du gizonak,
hau ber gisan emazteak,
baldin merezi badu,
hortan eta guztietan
elgarren bete baitaude,
biak berdin dignitatez
eta ere eskubidez.
Hargatik emazteari
haurren ekartzea beti
humerik nahi badu:
nolaz daiteke bestela?
Ordainez emakumeen Foruak
Araudi gisan berriturik
eta puska bat emendaturik
bistan dena,
berpiztu zituzten.
Amnisti osoa eta orokorra
gizonei eman zieten
aitzineko bekatuak barkatu
arkeriari ez berriz lotzekotan.
Iraultza bat egin zuten
guztiek elgarrekin
Euskal-Herria libratuz.
Bat Ama-Lur, azpikoa
eta Jabe On, goikoa,
zerua eta lurra,
Alpha eta Amaia.
Etorri zen berriz ihintza,
emetu zen lura,
lilitu arrosa.
Bernat Etxepareko zena
saindu egingo zuten,
emazteen fabore ta defentsan
idatzi zuenaren omenez,
amorioz egin zien ongia gatik
lehenbiziko saindu arra,
eta ez agian bakarra,
Jon Doni Bernat Etxepareko
oilarra izan ez balitz,
goi arra izan ez balitz.
Beraz emakumismoaren profeta,
emaztegoaren igarle ar bezala
zuten goraipatu
harri gorrizko irudi batean.
Geroztik haren Salmoak
debozionekin abesten dira
afal ondoan
sagardotegian.
Betiereko bakea
Iruinean izenpeturik
laster Gabriel Aresti
et Jon Doni Mirande
euskal heterodoxoen
elehuskera batuan
gazteek oihustatu zuten
herriko eliz'atean.
Aste beteko jaialdia
ospatu zen lur osoan.
Zazpigarrenean, pausatzeko,
besta egin gau guztian.
Izarren soinu ixila,
bihotzen dantza geldia
eta zahar gazteen jauziak!
Berrogei gauez, euria eztiki
ortzirik ez harririk gabe.
Berrogei egunez, pausordua arraheinki,
lotsarik ez ahalgerik gabe.
Orain ez dago nausirik
ez eta harriko jaunik.
Artoak zazpi buru,
ardiak zazpi axuri,
behiak zazpi xahal.
Zazpi bihotzekin haurrak.
Bizian zazpi aldiz iraultza
gerlarikan gabe
ilargi berrietan.
Eskerrak abestu beti.
Biziaren Amaitari,
Goiko eta Pekoari,
Eta zorionak orori,
Halabiz.
|