L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Manex Hiriart-Urruty
apezaren lau gutun
Piarres Broussain adiskideari

 

Piarres Xarriton

 

        Piarres Broussain euskaltzaina hilez geroz (27-04-1920, 60 urte ezbaian, beren gordailuan gorderik egonak ziren haren paperak agertu dizkigularik andere Jenofa Broussain-Leroy Hazparneko auzapez zenaren alabak, beste Broussain-en adiskide askoren gutunak bezala, aurkitu ditugu hor Manex Hiriart-Urruty apezarenak.

        JAKIN editorialak argitaratu hiru liburuei esker (Jakin liburu sorta: J. Hiriart-Urruty, 2, 3, 4, Oñate 1972) aski untsa ezagutzen dugu hazpandar kasetalari aipatua. Baina, artikulu edo liburu batek ager ez ditzazken berri xehe asko salatuko digu menturaz adiskideari idatzi gutunak. Hori bera gertatzen zaigu hain xuxen Hiriart-Urruty-ren gutunekin. Zorigaitzez utzi dizkigun 29 gutunetarik 4 bakarrik dira osoki euskaraz emanak. Hauek ditugu hemen argitaratzen.

 

* * *

 

        (Larresorotik)

Hazilaren 4a 1894

        Jauna,

        Zerbaitek burura emaiten daut egun edo bihar etorriko zarela gure ikustera.

        Egun heldu bazare, ongi etorri / Arratsaldean ez bazaitut ikusten handik edo hemendik ageri, gutuna (?) huni har-araziko diot Ahazparneko bidea.

        Ez nuke nahi, hunaz geroz, huts egin gaitzazun. Arren bihar, uria jauts-ahala ari ez balinbada, eguerdiko bazkaldurik, Itsasurat goazi, urte guziez bezala, gaztena, talo eta gasna jatera.

        Ez beraz etor bihar arratsaldean hunat. Bertze egunetan? Erran bezala. Biharkoaz bezainbatean, atsegin balinbazinu eztei horietan aurkitzea, zato, burdinbidez ala oinez, arratsalde erditsutako Itsasu Elizaldeko ostatura. Hango atearen aitzineko haiztegi hartan izanen da oroentzat toki.

        Han edo hemen, zure hautura, ikus arte, Jauna.

        Gelditzen naiz zure zerbitzari eta adiskide.

Manex Hiriart Urruty apeza

 

        Ondotikako hitza

        Bazinaki ongi zer egiter deraukuten egun hartan, gure «adiskide» direlako (!) batzuek nahi izan dakote gure «Eskualdun» gaixoari kendu bere izena eta izaitea. Kaskoindu behar omen gintazke, Jaun batzuen gogora! Ez duzu sinesten? Eta bizkitartean hola da: «Hay Bascos que merecen palos».

        Nik hitz dautzut, Jauna, Jainkoaren eta adiskide onen laguntzarekin, begiratuko ditugula nor ere baitire xede hortako, eta hek, holako lanik egitetik.

        Gutizia dutenak doazila kaskoinerat. Gu ez. Eta zu, Jauna, noiz arte bizi gogo zare «franchiman» debru hoien artean Xo! Ez da ene egitekoa. Deus ere ez dut erran ez erranen gehiago.

        Hunen hamabortzean zu hemendik urrun izanen zare naski. Bertzenaz erran nezakezu egun hartan ere ez zaitela etor. Ezteietan izanen naiz Itsasun, egiazko ezteietan orduan: Anaia bat ezkontzen zaut herri hartarat...

        Eta banuen beldurra! Azken hitzera naizeneko, huna non zautan heldu zure gutuna. Zer egin? Gogotik egon nindake nihaur hemen, bertzeak arto jatera igorririk.

        Bainan ez dezaket nere eginbideari uko egin: Bi multzotan goazi, handiak eta ttipiak berex. Ttipien bidatzea eta larderiatzea ene gain da, bereziki holako egunetan, zeren den ere ene ondokoa bidekari txarra. Ikusten dut garbiki, ez lakiokela gure Jaun Buruzagiari ontsa, edozoin estakuruz bihar nere lana bertzentzat utz baneza.

        Barka beraz; otoi zato etzi asteartean tenor bereko edo goizago. Igurikiko zaitut eta ez nauzu baitezpada makurtuko. Oren bat eskola baizik ez dut hiruak eta erdietarik lauak eta erdi arte. Arte labur hartako izanen da hemen nitaz bertzerik zurekin solas egitea atsegin ukanen duenik.

        Edo ezinbertzea balinbaduzu, jo Itsasura bide nabarka bihar. Talo bat osorik begiratuko dugu. Nik ez dakot eneari min handirik eginen.

        Bihar edo etzi arte. Oren bat eta erdi bederen Itsasun egonen gira. Gu hunat itzuli orduko ilun ondoa izanen da. Etzi etortzea dukezu hoberenik ahal bada.

        Biliar ez balitz ateri, ez gintazke atera; bainan nola jakin hori goizetik xuxen?...

 

        Lehen gutuna

        1894.ko hazilaren 4ekoa, Hazparne Barrandegira igortzen dio Piarres Broussain-i Larresorotik. «Eskualduna»k argitaratzen hasi duen Ithurry apezaren euskal gramatikaren karietarat solastatzen hasi dira, Hazparne Barrandegiko mediku gaia eta Hazparne Joanesederraeneko apeza. Apeza eskolan sartua da Larresoron Mediku gaia aldiz bakantzetan. Elgar ikusi nahi lukete. Nahiz tipitan Larresoron ikasle egona den Broussain, 7-8 urte zituelarik, geroztik ahantzia duke urte guziz Larresorotik Itsasura, gaztena jatera, itzuli bat egiten ohi zutela ikasleek, Hiriart-Urruty-k itzuli horren berri emaiten dio.

        Nahiz oraino «Jauna!» erraiten dion bere herritarrari, umore piska bat sartzeko bere solasean ez da batere herabe, gure apez gaztea, hala nola «kaskoin», «franchiman» edo «taloak» aipu dituenean. Ez zaio halere oraino euskara osoki xehatu: «zare», «zaitut», «Ahazparne», mintzo da, hazpandarrak beren artean ez bezala.

 

* * *

 

Larrosoron egina, urriaren 2 lean, 1895ean

        Jeun adiskide ona,

        Sarako erretorrak igorri daut egun hautan zure aiduru dagola. Ahal baduzu, ez huts egin joaitea; atsegin ukanen du zure ikustea eta zurekin ahal bezen luzaz solas egitea. Nik uste gabe eta nahi gabe, hitza jan dakot; amets bat bezala iragan zauzkit bi hilabete hauk. Azken egunak bereziki harat-hunat tarrapatan, ez dakit nola, galdu ditut, zuri azken aldikotz aurten, eskua tinkatu ere gabe, xede nuen bezala. Ez naiz atrebitzen «ajoutatzera» (hitz berri hori berritan entzuna dut, ezar ezazu berehala zure sakelako bertze heiekin)... hemen gaindi behar bazine iragan eta trik-aldi labur bat egiten ahal bazinu, edozoin tenorez, bainan eguerdi aitzintoan hobekienik, atsegin ginukeela guk ere, nik eta bertze zenbaitek hemen zure ikustea. Mintza gintazke xeheki gure lan hasi handiaz. Bainan zoin hurriki deramagun!... Beti bertze zerbeit egiteko...

        Bettiriñoaren berririk baduzuia? Nik ez dut Zezena sistatu-eta, uste nuen zin edo min ximixta zerbeit agertuko zela; bainan Ezpeletan botatu zituen eiki azken uztarrak. Ez dakit; aiher niz bertze akul-alditto baten emaiteko... Zure arabera?.... Ez dakit ordean nondik lot... Banaki, banuke gutizia iharros-aldiño baten emaiteko pottolori, adarretik edo buztanetik. Ikusiko dugu.

        Zuk, Jauna, bederen zuk ez duzu ahanzten «Eskualduna», ez eta haren aldakak.

        Eskerrak zor daitzugu aurtengo Egunariarentzat; artoski berezirik igorri dauzkigutzun ateraldi pollitentzat. Pariseko berriak ere halaber helduko dauzkigutzu. Eta geroxago Eskual Herrian kokatuko ziren herrikoak ez dea hala?

        Zu zira gure irakurtzaile... eta laguntzalle bizpahiru hoberenetarik bat. Asma zazu bertzeak zer diren.... arauera.

        Barkatu ene ausartzia. Zure zerbitzari, Jauna eta, nene heinean, ahal guziaz adiskide.

Manex Hiriart Urruty apeza

 

        Bigarren gutuna

        1895.eko urriaren 21ekoa, lehena iduria dugu. Orai ere Broussain bakantzetan dago eta adiskidetan ikuska badabilke. Hiriart-Urruty-k dei egiten dio «Larresorotik» (sic). Aipu duen Sarako erretorra, Jean Ithurry, larresorotar apeza da. Horren gramatikaren argitalpena, da Hiriart-Urruty-k «Eskualdunean» hasia duen «Lan handia». Horren inguruan, Broussain-ek Parisetik igortzen dituen oharpen eta irazkinak dituzkete hiru adiskideek solasgai. Zorigaitzez, ondoko urtean, 1896.eko ekainaren 20ean zendu beharra zen gramatikalari jakintsun eta umila. Eta, gramatikaren argitalpenak luzatuko du 1920.arte.

        «Betiriño» nor den ez dugu ikusten. «Piarres» Broussain bera? Menturaz?

        «Eskualduna»ren delako «egunaria» berriz astekari euskaldunaren «Almanaka» famatua besterik ez da: 1896.eko egunariak badakar, hain xuxen, artikulu eder bat, Pasteur eta Roux bi mediku handiez ari dena. Sinadurarik ez izanagatik, Piarres Broussainen euskarazko lehen artikulua dateke.

        Ohargarri zaigu ere, alde batetik, «Jaun adiskide ona!» erraiten diola Manex apezak oraikoan bere herritarrari eta bestetik Ithurry-ren ortografia darabilala, tt, ll, ñ, x, guziekin, mementokotz bederen. «Zare», kilako formen orde «zira» hartzen du, Lapurditik Baxenabarrera buruz itzuliz.

 

* * *

 

        (Larresorotik)

Larunbata (01-11-03)

        Adichkide ona,

        Bagoazi. Egunaria badaramagu... berantche hasten gira. Are zaluago gitzazkon lot alde orotarik. Ea ikus ichil ichila, alegia deus ez, hazilaren leheneko burura dezakeguneez, Lasserre-en ttirritteria txarrari aitzinduz. Ez dezala otoi deus jakin. Bego lo.

        Bainan ez otoi, otoi lo egon zu. Bardin debalde duzu zure buru-berokeria: bitzarre, batzarre eta egundainoko amets eder guziak holako lan gorde apal (iduriz ahul) zerbeitetara beharko dira erori.

        Jaunak doazila jaunekin elgarri agurka edo ausikika. Zato zu langilekin lanerat, gizon bat balinbazira. Orok hala zirela uste dute ba, bainan nehork ez daki oraino. Egintzetarik da, nor nor den eta zer den, ageri, ez da hala? Otoi beraz eta zinez ele alferrak utzirik, «Errabiaz» hitzemana daukuzun lantto hura. Ez luze ez jakintsunki. Solasa labur, garbi, argi.

        Nola ohart dakioken zakur errabiatuari? Zenbat irauten duen errabiak? Nola lotzen den errabia jendeari? Zertarik lotzen den? Hatsetik? Hagunetik? Hagunak larrua edo soinekoak hunkitzea aski den? Ala odolerat sartu behar den?

        Zer egin ausikia denean? Norat joan? Aztietarat? Noiz medikurat? Pariserat noiz? Han oro sendatzen direnetz? Eta holako...«Vous connaissez le type de lecteur, si persone.»

        «De six a dix pages de ce papier-ci». Otoi berehala. Jar zite, lot lanari. Lotuz geroz, uzteak emanen derauzkitzu lanak. Ikusiko duzu...

        Bizpahiru ditxo bitzi, tartalkeria, ohiko edo egungo hazpandarkeria, irriz urrarazteko zenbeit, eztazkitzu? Ai bazinazki! «De l'inédit» ahal bada.

        Beste hainbertze errezeta edo osasunari doazkon kontseilu: Gelak nola atxik. Jateko, edateko, soineko, nik dakita zer?

        Oi, zu bezala mediku banintz eta arrantier, donado zahar eta eskuara zuk bezala maite, Eskual-Herriko zer guziekin!

        Hola da ordean lur hau: ahal lukenak eztu nahi. Nahi lukenak eztezake.

        Ea, erna hortik...

        Zure kitzikari... (alferretan?)

Manex Hiriart Urruty apeza

 

        Hirugarren gutuna

        1903.eko hazilaren 1ekoak, berezitasun bat badauka Broussain-ek, Azkue eta Ithurry-zenak zerabilaten «s» letrari uko egiten dio Hiriart-Urruty-k eta berriz «ch» sartzen du, haren orde, ongi azpimarraturik «berantche», «ichil-ichila». Batasuna ez dago eginik, gure kasko tzarrekin!

        «Lasserre» Baionako liburutegi bat zen, bere euskaldun «egunaria» argitaratzen zuena. Dirudienez «Eskualdunaren» egunariekin ari ziren zeingehiagoka. Bere «umearentzat» laguntza eske heldu zaio beraz, Hiriart-Urruty Broussain-i.

 

* * *

 

        (Larrosorotik)

Hazilaren 5a 1903

        Adiskide ona,

        Zu...! Erran gogo ez dena eta kasik erran behar ez dena, jali araz zinio. Beharrik badakit ez zerabiltzala, beste frango bezala, jakin goseak. Sudurra luze baino beroago duzula bihotza ba dakit.

        Horra zertako, atxiki behar ditudanak atxikiz, erranen dautzutan laburzki hor... hitz labur on horien igortzalearekin ukan dudala mokokaldi bat, min handi egin dautana zortzi bat egunez. Urgulutsuia zirela diozu zuk. Zu. Gaizoa! Deus ez zira beste zonbaiten aldian.

        Hau banakiin puska bat bazela. Ez ordian hoinbeste. Bainan oraikoak aldia egin du. Joan da. Nere federik hoberenian bi hitz igorri nazkon, beharrenak hunkituz, «Eskualduna»ren xokoak miatu balinbaituzu ez baitut erraiterik zertaz, iragan egunetako ateraldi... «lerrakor» batzuez.

        Orotako handienetarik biga, guziz bat: (irrintzina= hennissement de la femme violée.... Loti edo nik dakit noren burutikako perttolikeria), Donapaleoko joan-jinaren xehetasunetan ziren. Eta nola ene eskuietarik iragana baitzen mintzaldi hori, eta arte eskasez hala hala igorria bainiin, behako bat doi doi hegier emanik, barnia miatu gabe, niri zela zaudan ene buruiaren garbitzia.

        Izariz mintzatu nitzaio, ustez. Luzexko ba, hasian hasi, bainintiin beste arrengura ttipi batzu ere. Baia ba! Ez dautzut erranen zer eta nola ihardetsi dautan.

        Pentsa! Nihaurek ere aldi bat baizik ez dut irakurtu, eta joan da berehala surat, erretzeko hobia baitzen. Burutik behar du ukan boltaka, giza gaixoak: Erran ere badaut, asko ele makurren artetik, baditakela, ororen buruian «kintze bat» badlin.

        Ni hiltzen baniz eta lan huni buruz harekin uztartzen bazira egun batez, orroituren zira huntaz.

        Bego. Ihardetsi nakon ez hotz ez motz, bainan labur eta gizonki ahalaz, buru-bihotzek elgar zaukatela. «Sans rancune» emana baitzaundan, halako «irri hotz» bere gisako batekin (arrazoina du Irrihotz sinatzeko, alafede baietz!); Ihardetsi nakon: «Sans rancune oui, mais pas sans tristesse». Eta gero hamar bat lerro, ahal bezen xuxen eta sarkor: ez nakola sekulan gehiago hutsik altxatuko; ginozin aitzina lanari, nahi baziin, zoin gure alde. Igortzen zaitanak eskuztatuko nintiila, deus erran gabe, iduri zitzautan bezala, eta berak galdatu edo onetsi bezala. Esku eta esku eta fini...

        Nindagon ondorioari. Ja ikusi dukezu Lekorneko errientari eman dakon sistako berria. Ezin egona.

        Geroztik igorri dait «Orotarik» eta bizpahiru berrixka on; eta barnian karta hau,... ez gaizki.

        Bi egun espres luzaturik, igorri dakot ene karta, hitz hunekin, orotara dagona «Merci».

        Hortan gira. Ukanen du briden beharra gure pottokak. Bizkitartian zerbait onik ere badu segur; eta miletan nahiago dut holako buru bat, zeiharka ere onerat itzulia, ezenez gaixtorat. Non geldi litake? Pereka dezagun ile alde, bainan soka labur atxikiz eta zaldare beroturik ahalaz ez emanez. Ferdetik ausarki; eta karrosan hirunazka ezar beti erdian. Halere ni beldur lanak emanen dauzkula. Agian ez!.... Nik ez dut kitzikatuko....

        Bestiaren ezkontza berriz! Agian emazte ona izanen du. Bastart on bat buluzirik hobe, miliuner bat askoren kapetarekin baino. Bazinaki zoin gogoan dudan gaizo haur ona!... Jinkoak ez ahal du nahiko gaizki kausituia izan dadin.

        Ontsa balinbadoazi, erran gabe doa, on litakela untzitik apur bat esku onetarat eror dadin sarrixago.

        Dogdson ez ahal zauku samurtuko. Au ba!... Azala lodi dute holakoek; eta herritar zonbeit jostatuko dira. Bizitasun poxi bat ba, bainan moldegaizkeriarik ez zaut iduri erakutsi dudala. Merexi zukeen.

        «Errabia» joan da; den berriz izkiriatu dut, bi aldetan eina zelakotz. Han hemenka zonbeit itzuli luze laburtu daitzut, taakoari xehaldiño bat eman, bi agoardient ihizñorekin, pizteko. Zure lana atxiki dut, hitz batzuz mintzatzeko, aizina dukegun batez, «Zakur» guziak «h»-rik gabe eman daitzut; «heldarra» eta «hezurrak» ez...

        Ah! zer lan ona egin duzun. Hain xuxen hainbeste zakur errabiatu izan baita aurten; itoka irakurtuko dute.

        Gibelaxko gira eta hurriki doa lana; bainan «Eskualduna»-ren saltzale berrier esker, salduko da... gasna bezala.

        Milesker; eta aitzina beti! Berririk balinbada ttipi edo handi, otoi ez niri LOKAR.

        Igandian igurikatzen dut Larrieu «Action Libérale»ko sekretarioa. Zaude, zaude, erranen dakot Hazparnen lehenik noren ate-mailua jo!...

        Zu ziin bezalakoa behar zinen apeztu edo ezkondu: bat ez bestia ez baituzu inen. Barka! Eskapatu zaut. Zerbeit jakinki eta... hitzik ez nautzun erran behar. Lerratu.... luma. Barka!

        Zure zorduru hartzeduru, ase-ta-gose beti.

Manex Hiriart Urruty

 

        Ez dut ber-irakurtzeko arterik. Hutsak bete gogoz otoi zuhauk.

 

        Laugarren gutuna

        1903.ko hazilaren 5ekoa, luzeena zaigu, eta aberatsena, jakinez geroz Jean Etchepare medikua (1877-1935), Larresoroko ikasle ohia, duela lehenik eta luzakienik aipu, Hiriart-Urruty apezak. «Ukanen du briden beharra gure pottokak...» diolarik Eskualduna-ren buruzagiak, badirudi aintzinetik sumatzen duela Etchepare-k 1910.an, «Buruchkak» bere liburu famatuarekin sortuko duen erauntsia.

        «Bestiaren ezkontza» aldiz, Albert Constantin Atharratzeko medikuarena da. Biek adiskide zuten delako «gaizo haur ona», baina bereziki Broussain-ek; abertzaletasunaren aldetik biak osoki bat baitzauden. Hazparneko deputatu auzapez eta deputatu Saint Martin Harriague-Morrochko okituaren alaba isila Rose Claire Amestoy hartu zuen emazte Constantin medikuak.

        «Dodgson», Edward Spencer, ingeles euskaltzale jakintsuna ez zuen behin ere gogoko ukan Hiriart-Urruty-k (ikus Eskualduna, n° 377; 17-08-1894) eta oraikoan berriz «merexi zukeen» ausikia egiten dio.

        «Errabia» izenburuarekilako artikulua Almanakarentzat igorri zuen Broussain-ek 1904.eko Almanakan agertu zen (or. 28-34).

        «L'Action Libérale et Populaire» izeneko mugimendua Parisen sortua zen 1901.ean, Jacques Piou katoliko aberatsaren inguruan Baionan Amédée Larrieu zuen bere gizona. Hiriart-Urruty aski aise bere alde bildu zuen eta horrela Eskualduna-ren administratzaile jarri zen Larrieu. Guichenné deputatua ere, Broussain-en koinata, talde hortan sartu zen, baina Broussain bera ez, sekula.

        Gutun hau irakurri-ta, besteen ondotik, badirudi gero eta hurbilago direla elgarri gure bi hazpandarrak: ez da gehiago «Jaunik» aipu hemen, bakarrik «adiskide on!». Euskara bera ere lañatu da eta piska bat «laxatu»: «zu ziin bezalakoa!», «ez baituzu inen» (eginen orde). Bizkitartean ez dugu beste horrelako gutunik aurkituko. Damurik! Gure telefona mekanika hotzek ez duten bezalako grazia bazuten paper xahar horiek.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.