L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 2 (1982-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Mintzaje ta eskola Ziberoan

 

Txomin Peillen

 

        III. Hamazazpigarren mentea (XVII. s.)

        Hamaseigerren mentean Züberoan protestante librü zonbait kartielian kurritzen hasi beitziren, Olorueko apezküpu mauletarrek, Maitia edo de Maytie familiakoak popüliaren eskolatzia arrenküratüko dirade edo hobeki erran popüliaren kateximatziaz, hortakoz gure eüskaraian lau librü agertüren dirade: Tartasen «Ontsa hiltzeko bidia», Belapeyre ta Maitia-k egin katexima, kantika libria eta apezentako peredikü libria. Popülian, apezek die eskola egiten eüskaraz eta latiz irakurtzen eta ezkibatzen erakusten baieta ikasle hobener, eskolatzeko lati eta frantses haboro. Etxeko prima eta primiak eskolatzen, bai eta soldado, laborari, ofiziale izateko flaküxka diren seme gazteagoak. Eskola handiagoak Orthezen, Oloruen, Baionan egiten ahal dirade kolejiotan.

        Beti, bost mintzaje badütügü Ziberoan, lau mintzatzen eta bat ezkibatzen baizik eztena, latia. Arlande Oihenart-mauletarrak, modela emaiten deikü, Historia Librü lodi bat latiz ezkibatzen du Notitia Utriusque Vasconiae... eta ber urteetan neskatila hanitxer eta emaztiari egin poema-ejerrak eüskaraz Oihenarten gaztaroa neurthitzetan, bai eta Erran zaharrak ere, Eüskal Herri güzitik bïldürik.

        Oihenartez eta Elizaz kanpo, pastoral trajedia eta asto laster egitia jarraikitzen da, bena ez lehen bezala Saintiak eta profetak aipatzez, bena erregeen historiak: Clovis, Charlemagne, Saint-Louis.

        Mila seiehün eta hogeigerren urtean (1620.an), frantses paperasse-ak ürrhats bat haboro emaiten dü kartielian Erregiak Züberoan eta Nafarroa Frantziarekin bat egitea deliberatzen du bi herriek protestatzen die (ikus, Enregistrement de l'Edit d'union à Pau, opposition de la Navarre et de la Soule, 1620) Gotañen züberotarrak horren kuntre jeikitzen dira 1631. urtean. Geroztik familia orotan, izigarriko paper paketa hatzamaiten da frantseses, lege gizonen gizentzeko (bide batetan igaraiteko kontratü, behi erosteko kontratü); xikana eta injustizia Züberoan sartzen da, ezpeita berhala jelkiren.

 

 

        IV - Hamazortzigerren mentean (XVIII° s.)

        Mente hortan, abantxü Herri orotan eskola bat izanen da, Martin Maister Ligiko erretrorrak erraiten deikü etxe orotan ba dela norbait irakurtzen eta eüskaraz irakurtzen, bere libria «Jesu Kristen imitazionia» errejententako egiten diala, eüskaraz eta frantsesez irakurtzen erakasten beitie, ükhen dezen zerbait haitü eüskaraz, kateximatik kanpo.

        Mente hortan, aberatsetarik eremütsetartino, jentiak oro eüskaraz mintzatzen dirade, hanitx ere Pettarrean bearnesez eta Basabürian espanoles Jüsef Egiategi-ordüko eüskaldün filosofoak dion bezala:

        «Aspaldian dago errana, gizona dela hanbatetan gizon, nola mintzo süerte beitaki; topa hüskaldün menditarrak dakian Espaiñola, delako hen aizo, topa ere Ordokitarrak dakian Biarnesa edo zerbait frantsesesetik, hantik biek dütükien abantailla gatik, bena beren artian ta etsaien eretzian, hüskara xahia dezen mintza, da ene egarria.»

(J. Egguiategy, Filosofo hüskaldüna, 1780)

        Hala, urte hetan lau mintzaje badütügü Züberoan, eüskara, española, Bearnesa, frantsesa. Frantsesez Jean- Philippe de Bela-k frantsesez ezkibatzen zian, Eüskal Herriko historiaz Essai sur la noblesse des Basques, eta agertü ezten Histoire des Basques. Eüskaraz Martin Maister-en Imitazionia, eüskara ederrian agertzen da pastorala hainitx kopiatzen, emaiten eta ezkibatzen da, ordian, eta Züberoak du ezagützen, apez etzen lehen eüskaldun filosofoa, Jüsef Egiategi, esküz ezkibatü lau librü ützi deizkünak: Filosofo hüskaldüna, Bigerren libria, Musde Etxeberriren gogamenak eta Aberastarzün güzien giltzak; bena Elizak eüskaraen politika bat balin bazian, Züberoako laikoek etzien horren axolik eta lau libriak orano lo dirade Pariseko Bibliotheque Nationale-an.

 

        V - Himeretzügarren mentean (XIX° s.)

        Frantses Iraultza (Révolution française) denboran, prefetek zioen Basse-Pyrénees-tarik biarnes eta eüskaraen galeraztea errejenten lehen lana zela... eta libertatearen izenean! Barère-k egin paperak dio:

        «Le fédéralisme et la superstition parlent bas-breton; l'émigration et la haine de la république parlent allemand; la contre-révolution parle l'italien et le fanatisme parle basque; Brisons ces instruments de dommage et d'erreur».

(Rapport à la Convention du 8 Pluviôse an II)

        Bena ondotik Napoleon lehenak eztü hainbeste pena hartüren, aberatsentako Lycée-ak egin ondoan, kasernen modelian, ezta eskola txipiez arrenküratüren, gerlakan sosak igorriz. Paueko paper zaharretarik jelkirik haboro badakigü, Etchecopar Mauleko sous-préfet-ak gahthatürik Pierre Bayaud batek ezkibatü zian «L'enseignement primaire en 1809: l'arrondissement de Mauleon». Paper hori Gure Herria-k eman zian 1951-ko uztail-agorrila numeroan. Lege berriak galthatzen zian bezala, abantxü herri bakoixkal eskola errejenta bazen, bena laborari haurrek etzien batere arrahe-inki jerraikitzen eta lazükeria horrek luzaz irainen dü:

        «Les élèves à la campagne sont enlevés à l'ecole aussitôt que les parents les trouvent assez forts pour les travaux de l'agriculture»

        Errejent gazteena Ligi-koa da, hamabiurteetako haur zürtza (orphelin) eta Ospitalepekoa zaharrena 73. urteeki. Ziberoako hageitahamalau (34) errejentarik zortziek beste ofizio bat badie. Haurren etxekoak, üsuenian, aldikatzen dirade, jatekoa eta ohea emaiteko; hamar errejentek eztakie ontsa frantsesa. Haboroenek eüskara, latia eta frantses amiñibat erakasten die: jenteen arabera aski da eta hamabost-ek hala egiten die; azkenik bost errejent hanitx eskolatürik dirade, hala nola Medoc Santa Graziko errejenta.

        Errejentak oro abantxü eüskaldün dirade. Artxu (Archu) Altzürrükütar «Inspecteur primaire» famatiak hentako «Eüskara-frantses gramatika» bat egin zian, bi mintzajean batetan hobeki ikasteko, baieta «Alegia» edo fables librü bat ere eüskaraz. Apezek ere euskaraz librü hanitx egin zien eta oraino etxe hanitxetan badira ordüko Uskaldünaren güthüna, Kantitak, katexima bai eta Ziberoako egunaria. Ezkibü hanitxetan errepublikaren ganako mesfidantza ageri da (egia da üskararen etsai izan zela phüntü batez), protestanten eta hargin beltzen (francs-maçons) kuntreko ezkibü hanitx. Lan hetarik franko Intxauspe kalunjeak Omize Gaiñekoak eginik dirade. Frantsesez ezta deus baliozkorik ezkibatzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.