L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 3 (1982-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Azeriaren ezteiak

 

Jon Cazenave

Mikel Hiribarren

Ladix Arrosagarai

 

Ba ziren orain hiru aste emaztea leiho aurrean itzaturik zegoela. Azaroak zituen minuta oroen luzean barrena prostraturik egon zen, higitu gabe indiferentea. Dena omia-sainduz hasi zen, orduan, usaiak ez kanbiatzearren, azaroak bere etorria anuntziatu zien egutegirik ez zeukatenei, berak bakarrik moldatzen dakizkien euri uharren medioz. Nehork ez zezakeen erran funtsean zer zeukaten berezirik ilabete honen nigarrek, denek alta ba zekizkiten besteetatik berexten. Lehen euri xortak jendeen artean lerratzen zirelarik gurutzatzen ziren soek ba zuten konplizitate erdi ixildu, erdi aitortu hura. Sentimendu kontraerrankor batzuen nahasketa ere, azaroan jadanik, bakantzetan eh, egunak laburtzen, herioaren xelebrazione unea. Euria. Zaharrenek berek ez zekiketen erraiteko euri honek usain bat bazuenez bere-berea, hil herrietan itzulitako lurraren perfumea zekarrenez eta harekin batera gorputz umiena, ala mota askotako liliek ziotenez errebotean loditasun hura emaiten. Behar bada, bihurgunean zegoenez gero, ba zeukan halako ekilibrio bitxi bat, joandakoaren orroitgarri, datorrenaren aintzin solas.

        Horrek zukeen emaztea inkonzienteki leihora garreatu azaroaren lehen goizean. Doi bat berantatua hala ere, ezen, urriaren 31-eko hodeiek ekarri zituzten ur, kondensatuak jadanik hasiak bait ziren lurrari buruz murgilka lehen argi goiztiarrarekin. Lehen astea leiho ondoan iragan zuen emazteak euriari so, uharrak ez ziren gelditu, bigarrenean ere ez. Ba ziren orain hiru aste nonbait han ari zirela eta emazteak betiko posizionean ziharduen, izpiritua hutsik. Hastapenean behatzera jin baldin bazen ere, iduri zuen orain goait zela, euria geldi zedin zuela igurikatzen, ala behar bada beste zerbait oraino, honen presentzi hurbila senditzen bezala bait zuen.

        Gertatzear zenaren intuizioneak zukeen memento batez animatu. Azaroaren ogoigarren eguna zatekeen bere obserbazio lekua utzi zuelarik. Sukaldean bost bat urrats busti ibilirik frigorifiko gaineko karneta ttipia hartu zuen, orrialdea bilatu eta ondotik irakurtu

        «URRIAREN 11a: goizetik arrats denbora txarra, euri, haize ta ortzi. Hiru onak irian haatik ateri. Oren erdi batetakoa bakarrik eta berriz euri, haize ta ortzi».

        Karneta berriz pausatu zuen frigorifiko gainean eta beste bost bat urrats busti ibilirik sukaldean zehar, lehenagoko lekuan eman zituen oinak, leiho ondoan. Berriz ere bere soa nonbait gelditu zen euri ttantten artean.

        Prebisionea beraz xuxena zen: urteko hamekagarren egunean ezagutu aro hura berekoa zen hamekagarren ilabetea. Azaroa. Hiru aste horietan hain erregularki ari izan zen jauts ahala euria non neke bait zen noiz hasi zen orroitzea, hasierarik ukan zuenez ere sekulan. Beti ordenu bera, beti erritmo soinu berak, euri tantarik ez besteak baino lodiagoa, arinagoa. Denak biritxiak ziren, formez bistan da, bainan batez ere jausteko manerez, lur edo leihoaren kontra lehertzekoez. Emazteak, azkenean, inmobilak zirela pentsatzeraino, euri ttantta bera zela mihaka aldiz parreko lantegiko ximenean lehertzen.

        Hiru astez urak ez zuen idorrik utzi, itsasoa mendi kaskoetaraino zabaldu zen, bistak oro lanoztatuz. Umia denetan nagusi zuhaitzak eta larruak hantuak ziren urez. Erreka gorde batek emaztea iragaiten zuen beharri batetik bestera, gero, etxe azpira edo gainera zihoan mugimendu zikliko etengabe batean. Harri-hezurretan haren oihartzuna entzuten zen luzaz kurri. Hotsen ordenuraino bestelakatu zuen euriak, gibelean iragaiten zen sufrezko trenaren burrunba aintzineko baikoiko ate irekitik sartzen zen etxean, lokomotiba karrikan berean iragaiten ari bailitzan.

        Hain segur ere beste gauza asko alda zezakeen euriak, denbora gutti barne muebleek ostoak eman zitzatekeen eta emazteek arrain-andreak erdi. Guttik egin zuen emaztearen larrua, jadanik xuri-perdekoiturik, ez bait zen ezkataz estali bainan, karneta ttipian idatzi bezala, ilabetearen hiruetarik bigarrenean eguzkia atera zen, xuxen ez bait zekien emazteak ez deusetik ala bere orroitzapen bustietatik.

        Memento batez euria eta eguzkia batera ari izan ziren. Minuta hortan berean norbait hortik iragan balitz kontrastak joa gerta zitekeen, harriturik ez zukeen ulertuko nolaz une berean ba zitekeen euri-eguzkirik. Emazteak ere ez zuen ulertu, eguzkia atera ordutik beretik ez zelako gehiago gizaki pentsatzaile bat. Izaitez beste landare bat, hiru aste luze horietan erroak hartu zituena sukalde urez ito honen zolan.

        Orain, lurra urezko tindu liranjez pigmentatzen zuen gertakari hontan parte hartzen zuen naturalki, inmobila baldin bazen ere bere osotasunean, partikulaka zuen bizitzen bere begiek distiratzen zuten etxeen birinek bezala, adarostoak kraskatzen zitzaizkion aberatsez, mueble hauen gisan, aspalditik oihanetik ebakirik ere, ikara bera sendi zutena korapilorik ttipienean, zangoak loditzen zitzaizkion plazerrez, eta, burua doi bat apalduz argi lurtsua ezpainetaratzekoan, bere bularrak hantzen behatzen zituen pozaz, atorra tinkatzen ari, titi punta gogortuetatik belar-kilikak batbatean lora zekizkion esperantzetan.

        Eguzkia emaztearengandik zihoan amilka, euriak berriz zuhaitzetatik gora erortzen jarraikitzen zuen kanpoan, iduriz etxe barnean, hain segur ere emaztearen gorputzean, baso-zangoen luzeran, buruaren izkin orotan ba zebiltzaten ur ttanttak, itsuak bailiran behaztopak azken unean ebitatuz eta berriz abiatuz lasterka beste norabait. Emazteak begiak zabaltzen zituenean, orduan, bat-batean, direkzione guzietara zihoazen eskapi euri-arrainak, norbaitek beldurturik bezala, berdin elgar joz, kasik guzietan beren ihesa jabalduz hezur baten kontra errebotean sartuz geroz, ala aurpegiraino iritsi ondotik, eguzkia zurrutaka bait zihoan sudur-matel urrekaretan behera, haren tragatzeko bezala emazteak erritmikoki irekitzen zuen ahoraino.

        Naturaren mozkorraldi inkontrolatu honetan eguzki erreka jauts ahala ari zen euri dir-diretan. Bikoiztasunaren oreka zaharra lur jota, beste harmonia batek zituen gauzak animatzen. Dena erotzen zen eguzki eta euriak erakutsi maneran, zuhaitzak eta teilatuak zabaltzen ziren argiz, urez eta kolorez arraildu nahiz.

        Eguzkiaren horizontala euriaren bertikalarekin joitean sortu zirimolak dena gain behera emana izan zen. Lur gaineko gailuak oro sartu ziren mugimenduan, itzulika, jauzika, ur bilka ta argi botaka edo alderantziz. Zentzua gal-arazteraino. Preseski ez zelako gehiago gizakia izan behar, baizik eta, emaztea bezain gauzen muinean berean murgildurik, Axeriaren Ezteiak erraiten zioten berde-liranjezko leherpen honek, gauzen ordenua irauliz, ekar zezakeen lukurioaren senditzeko, halaber betetasunaren, xinplifikatzearen.

        Memento baten buruan, emaztea kasik ohartu gabe, eguzki perpendikularrak teilatu bat ezarri zion euriari, beste norabait abia zedin ixurtzera: azaroaren 20a zen eta eguzkiak metodikoki torratzen zituen urez itoak, ixiltasuna barreatu ahalaz hiru asteko errekaren oihartzunaren borratzeko, emazteak jadanik arrakausitu zuela bere gizakitasuna, hain segur astroak sorturiko irriño batean, aho hegiak luzatu zitzaizkiolarik.

        Kontent zen naturaleza lasaitua ikusteaz, dena airean eztiki flotatzen ari kurioski arindurik, lantegi, zuhaitz eta karriken lerroak finkatuagotuz zihoazela makadametik idortzeak askatu ]ano epelen artean.

        Holaxet hasi zen bigarren igurikaldia. Hastapenean batere ez zen desesperagarria, haize hegoa altxatu zen eta hiru egunez iragan emaztearen gainean, beti leiho ondoan ziharduena eguzkiaren distiren purifikazionean. Ez zen higitu, haize hego linburkorrak zuhaitzei azken ostoak joanen zizkienean euria berriz jinen zela ba zekielako. «Hura» berriz gerta zedin zuen itxaroten, ez zekien zer izan zen, hitzik ez zuen kausitzen haren kondatzeko eta, azkenean, asmatu zuela uste izan zuen euria aspalditik erortzen hasia zela berriro, sekulan gelditzerik ezagutu ez bailuan, emaztearen bista ozkatzen zuen azaroko euri lodia, erritmo-manera berean idorra ahantz-araziz, lokomotibak karrikara erakarraziz.

        Desmasia frangorekin jin zen berriz euria, laborariek barazuzak xehaturik zeuzkaten landareak, hirian, auzotegi zaharreko etxe guziak lehen estaiaraino urez itorik, dena usteltzen hasi zen. Bainan desmasia somagaitzena umitasuna zen, nehork kasurik eman gabe denetan sartu zena, murru, haragi eta izpirituetan.

        Aktibitate guziak gelditzen zituen pittaka. Hor zegoen luzarorako oraino, ikus ezinezko uhaste iraunkorra, kiskalaldi azkar bat beharko bait zen haren haizeatzeko, bainan berriz jinen ziren uharrak eta horrela eguzkia eta euria txandatuko ziren lurraren gainean, emazteak leiho ondoan hilkor, urtez unte igurikatuko zituela Axeriaren Ezteiak. Alferrik bat bertzearen ondotik, luzaz, umitasunak itxaropena ustelduko zion, idorrak orroitzapena irinduko, bere semeak, garbigelan jostetan ari bait zen orain lavaboa urez betea amaz arrunt ahantzirik, haren hautsetan ezkaratza pasa ondotik, leiho ondoan lili multzo bat pausa zezan arte, kanpoan eguzkia eta euria batera ariko ziren batez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.