Ma contribution à l'étude de la littérature basque
Gaxuxa Kakoliren obraz
Itxaro Borda
Euskal literatura, itxuran aberats agertu arren, egian aski pobrea dela iduri du. Ez nuke euskal literatura maitagarri hau kritikatu nahi, baina bortxatua naiz, arras motela eta saindua izan dela aitortzea.
Hona, nik neronek, nere bilakuntza ospetsuetan zehar paper interesgarri batzu atzeman ditut, herriko etxe abandonatu baten ganerrean. Pena nuen: etxea ur bazterrean zagonez, dokumentu bakun horiek bustiaren eta umitasunaren atzaparretan eroriak ziren. Eta, nik neronek, salbatu ez banitu, segur betikotzat galduko zirela.
Lehenik, hasteko, presenta dezadan Gaxuxa KAKOLI pulposa. Zeren, literaturzale lagunok nerekin ados zaretela uste dut, norbaiten bizitza ezagutzen ez badugu, ez dugu aise konprenitzen ahal idazlearen obra nasaia. Badakizu mamia...
Gaxuxa KAKOLI 1792eko uztailaren 14ean sortu zen, Sortekobordan. Nere herrian, etxe hori Amikuze oihanari hurbil hurbila da, eta plazatik biziki urrun. Horrek zerbait esplika dezake! Zazpi urtetan komunione ttikia konplitu zuen, eta hamabietan handia. Denbora berean, mendiak kurritzen zituen urtxintxen gibeletik. Geroxago, herriko bizangodun gazte eta freskoen atzetik ibiliko zen, kasik manera berdinean. Baina utz dezagun, poeta mintzatzera:
Mendi galdu haien atzetik
Loreak zimel dauden baratzetik
hekarren
hegoa
hekarren
begoa
Ohartzen gara, hitz hauek tristezi asko dakartela : seduktore hoberenak ere, angustiz beteak dira. Manex auzo xahar baten ganik ikasi nuen, «iraultzaren alaba» deitzen ziotela. Arrazoinekin! Urrunago ikusiko dituzue beste poemak.
Alabaina Gaxuxa etzen eskondu, eta neska natural bat ukan zuen pasaian ziren buhame beltzaran batetarik. Bistan dena, harek obra egin eta eskapatu zela. Ordu hartarik goiti, lasterkak utzirik, alabaren hezten pasatu zuen bizitzeko gelditzen zitzaion denbora luzea.
Laborantzan ari izan zen kasik sortzetik hiltzeraino, gure Gaxuxa. Fama handia bazuen: etxean zuen arnorik hoberena, arto buru lodiena, eta behi esnedunena. Jendeek erraten zuten parerik ez zuela idi pare baten aintzinean, udalen artzeko. Goizean, ihintza hotzean belarra zagon lekuan, arratsean, ildo ireki ketsuak zeuden. Zer phesta zizarientzat!
Ehun eta bi urtetan eman zuen azken hatsa. Horrek 1894garren urteraino eramaiten gaitu beraz. Haren ehorzketetan jendeak milaka etorri ziren, bereziki gizon xahar kuxkurtuak. Dudarik gabe haren maitaleak edo ohaideak izan ziren guziak. Apezak gaitzeko predikua egin zuen, eskutan daukat textoa, Gaxuxaren bertutea laudatuz. Egia erran, Gaxuxa gaztea zelarik beste erretor bat zutela herrian.
Bere alabak kopiatu zituen amaren obrak kaier batean; eta nik kaier hura dut atzeman. Segur segurki denbora iragankorraren zintzurrak asko iretsi dituela...
Eta orain ondotik datozkizue, Gaxuxa KAKOLIren talenduaren alde miresgarriak. Zueri jujatzea!
Hiri zahar honen hormetan
preso gelditu ginen, metan,
etxe bidea galduaz penetan
ateak hetsiak ziren denetan.
Arabiako haizeak, belar zoroak
freskatzen zituen
hik eskuaz nere oinazeak
jabaldu hituen.
hiri zahar honek
ateko gizonek
munduko gauz onek
irria
negarra
gutizia
beharra
bizia
gal arazi zizkiguten
haize orroak
belar zoroak
isil arazten dituen eran
(Hiri hau zein zen ez dut jakin ahal. Ordea, uztail baten 7koa denez, pentsa dezakegu Iruñea dela. Baina zoazi jakitera han ranparrik badagonez.)
Kasu
ni otsoa nuzu:
eman ondoan musu
usu hain usu
gose handia baitut
gordin gordinik
iretsiko zaitut.
usu hain usu
kasu!
hion: zakil
zion: makil
hion: bular
zion: axular
hion eta zion
gu bion zorion
zorion
(Textoak pixka bat aldatu ditut, euskara batuan emateko. Segur naiz, alferregi zinatekela Amikuzeko edo nere herriko mintzairaren ulertzen hasteko eta irakurtzeko)
erradazu mutil
maitatzen nauzula
ez nadin inutil
erradazu mutil
gaur nahi duzula.
egidazu maite
ibilaldi hura
arren etor zaite
egidazu maite
iturriko ura.
emadazu bero
mihisen partean
horrela gauero
emadazu bero
arrosen artean.
(Hona zati delizius bat; poetaren sentimenduak hitz gutitan agertzen zizkigu, eta ederrago baizik ez da, naski. Obra honek urtearen edo egunaren xehetasunik ez dakar. Zorigaitzez, ez dezaket ezer zehatzagorik azal.)
Zoroak bere buruari
«hots, egizak hila
egiza hila
badituk mila»
zoroak berea hartuz
egiten du zalu
xoxo kantarian sartuz
airea jakin balu
«egizak hila» zionak...
(Texto honetan, nik ez dut deusik konprenitzen...)
jakin banu
aintzinetik
ate honen hausteak
min emanen zidatala,
segur
Mariaren gisan
ez nintzen
sartuko
eta
ez nuen sartzera utziko.
Barnean ordea
hara honaraka
berotasun zilegia,
atea hautsi eta
su borrobil hauen
inguruan eskuak ibiliz
bihotz nekatsuen
pausatzea,
atsedena
barnean ordea.
ahal banu
(eta Mariak jakin balu)
ate hori aldi oroz hauts nezake
loreen desloratzea gustatzen zaion batekin.
(Hona azken zati bat: poeman dagon Perutxo hori ezaguna omen zen Amikuzeko eskualdeetan. Baina ez dakigu zein herritakoa zen, edo herrikoa berekoa bazen zein etxetakoa.)
Perutxok arroltzeak
ederrak baditu:
oilo beltzak berdinak
egiten balitu
tanke haren uzkerrak
litzazke kalitu.
Berak berarekin
ditu erabiltzen
plazagainko atsoak
dirade isiltzen:
Perutxok neskatilak
oro ditu biltzen.
Diote borrobila
kuskuan huts dela
hortik dator neskatxek
ez bada ustela,
arroltzeak moletan
maite dituztela!
Hemen duzue, XIXgarren mendeko poeta ezezagun baten mundu sensuala, eta goxoa. Gaxuxa KAKOLIk ez zuen nihongo kasetetan idatzi, eta horregatik daiteke hain gordea egon; kasik ahantzi batugu... Baina justizia egin dezaiogun.
Jasta itzazue, Gaxuxa KAKOLIren poemak, kantariek kanta eta besteek bihotzez prezia. Nik behintzat, ohorez beteko dut haren gogoa, bi arrazoinen gatik. Lehenik, emazte idazlea izan zelako, gauz araroa euskal herrian, eta bigarrenik nere herria bezalako herri arkaiko batean bere ideien eta gostuen arabera bizi zelakoan.
Datorren MAIATZen zenbaki batean, segur meneko dituztan dokumenduak (textoak eta poemak) agerraraziko ditut. Laster arte orduan...
|