L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 3 (1982-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Dezimaketa

 

Beñat Bidegorri

 

J. BARBIER-en oroimenez

 

Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi... Hamarretarik bat, itsura hautatua, hiltzera kondenatua, gaineratiko bederatziak lagunaren tiroz eraitera. Hala ziren ordenak. Bi soldadok hamargarrena besoetarik hartu eta herrunkatik atera zuten. Aitzindaria berria kondatzen hasi zen. Piarresek begiak zuzen aurrean iltzaturik zeduzkan, baitzekien, kondaketa horren aitzinatzeko gutizia bizi, menderagaitza, ez bazuen estekan atxekitzen, hara, ezkerretara, egiten zuen lehen mugimenduan, harenak egin zukeela.

        Gorputza hotsak bainoago beldurrak zurrundurik sendi zuen. Zurrupitaka jaisten zen euro hormatua, xortaka, emeki-emeki, begitartean beheiti zerion, ezpainetaratzen zitzaiolarik areagotzen baitzion oraino, aho-mihitan nabari zuen gostu karats zurmindua. Barnean alha zitzaizkion etxean izan zen azken aldian, bere erabakiari segitzeko aski bertute ez ukanik. Sarako bazterrak agertu zitzaizkion begien aitzinera, eta haiekin nahasteka, elkarren gainka, lagunen gorputz hil xehakatuak, asalto bano bezain absurdo haien ondotikako guda eremu milaka hil hitzez josiak, gerla erregelak hautsiak izan ziren arratsalde hartan ezagutu alemanen begitarteak, amarena ere, eta aitarena, etxea.

        Hiru hilabete lehenago egon zen Iriartean. Mendixka baten maldan eraiki etxe handia zen, Lapurdin anitz ikusten diren horietarik; aitzindegi arraitsua, gisuz ziritua eta zur luze mehez gain behera gorriz marraztatua; azpian, sabel ireki bat bezala, lorio zabala. Gibelean, Larrun ageri zen, egun hartan, goiz erditsuan hara heltzean, lainoek kasik osorik iretsirik baitzedukaten. Ez zuen iduri, hainbeste hilabete gerla zela kausa etxekoenganik urrun egonik, eta orduan lehen aldiz itzuliz, iguriki zitekeen bezala, bozkarioak gaindik egiten zuela haren baitan. Aita gizon alto azkarra izanagatik, tipiskoa zen Piarren, eta mehe, itxuraz nola izatez franko ahula, zain eta gemen gutikoa bestalde, soa tristeziaz eta etsipenez betatzen zizkioten begi gris busti batzurekin. Ile beltzarana kalor urdinaren azpian gorderik, are zorrotzago ematen zuen betile usuen azpitik erortzen zitzaion sudur luze meharrak. Matel hezurrek bi koxkor egiten zizkioten, begiak, barnago sartuz, goibeltzenago baizik ez zizkiotenak; ezpain zerratu saihetsetarik beheiti zihoazkionei aldiz, kontrastez bezala, halako bortiz aire bat zemaieten, hala nola batzutan norbaiten potretean pundu, xehetasun zenbait hunkiz, haren itxura guztia aldaratzen baita.

        Urrats pausatuz jin zen etxeraino, Donibane Lohitzuneko tren geltokian atzeman lagun batek, zerri baten xerka Garakotxenera ari zenak, Sarako plazaraino ekarri ondoan. Handik oren erdi baten bidearen egiteko oren bat luzea eman zuen, ahalke izan balitz bezala soldado jantzitan etxekoen aitzinean agertzeko. Hain segur, aurreko negutik urte horretakora hango bazterrek ganbiamendu guti ezagun zuten; Piarresen aurpegiak berriz gizonartentzat urte guztiek berdin kondatzen ez zutela zerakutsan. Hogei eta zortzi urte zituen noiz eta ere, hamaika hilabete lehenago, gerlarako deia jaso baitzuen. Aitzinago, gerla hasi zelarik, deputatuaren laguntzari esker, eta etxaldean gizonak behar zirelako eskudantziaz baliatuz, piska bat gibel arazi ahal izan zuten egun hura, baina laster estakuru hori, eta asmatu beste gisa bereko batzu, ez ziren aski izan. Piarresek orduan mugaz harindira pasatuz ihes egin zezakeela pentsatu zuen; bera ondoko zela-eta horrek etxeari on baino makur gehiago ekarriko ziolakoan, aitak ez zion onetsi haatik, eta semeak ez zuen eskapurik izan. Egia erran, gogotik joan ez bazen, ez zitzaion hala ere hainbeste gostatu, satisfos izan baitzen gisa batez, orok aipu zuten gerla hori zuzen zer zen jakiteaz; beharbada, zenbaiti trufa eta ele gaiztoak sartaraziko ere zizkien medaila edo fama zerbait bildurik han? Funtsean, biziak ez bazion ordu arte fagore jada handi baitzen hura bezalako laborari seme batentzat, zeinek oraino, apaizek baino gehiago amak hala erakutsirik, zorigaitzak, Jainkoak lur honetakoei igorri zigorrada merezitzat baitzeduzkan.

        Gerlan iragan azken lau sasoinek arras bestelekatu ez bazuten ere, marka agerikoak utzi zizkioten kanpoz bezainbat barnez. Joan aitzin zen baino gazteago egiten zuen bere haur bisaia zimurkatzen hasi zitzaion, ber denboran zituen segurtamen gehienek kordokaldi bat ederra jasaten zutelarik.

        Bidean, 1917.eko urtarril hartako eguzki zuriak perekatzen zituen hango bazterrei so egon zitzaien bizpahiru alditan, flash-ka heldu zitzaizkiola burura, hiru egun lehenago utzi beste toki haietako burrunba, sarraski irudiak, odol isurtzeak. Harago, lainoen artetik ageri ziren mendi kasko elurreztatuei gain jartzen zitzaizkien, satsutzen eta lohitzen zituztelarik, zorneztatzen.

        Hamaika orenak irian zateken Iriartean sartu zelarik. Inor ez zuen ikusi korralean eta ama izan zen ohartu zitzaiona, borta pusatu eta urrats bat aitzinago bere puskak lurrean pausaturik gelditu zenean. Supazterrean zegoen, bitan plegaturik, laratzean bertza dilingan eman beharrez indarka ari. Ile urdindua motto batetan garondoan kurubilkatua, urteen joateak eta akidurek matatu zioten aurpegia eskuinera itzuli zuen norbait sartu zela konturatu zelarik. «Hi Piarres?», galdatu zion harriduraz. Segundu luze batzu, elkarri beha egon zitzaizkion, elerik ezin eginez. Piarres hurbildu zitzaion eta besoetan elkar hartu zuten, poxiño bat hozki eta herrenbelki ordean, ez baitziren jestu horiek etxeko ohituretan. Besarkatze isilaren nolabait hausteko, amak gose zenetz galdegin zion: «Xingar eta arraultze erreko haut».

        Piarresi ez zitzaion hitzik jalgitzen. Bere neguko soin gaineko pizu, belaunez beherago jaisten zitzaiona, kendu ondoan, kadira bizkarrean eman zuen. Leher egina zen, hiru egunez lo guti eginik, trenez tren ibilirik. «Aita egur pikatzera gana dudarik gabe?», galdatu zuen zerbait errateagatik. «Ez, ez. Goizean goizik ihizira partitu duk, Hargaineko Martinekin. Xuriko ere haiekin gana duk, bertzenaz abertituko nindian ba, etortzen hintzela. Badakik, ez hindugun batere igurikitzen». Eta solas haria ez moztearren segitu zuen: «Bidaia ongi egin duka?».

        Ez ama, ez semea, ez ziren gerlaz mintzatzera ausartzen. Piarresi Baionarainoko itzulia eginik sartzen zela iduritzen zitzaion. Etxeko gauzak ez ziren batere aldatu; armario zaharra aitatxik Harretxeneko Jamatiten osabari egin arazi ziona, hor zen, haritzez egin mahain handia ere haren aitzinean, biek aspaldi hasi ele isileko elkar hizketa segitzen balute bezala, mundua zapartatzera zihoan denboran orobatasun geldienaren lekuko.

        «Luzea, luzea...», ihardetsi zuen Piarresek, ahapetik mintzo bailitzan.

        Aita arratsari buruz sartu zelarik lo zen Piarres. Pausatik jaikitzean ukan zuen aitarekin, han sutokietan, hainbeste aldiz bere artean errepikatu zuen solasaldia. Ezkaratzean ziren, aita dailuaren mehatzen ari, semea haren ondoan aizkol gider hautsiaren konpontzen. Piarresek indar bat egin zuen, zintzurra gagoturik bezala zedukon gorapiloa bortxaz jauzaraziz, lehen hitzen kanporatzeko:

        «Ez naiz hara itzuliko. Ez dakizu zuk zer den hangoa. Ezin sinetsia duzu gizonaren abrekeria...».

        Aita isilik zegoen, mailuz kaskaka, dailu lanpustuaren, jo-burdinari kontra zanpa eta zanpa, zuzentzen. Adinarekin, hari ere, eskuak, begitartea bera, kamustu zitzaizkion.

        «Funditua duk arras hau. Ez dakiat ez dutan bertze bat erosi beharko».

        Galdez zegoen Piarres bere baitan, aitak aditu ote zuen. Joka aritzetik geldituz, dailu mutistuari grimasa bat eginez so egiten zion. Piarresek isilguneaz baliatuz segitu zuen:

        «Espainiatik laguntza zerbait helarazten ahalko zaituztet benturaz».

        Aitak idor-idorra: «Ez haiz ganen. Nork har lezake ondotik etxea?». Eta mailua harturik, joka hasi zen berriro.

        Piarresek bazekien zer aterako zion aitak. Lau seme alabetarik bakarra zen etxean geldi zitekeena. Hirugarrena zen, baina anaia gehiena, bihotzak huts eginik, supituko hil zen hiru urte lehenago, arreba zaharrena, haurretan bigarrena, Zugarramurdin jada ezkondua zelarik. Beste arreba berriz, aitzineko urtean serortu zitzaion. Biga bostetan itzulika erabili zuen arrazoinamendu hau, gerlako arroil-erreketan, egunak eta egunak, kanoi hotsen artetik, gerlaren zentzugabekeriaz jabetuz, handik nola atera gogoeta ari zela: gisa guztiez hil zitekeen han, are hutsago gelditu baitzen etxea orduan... Ez zen aitarekin eztabaidaka aritzerik ordean. Hark zihoala manatzen zion, gaineratikoa Jainkoaren eskuetan utzirik.

        Aizkora altxatu eta egur baten erdira jo zuen. Aita bere lanari jarraiki zitzaion.

        Hiru hilabete iraganik, horietaz orotaz oroit zen orain Piarres. Erreximenduko gizon guztiak goizeko bost orenetan lerroka eman arazi zituzten. Preso hartuak izan balira bezala, beste soldado anitz inguruan ezarriak zituzten, armak haieri buruz altxatuak. Martxoko goiz ilunean, euria burrustan ari zuelarik, aitzindariak, dena jestu, dena oihu, hara hona zebiltzan, marioneta fantastiko batzu iduri.

        Damuaren horzkidura. Beldur antsiaren karraskadura. Gorputz tink ukabil egina, barnetik dena ikara sendi zuen Piarresek. Odola uhaldika zebilkion, hezurra kiritzen zitzaizkion, zainak jauztekatzen, hesteak iraulkatzen. Pis beroaren izterretan behera isurtzeak, ausiki bat, ezti lasaigarria, pereka bezain gozoa, egin zion, bere baitaratu zuena.

        Bat, bi, hiru... Hurbiltzen ziren. Oraingoan jakinen zuen. Ezetz erran zion amari oihukatzen entzun zion eskariari: ez zuen otoitz eginen. Bidegabekeria zeritzan lagunen eretzean, hil ala biziko zozketa horretan azpi jokotan ari izateari. Zazpi, zortzi... beldurrak nagusiturik, Jainkoari deika hasi zitzaion uko zegiolarik horrela, bi segundu lehenago gizontasunez hartu nahi ukan zuen deliberoari. Bederatzi, hamar. Aitzindariari zerraizkion bi soldadoek ezkerreko laguna hartu zuen. Beste bi etorri ziren eta kondaketa berriz hasi zen. Bat, bi...

        Begial oihal batez tapaturik, haienganik dotzena bat urratsetan, pazet bati estekatua, han zen orain fusilatu behar zuten laguna. Eskuak dardaraz arma altxatu zuen Piarresek. Oilar gaxetaren zapaltzean aita bera tirokatzen zuela iruditu zitzaion.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.