Montpellier-ko sendailuak
Piarres Duny Petre
Donibane-Garaziko haur txar bat nintzalarik, ene amatxiren etxetik intzuten ahal nintien, goiz-arrats tirahala kantuz, bi dendari mutxurdin, debru zaharra mihian zutenak. Lapurtarrak ziren, eta beren euskara ederrak errekesta handia zien Garaztarren artian. Haurren katiximak, meza liburiak, eta kantikak oro, etzirena lapurtarrez ixkiatiak? Jaun Erretorak ere, bere predikalkitik etzena lapurtarrez ari igande guziez?
Beraz, nahi edo ez, ikasi nien emazte horien ahotik hemen aipatuko dutan kantu bat. Bainan ez nien uste biziki zaharra zela, beharbada mendez-mende herriko kantariek berritzen baitzuten lehengo euskararen itxura, bakotxak bere aldetik. Egun ahatik, iduritzen zaut, olerkiaren eta musikaren arabera, hamabost edo hamasei mendeko usain bat badiola.
1. Haste-hastetik, kantu hortan agertzen baita Montpellier-ko Uniberzitiaren fama handia, Salamanka-koa bezan ontsa ezagutia baitzen lehen. Badakigu, bestiak-beste, hango medikien eskola mundu guzian aipatia zela. Eta Frantzian, hamasei garren mendeko idazle bat, François Rabelais, etzena preseski hantik ateratu mediku?
2. Kantu hunek ezagutarazten baitauku fraide ahalge gabeko bat, arrunt lizunkeriari emana. Ez dea hori ere, Erdi-Mendeko marka bat? Frantzian segurik, denbora hortako idazki zonbaitetan, badira naski delako «moines paillards» batzu, eta nornahiri irriak lotarazten dituztenak.
3. Bertsu horietan, antzerki jostagarri zaharretan bezala, jende gaixtoek biltzen baitute azkenian sekulako zafraldi bat makil ukaldika. Berdin ez direa bururatzen Frantsesek deitzen dituzten «farces moyenâgeuses» horiek?
Zorigaitzez, ez niz aski jakintsun kantu hunen musika hemen eratxikitzeko.
1
Fraide txar batek jakin zuen
Etxekandre bat gaizki zela,
Haren senarra hor ez baitzen.
Kyrie, kyrie,
Haren senarra hor ez baitzen.
A la mezon,
Kyrie, eleison!
2
Agur Madama! Hunat jinik
Ikasi dut eri zarela,
Bai eta ganbaran bakarrik...
Kyrie, kyrie,
Bai eta ganbaran bakarrik,
A la mezon,
Kyrie, eleison!
3
Senarra dizit Montpellier-ren,
Ene sendatzeko urketa,
Ez baitzaut sekulan itzultzen...
Kyrie, kyrie,
Ez baitzaut sekulan itzultzen...
A la mezon,
Kyrie, eleison!
4
Ez baduzu Jauna zurekin,
Oi Andere maitagarria,
Nik artatuko zaitut berdin...
Kyrie, kyrie,
Nik artatuko zaitut, berdin...
A la mezon,
Kyrie, eleison!
5
Gaizo senarra, Montpellier-tik
Heldu zen arrunt leherrina,
Sendagailuak ekarririk...
Kyrie, kyrie,
Sendagailuak ekarririk,
A la mezon,
Kyrie, eleison!
6
Haren beha zagon bidean
Etxeko mutil azkarrena.
Zer da berri gure herrian ?..
Kyrie, kyrie,
Zer da berri gure herrian,
A la mezon,
Kyrie, eleison!
7
Etxekandrea gau guziez,
Fraide batekin ohatzen da,
Zuretzat otoitzak eginez...
Kyrie, kyrie,
Zuretzat otoitzak eginez,
A la mezon,
Kyrie, eleison
8
Harritzen naiz!... Ez dut sinesten
Fraideak sendatu duela,
Hor nintzalarik eri baitzen...
Kyrie, kyrie,
Hor nintzalarik eri baitzen,
A la mezon,
Kyrie, eleison!
9
Beraz, etxekoen ixilik,
Ikusiko duzu ganbara,
Saski handi hunen barnetik...
Kyrie, kyrie,
Saski handi hunen barnetik,
A la mezon,
Kyrie, eleison!
10
Nausia sartu zen saskian,
Bere mutilak ekar leza.
Ereman zuen bizkarrian...
Kyrie, kyrie,
Ereman zuen bizkarrian,
A la mezon,
Kyrie, eleison!
11
Xixto huntan dautzut ekartzen
Xoriño bat ixil-ixila.
Hasten balinbada kantatzen...
kyrie, kyrie,
Hasten balinbada kantatzen,
A la mezon,
Kyrie, eleison!
12
Emaztea ohean zagon
Fraidearekilan etzana.
Xoria kantuz hasi zakon...
Kyrie, kyrie,
Xoria kantuz hasi zakon,
A la mezon,
Kyrie, eleison
13
Hortan, saskitik ateratuz,
Nausiak makil ukaldika,
Fraide ta andrea zanpatuz...
Kyrie, kyrie,
Fraide ta andrea zanpatuz,
A la mezon,
Kyrie, eleison!
14
Nor da nausi etxe batean?
Iduri du senarra dela,
Izanikan ere saskian...
Kyrie, kyrie,
Izanikan ere saskian,
A la mezon,
kyrie, eleison
Borroka edo ez, Frantses idazlek, anitz ixtorio irri egingarrietan, erakusten dauzkute gizagaizo batzu, erranez «cocu, battu et content» direla. Kantu huntan ahatik, ikasi dugu Euskaldun Jaun bat bederen ez dela segurki kontent «cocu» bilakatzen delarik!..
Bainan, bada beste argibide bat jakiteko nuntik heldu ziren mota hortako bertsu zonbait. Badakigu gure arbasoek jostatzen zirela ezin gehio, eskandala bat gertatzen zelarik herri batian. Berehala, gazte guziak debriak hartiak ziren, besta jostagarri bat behar zutela egin. hala nola: toberak, tutak, eta galarrotzak... Hantik laster, igande eder batez, denak agertzen ziren herriko plazan, jantzariekin bai eta bertsulariekin, erakutsi nahiz zer pentsatzen zuten «afera» hortaz. Azkenian, bixtan da besta bururatzen zela irrietan... edo aharretan! Beraz, nik uste dut hemen aipatu dutan kantu hori, hola sortu zela lehen, ohidura zaharreri esker.
Geroztik, ez dut sekulan intzun kantu hori, ez eta ere leitu liburietan. Beraz, beti nago zer debru izan behar zen delako «Fraide txar» hua. Iduritzen zaut Frantximenta edo Kaskoina zela, «Agur Madama»... horren gatik, eta bereziki kantariak errepikatzen baititu ele bitxi horiek lelo nausagarri bat bezala: «A la mezon»... edo «A la maison»... Hala izanik, hemen ere ez dea ageri Frantses hizkuntzak etziela errekesta handirik gure aintzinekoen artian? Ez baita atzo sortia Euskararen eta Erdararen borroka!
|