Olzeko apezpikua
Xipri Arbelbide
1681-1981: 300 urte hil zela Olze apezpikua. 300 urte hil zela Baionako azken apezpiku Euskalduna. Urte muga hori ixil ixila pasatzera utzi behar ote dugu? Huna bederen zenbait lerroz izan den apezpiku Euskaldun hori.
Jean D'Olze, Iholdin sortu zen, 1600 irian, Olzoko salan. Ama, Ixabel Etxauz, Baigorriarra zuen, Bertrand Etxauz, Baionako apezpiku izan ondoan, Tours-eko apezpiku nagusi izan zenarea arreba.
Adinean han harat joana eta, Baigorriar apezpikuak laguntzat hartu zuen Boulogne-eko apezpikua. Apezpiku bat behar zen beraz hiri huntan; bere ilobarentzat ardietsi zuen apezpikutegi hori, 1632ko agorrilaren 8an. Jean d'Olzek hogoi eta dotzena bat urte zituen, arras gaztea, eta ez zukeen parropia batetako lanaren ezagutza haundirik, ordu arte bere osaba apezpikuaren sekretario egona zenaz gain.
Etxauz apezpikua, Louis XIII frantziako erregearen omonieretarik bat zen; beraz haren adixkidetarik. Iloba ere bai: ondoko egunetan, Boulogne baino diosesa aberatsago bat izanen zuela hitzeman zion. Erregea hil zen, bainan erregearen amak atxiki zuen semearen hitza eta Agdeeko apezpikutegia eman zion, 1643ko maiatzaren 24an.
Euskaldun guzien gisa, gure Iholdiarrak herrimina zaukan bihotzean. Nahiz Baiona ez zen hurbiltzekorik ere Agde bezain lur gizena, Baionako apezpiku hori Fouquet deitzen zen, Fouquet «intendant» famatuaren anaia. Bien arteko tratua, ekainaren 21ean egin zuten, ta Baionako apezpiku, ofiziaiki izendatzen zuen letra, Erromatik jin zen agorrilaren 23ean. Olzek hameka urte hartan ez zuen bere familia ikusia.
Apezpikuaren familia
Hiru anaia bazituen. Bat Andoni, Armendaritze jauregiko alabarekin ezkondua. Bigarrena Jean, Iholdi Elizabelarrerat, ezkondua. Hirugarrena, hau ere Jean, Ortzaizeko erretora.
Bost arreba zituen: Kattalin, Ixturitze Sataritzera ezkondua, Ixabel, Iholdi Elizabelarrerat ezkondua, bigarren Kattalin bat, Urketa Suhiko jaunarekin ezkondua, Mayi Donostirin, eta Juana, de Lamberten alarguntsa, Ortzaize Harizmendian bizi zena.
1643ko agorrilaren 23an izen da datua, 1644eko Martxoaren 17an baizik ez zen sartu Baionan. Zer ari izan zen 7 hilabetez, ez dakigu Boulogne-etik sar zitaken lasterrago, oinez ere!
Baionako kontseiluak deliberatu zuen, hiriko mugatik 8 kilometretan joaitea, apezpiku berriaren bidera. Bainan heiek bideari lotu aintzin, Olzo hor zen jadanik, San Izpiritun, gaua pasatzeko. Proosinoa uste baino laburragoa izan zuen beraz, nahiz Baionako karriketan itzuli haundiak eginarazi ziozkaten, ospe haunditan egiten ziotela beren ongi etorria: kontseilua jauntzi gorri berezitan emanik, tapiza, fotuila, mintzaldi eta beste, ez zen deusen eskasik.
Orduko giroa
Nun sartzen zen konprenitzeko, huna lehenik orduko gertakari batzu.
1607: SAINT CYRAN Baionako kalonje egina da. Apez hori zitaken Frantzia guziko jansenista famatuena eta jansenisten gogolaria.
JANSENIUS, jansenisten buruzagiarekin, Baionan egon zen, 1611etik 1616 arte. Jansenius bi urtez Baionako kolegioaren buru izan zen. Arte hortan adixkide anitz egin zuen Baionan, bai eta ere dizipulu.
1645eko biltzarre batean, alde huntako 11 apezpikuk onhartu zuten komunioneaz idatzia zuen liburua, usu komuniatzeko ez ginela gai, esplikatzen baitzuen. Gaurko egunean ere ondorioak hor ditugu. Harek eta hari jarraikitzen ziren Euskaldun apezek dute hemengo girixtinoen gogoetan sar-arazi Jainkoaren amodioan baino, Jainkoaren beldurrean duten sineste haundiagoa: erlisione bortitza. Haren hortizkeria urrunago ere zoan: erlisioneko egia ttipienaren alde, bere biziaren emaitera prest izan behar zela, ezpata eskuan, zion.
SAINT CYRAN, Richelieu kardinale minixtroaren adixkide mina izanik, haren etsai errabiatua bilakatu zen. Parisetik urruntzeko, kardinaleak Baionako apezpiku izendatu zuen 1637ean, Bainan Saint Cyranek eza eman zion, Parisen gelditzeko; eta preso ezarri zuen Vincennes-eko jauregian 1638eko maiatzean, Richelieu minixtroak.
Sorginak
1609ean jin zen Bordeletik, LANCRE juje famatua, Lapurdi alde horren «garbitzera», baizik eta sorginkerietan ari zirela: bos-pas sei ehun jende erre zituen bizirik, horietan zenbait apez. Gehiago ere eginen zituen Etxauz apezpikuak ez balu geldiarazi.
Euskal literatura
Euskal literatura XVIgarren mendean sortua, Beñat Etxeparekin, mende huntan azkartuko da eta emanen du bere idazle aipatuena, AXULAR Sarakoa: 1643ean jalgiko du GERO liburu famatua. JOANNES ETXEBERRI ZIBURUKOA eta beste apez batzuekin eginen dute «Sarako eskola».
Horietarik kanpo ere izanen dira beste idazlari famatu batzu BENAT GAZTELUZAHAR Ziburutar jesuita, SYLVAIN POUVREAU, geroxago aipatuko duguna.
Ziberoak berriz eman ditu Joannes TARTAS Arueko erretora eta bereziki Eñaut OIHENART lege gizona, bere bi liburuekin: «Atsotizak» eta «Notitia utriusque Vasconiae»
Politika
XVIIgarren mendearen hastapenean hil zen Henri IV, protestantekin bakea egin ondoan. Haren ondotik jin zen Louis XIII, Richelieu eta Mazarin kardinalekin. Gero Louis XIV; horien denboran Euskal Herriak asko sofritu zuen.
Lapurdin sartu ziren Español armadak, 1636ean, eta urte bat egon Hendaia, Urruña, Ziburu eta Donibanen makur haundiak egiten zituztela. Frantzia eta Espainiaren arteko gerla bururatuko da «Ile des Faisans» ugartean sinatu zuten bakearekin «Traité des Pyrénées» eta LOUIS XIV-en ezkontzarekin Donibane Lohitzunen.
Bi errege horiekin ditugu gure libertateak galduko. Ziberotarrak oldartuko dira MATALAZ apezarekin Irutiko kondeak nahi izan baitzuen kasik Ziberoko errege jarri Ziberotarren biltzarraren podore guziak beretzat hartuz. (8/11/1661)
AINTZILAKO ur'gaziak nahi izan baitzituzten «nazionalizatu». Garaztarrak oldartu ziren. Biga urkatu zituzten eta beste biga galeretara igorri (1685). Handik bi urteren buruan, Nafarroko korteek dei eginik (Pauekoek), Aintzildaneri itzuli zituzten, Nafarroko Legeen arabera ez baitzitazkeen urak bahi.
Lapurdin berriz «Sabel xuri eta Sabel gorrien arteko gerla», Louis XIV. ek bere sudurra sarturik Lapurdiko biltzarrean. (1657)
Eliza
Eliza aldetik Ipar Euskal Herria hiru parte egina da: Lapurdi eta Baxe-Nabarreko parterik haundiena BAIONAKO dira, Amikuze eta Oztibarre AKIZEKO eta Ziberoa berriz OLORUZKO.
Horra beraz nun biziko den gure apezpikua, 38 urtez.
Nahaskeriak
Ainitz nahigabe izanen ditu apezpikuak diosesa berrian.
Gorago aipatu, dugun bezala, Lapurdin, sabel xuri eta sabel gorrien arteko gerla ikusiko du. Apezpiku gisa entseatuko da, girixtino horien artean bakea egitera. Egia erraiteko, gerla hori gelditu bazen ez da apezpikuaren urratsetarik heldu, Mazarin kardinalea zen mintzatu bere gisan; 140 mila liberako prozedura eman zioten pagatzera eta garrazki mehatxatu zituen ez baziren gelditzen. Auzia zuzenki trenkatu zuen? Hori besterik da.
Bainan apezpikuak, apezak ere izan zituen partida. 1653ean, kalonje bat hilik, nahi izan zuen bere iloba bat izendatu haren ordain. Hayet, katedraleko erretorak beretzat nahi zuen leku hori, kalonjegoari zoakon kargu bat zaukan apez batentzat. Apezpikuari gaitzitu zitzaion. Erretorak bere lana bere bi bikarioen gain aisexko uzten zuela oharturik bi bikarioak deitu zituen; geroztik bi apezek ez zuten erretoraren lanik egin nahi izan. Auzitan ibili ziren. Tribunalak erretorari galdatu zion bere lana egitea «suspens a divinis» izan nahi ez bazuen, hori baita apez batek izaiten ahal duen gaztigurik haundiena.
Bigarren aldia zuen auzitan zela bere katedraleko erretorarekin, lehen aldian 1646ean. Aldi huntan ere auzia apezpikuaren onetan bururatu zen.
Bestaldi batez kalonjeak ziren gaitzituak, apezpikuak proosino bat manatu zuelakotz, kalonjerik gabe.
Hiriarekin
Hiriarekin ere izan zuen eztaba frango. Saint Cyran famatuaren anaia kalonjea hil zelarik, apezpiku eta kalonjek (akortean oraikotik) haren ordain hautatu zuten Pierre Detcheverry Euskalduna. Baionako hiriak ez zuen hautu hori onhartu nahi, baizik eta hamabi kalonjetarik zazpi Euskaldunak zirela jadanik, eta beste bat gehiago inez sobera zela.
Jesuitak jinarazi nahi izan zituen Baionara, aintzineko beste ainitz apezpikuen gisa. Aldi oroz hiria kontra jarri zen. Orai sekulan baino gehiago: Baionako buruzagiak jansenistak ziren; Jesuitak berriz jansenisten kontrakoak.
Gure apezpikua, Euskaldun guzien gisa erdi kontrabandista baitzen, beste nolazbait jokatu zen: Santizpirituko kartierra, uraren uraren bestaldea ez baitzen Baionako, ordu heietan, hara jinarazi zituen 1656an, oraiko gararen lekuan zen etxe batetara.
Baionesak bi parte jarri ziren, batzu apez horien alde, besteak kontra. Kalapitan hasi ziren, joka eta azkenekotz kolpatu andana bat izan zen eta zenbait hil! Eta bakea gatik, jesuitak joaitera bortxatuak izan ziren.
Mugaz bestaldeko ontasunak
Baionako apezpikuaren eskuko ziren, mugaz bestaldeko herriak Donosti arte eta Baztan aldea, 1566 arte. Urte hortan, Iruñako eta Kalahorrako apezpikueri emanak izan ziren, Frantzian protestantak nagusitzen ari zirela, eta gisa hortan protestanten menetik eskapatuko zirela herri horiek. Bainan elizaren ontasunak Baionako apezpikuaren meneko gelditu ziren Lana hegoaldentzat, saria iparraldeko, ez zezaken luzaz iraun. 1631an, ontasunen mozkinak berentzat atxiki zituzten, Baionari emaiteko orde.
Bainan Orriako frailek ere bazituzten ontasun haundiak mugaz alde huntan eta Frantzia guzian (Lekuine, Urdiñarbe, Bidarrai, Biheralarre eta beste). Baionako apezpikuak Pariseko Parlamentuaren ganik ardietsi zuen, ontasun horien bahitzeko baimena. Sekulako auziak izan zituzten elgarrekin, eta ohi den bezala, ontasunetan haundienak holaxet jan. Azkenean onez onean akomeatu ziren. Bainan lanak izan zituzten: 1665etik eta 1715 arte, iraun zuten antolamenduek, urte horietarik hamabost, Olzen denboran.
Zeremonia haundi
1650ean, Dartagnan famatuaren haurra bataiatu zuen katedralean: Louis Bayonne eman zion izena: ikus ditaken bezala, Bayonne izen hori ez da saindu baten izena. Iduri luke beraz, gaur, Irati, Garazi, eta gisa hortako izen batzu emaitean, lehengo moda xahar batetara itzultzen direla aita ama batzu.
Bainan elizkizun ospetsuenak, Louis XIV Frantziako erregearen ezteiak izan ziren. Ainitz urtez elgarren kontra gerlan ari izan ondoan, Frantziak eta Espainiak bakea sinatu zuten Hendaiako mugan, «Ile des faisans» ugartean, Mazarin kardinalea bera jin baitzen. Eta bake hori hobeki finkatzeko, bi erregeen familiak ezkontzaz juntatzea pentsatu zuten: Baionako gogernadorea, Erramun Agarramontesa, Madrilera joan zen, Felipe IV, Ezpainiako erregearen alaba galdatzera, Louis XIV-en emaztetzat.
Ezkontza Donibane Lohizunen egin zuten, 1660eko ekainaren 6ean. Olze apezpikuak benedikatu zituen bi esposak, Baionako bi kalonje lagun, erregearen omoniereri ez baitzen batere iduritu! Kontsolatzeko, Hayet Donibaneko erretorak, heietarik bat, Forcal, hartu zuen diakre gisa, meza emaiteko.
Pariseratekoan Baionan gelditu ziren eta apezpikuak bere etxea eman zioten espos berrieri, gaua iragaiteko. Urez joan ziren Akizeradino.
Obran
Baionan pasatu dituen 36 urtetan, ainitz obra egin du. Erregeak bere emaztearekin apezpikutegian lo egin bazuen, ez zen uste gabetarik gertatu: apezpikuaren etxea «apezpiku jauregia» deitzen zen... eta hala zen! Haren aintzinekoak obra ederrak bazituelarik eginak, berak ere haunditu eta edertu zuen. Iholdin ere bere familiaren jauregia errotik berritu zuen.
1654ean, katedraleko kalostra lurrera baitzoan, hiriari berriarazi zion, zazpi pilare berritzen zituztela: bakotxa orduko 270 libera gosta zen.
1660eko eguberri bezperagoan, aire gaixtoak katedraleko dorre ttipia jo zuen. Barraiatu zuten eta ezkila dorre haunditan ezarri.
1668ean, ezkila haundia arraildu baitzen, berriz urtu zuten eta lan hori Baiones batek egin zuen, Labeyrie jaunak, oraiko egunean nik dakita norat joan behar delarik hortako.
San Leonentzat debozione haundia zaukan: haren kutxa berritu zuen eta sainduaren iturri ondoko kapera eraiki.
Zinodoak
Bi aldiz diosesako erretor guziak bildu zituen zinodoan. Zinodo horien berri badakigu alde batetik, lehen zinodoaren ondotik atera ziren «statuts synodaux»-en bidez, bestalde, bigarren zinodoa deitzeko, Dumartin kalonjeak apezpikuari igorri zion letrari esker.
Lehenik zer galdatzen zuen ikus dezagun: Apezeri galdatzen zuen katiximaren erakastea eta predikuaren egitea igandetako mezan: ez zitaken beraz denetan egiten aintzinean dudarik gabe. Lan horren egiten laguntzeko apezpikuak ager-arazi zituen bere predikuak liburu batetan, «Pregarioak». Sylvain Pouvreau apezak berriz euskaraz itzuli zuen Bellarmin kardinalearen katixima, «Girixtinoaren dotrina» izenarekin. Herrietan baliatua izan den lehen euskarazko katixima ditake.
Herrietako eskoletan, errient eta andere seroren lana zen haurreri katixima erakastea. Serora horiek ez ziren ordre batetakoak, bainan elizaz arta hartzen zuten emazte batzu, herriko kontseiluak hautatuak. Bakar batzu gelditzen dira oraino, hala nola Bazkanen.
Apezek, jende jineri zuten katixima egin behar igande arratsaldetan.
Zinodotik landa atera liburuxkan badira lau orrialde ezkontzaz. Aitameri galdatua zaiote alde batetik haurren ez bortxatzea ezkontzerat, bestetik, ezkontzea ez debekatzea. Ezkontza bali izaiteko, mutikoek 14 urte behar zituzten, neskek aldiz 12-25 urteak arte aitamen baimena behar zuten.
Barragana
Lau orrialde horietarik hiru «barragana» ohiduraz dira, eta hor gauza ederrik ikasten dugu; zer zen barragana? Ezkongaiak, ezkondu aintzin, bost urte elgarrekin bizi ziren, eta gisa hortan sortu haurrak ez zauzkaten baxtartak herritarrek: baxtartaren amak, eliza bortan egon behar zuen igandetan, mantalina gorri batekin; barraganian bizi zen ama aldiz ez. Ohidura hori, XIIIgarren mendekotzat aipu da jadanik, eta Nafarroko kontzilio batek onhartu bezala zuen, Euskaldunak, mahometanoen gisa bizpahiru emazte hartzetik beiratuko zituelako esperantzan.
Gero, hargatik, mendez mende, Zliza ohidura horren kontra altxatu da. Debaldetan! Olzen denboran, barragania hor zagon beti, sekulan bezen azkar. Bainan Olzek ez du Nafarroko kontzilio harek bezala onhartzen. Huna zer dion.
«Gure eta gure aintzineko apezpiku-debeku guzien gatik, ohidura tzar bati jarraikitzen dira gazteak: ezkonduko direlako hitza eman orduko, etxe berean bizi dira ohaide batzu bezala. Hortakotz, erretor eta bikario guzieri manatzen diotegu, urte guziez, hiru meza nagusiz segidan, lekuko mintzairean irakur eta esplika ditzazten, Trenteko kontzilioak ezkontzaz eman erakaspenak... Gure aintzineko apezpikuen erakaspeneri jarraikiz, jakinarazten dugu gisa hortan, elizaz ezkondu gabe bizi direnak, eskumikatzen ditugula; eta gaztigu hori, guhaurek edo gure bikario jeneralek baizik ez dezakete barka, penitentzia publiko batekin. Gaztigu bera izanen dute, gisa bat edo beste horiek laguntzen dituztenek eta holakoa egitea debekatzen ez dioten aitamek.»
«Eta balire (Jainkoak beira gaitzala hortarik!) debeku hunen gatik gauza hori egin lezaketenak, gure erretor eta bikarioeri manatzen diotegu, gaztigu garratzenaren pean, hiru egunez segidan, lekukoekin aberti ditzaten holako gazteak. Eta aintzina tematzen badira, elizan sartzea debekatua izan dakiotela. Ondoko igandean, gaztigatuak izan direnen izenak, elizan, herri guziaren aintzinean, oihukatuak izanen dira. Girixtinoeri galdatua izanen zaiote, Elizaren menbro usteldu horietarik ihes egin dezaten. Eta sekulan elizan sartzen balire, barkatuak izan aintzin, elizkizunak geldituko dira...»
Ikus ditaken bezala, ez zen irririk. Bainan mehatxu guzien gatik, ohidura horrek oraino luzaz iraun zuen. Iragan mendean oraino galtzekoa zen! Eta orai, berriz pizten ari ote den!
Apezak
Apezak ere luzaz aipu ditu delako liburuxkak. Itxura guzien arabera, zinodo horrek zuen lehen aldikotz galdatu sotana jauntzea. Bainan jauntzi horrek ez zuen arrakasta haundirik izan. Bigarren zinodoari buruz, kalonje nagusiak idatzi letran irakur dezakegu, sotana batere ez zutela erabiltzen, mezaren emaiteko ere; «justaucorps» xoil bat soinean emaiten zutela pleñi da.
Igandetan bederen, pilotan ez hartzea galdatu zioten, bai eta artetan elgarrekin biltzea otoitzean eta gogoeta hartzeko.
Bazuten beste estakururik ere: Eliza ez bazoan ontsa, apezen ezazolkeria zela kausa, zion: batere ez ziren 1666eko zinodoaren erabakieri jarraikitzen. Ostatuetan ibiltzen ziren eta han eskandala egiten. Beren lana batere ez zuten egiten: katixima erakastea, erien bisitatzea sakramenduen emaitea, eta beste. Aldiz, zenbait medikuntzari emanak ziren, erremedio «bitxi» batzu emanez erieri. Bilo faltsuekin fantesia soberaxko egiten zuten zenbaitek. Berdin ezpata gerrian ibiltzen!
Ordu heietako beste paper batzu ere ikusi ditugu, gure kalonjea ez zela airerat mintzo erakusten baitaukute.
1656: Joanes Curutchet apeza, auzitan da eskandala egiten duelakotz, bereak zituen haur batzu, apez etxean atxikiz, eta berettertzat hartuz; eta delako medikuntza «bitxi» hari emanez. «Eskandala» egiten bazuen, iduri luke apez aita familiakoak ez zirela ardura ikusten. Bainan ez zitaken hain arrado holakoen ikustea, zeren eta delako liburuxka hartan sobera xehetasun kausitzen dugu pundu hortaz. Huna funtsean zonbait lerro:
«Gertatzen balitz (Jainkoak beira gaitzala!) apez zenbaitek haurra izaitea edo nexkatto gazte batekin edo ohaide batekin, edo beste emazte zenbaitekin, haur horren hazteko eta altxatzeko arta izanen du, ez bere etxean, bainan beste nunbait, eta ez du elizkizunik emanen bere haurrekin».
Hiru emazte mota aipu dira apezentzat eta horietan «ohaidea». Hainbeste xehetasun ez ditzake, «zer gerta ere», airerat emanak!
1669: Arrangoitzeko erretora, auzitegira deitua da, Andrena Maritako otoitzen egitea errefusatzen duelakotz.
1676: Apezpikuak katedralean ezarrazi afixa batean irakur ditake, diakre eta zudiakre egiten duteneri manatzen diotela, mesa eta oroosinoak bururatu aintzin ez jalgitzea katedraletik. Eta kalonje batek elizkizun guzietan markatu bahar du nor den hor eta non falta; eta lan hori untsa eginen duela zin egiten du Ebanjelioaren gainean!
1677: Joanes Gazteluzahar, Ziburuko erretora, Bordeleko auzitegira deitua da, ez diolakotz apezpikuari obeditu nahi. 30 liberaren prozedura izanen du eta lau hilabetez, lehen ortziraletan, mehe eta bazur egin behar du.
Dirua maite zuten orduko apezek, eta parropia on eta gizenen ondotik zabiltzan, batzutan bi edo hiru herrien erretor zagola apez bera, hala nola Ortzaize-Arrosa... eta Getariako! Getaria eta... Uztaritzeko! Edo Ortzaize eta Zuraideko. Elgarren artean ere trukatzen ziren hala nola Uharte eta Ezpeletakoa; egia erran etsenplua goratik heldu zen, apezpikuak gauza-bera egina zuenaz gain diosesarentzat.
Batzu jansenistak, eta beraz bortitz bezen kartsuak, besteak berriz ezazolak, denetarik bazen orduko apezetan; eta girixtino-apezak elgar iduriak baitira gauza bera erran ditake orduko girixtinoetaz.
Heriotze
1681eko neguan, Ortzaizera joan zen, Harizmendian zuen arrebaren gana. Han eritu eta hil otsailaren 8an. 12 gizonek, Iholdiar eta Ortzaiztar, ibili zuten haren kutxa Baionako karriketan. Hiltzearekin 1000 libera utzi zuen Iholdiko elizari, 3 urte barne berritzekotan, bestenaz erdiak baizik ez. Erran dezagun ere Ortzaizek ere poxi bat zor diola bere eliza, 1668ean eraikia.
Zebait gogoeta
Horra zertsu izan ziren apezpiku horrek Baionan pasatu zituen 38 urteak. Bizi horri behatuz, ohartzen gira delako «lehengo denboretako» girixtino famatu heiek ez zirela arras zenbaitek uste duten bezain kartsuak. Lehen ere, oraiko gisa, ez ziren patar guziak ordoki, hurbiltzekorik ere!
Bere karguaz baliatzen zen apezpikua bere familiaren laguntzeko, orduan ohi zen bezala: bera apezpiku iloba, bi iloba hautatu zituen bikario jeneraltzat; eta kalonjeekin eztabadak izan, horietarik bat kalonje izendatu nahi zuelakotz beste norbaiten partez.
Apezpikua auzitan kalonjeekin, katedraleko erretorarekin, Orriako fraileekin auzitan dirua gatik, kalonje izaiteko ohorea gatik! Ez dugu holakorik ikusten oraiko egunean!
Diru hortarik bazuken polliki gure Olzek! Sort-herriko jauregia berriturik, apezpikutegia haunditurik, Baionaren laguntzarekin egia erran, hor lo egiten baitzuten Baionara jiten ziren jaun Haundi guziek (Errege, Mazarin eta beste), diruketa pollita utzi zuen oraino hil zelarik bai eta zilarreria ederra. Orduko miserieri behatu-eta ez zaitekena diru hori hobeki xahu?
Ez zituen behartsuak arras ahantzi ere: «Filles de la Foi» deitu serorak jinarazi zituen Baionara, dirurik ez zuten neskatoetaz, arta hartzeko, 1677ean.
Louis XIV-en letra bat ere badugu, eskalendako ospitale baten egitea galdatzen baitio, bainan itxura guzien arabera, ospitale bat baino segurrago, presondegi bat izan da etxe hori, sekulan egina izan bada.
Itzal horietaz kanpo bazuen onik ere gure apezpikuak. Agde-eko apezpikutegi aberatsa utzirik pobreagoa zen Baionara jin zen herriaren amodioz. Ordu berean Bossuet famatuak ez zuen zangorik ere sartu Condomeko apezpikutegian, baizik eta sobera txarra zela harentzat, eta Parisetik sobera urrun!
Bi zinodoen bidez erakutsi zuen bazuela bere diosesako girixtinoen arrangura. Eta ez zen apezeri zenbait manamendu eman eta gelditu; laneko tresnak eman ziozkaten: katixima eta bere predikuak zauzkan liburua.
Zernahi gisaz, bere estakuruekin Olze izan da Ipar Euskal Herriko azken apezpiku Euskalduna, eta Elizaren hutsa ez ote da Olzen huts guziak baino haundiagoa, bere erakaspen guziak gatik, hiru ehun urte huntan Euskaldunak utzi baititu Euskaldun apezpikurik gabe? Hiru ehun urtez Euskaldunek ez baitute apezpiku bat entzun, beren mintzairean mintzo?
|