L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 3 (1982-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Mille millions de dollars!

 

Itxaro Borda

 

Erran ohi da, subazter zoko beroetan literaturak ez duela bere gizona (edo emaztea bakarretan) hazten. Ordea jendeak mintza arazten ditu, ez baita batere gaizki. Udazkenean hostoak erortzen badira, literatur sariketetan berdin primak jausten dira idazle xumeen sakeletara!

        Has gaitezen beraz gure frantsez estado xarmegarrian banatu diren primetaz solasean. Goncourt saria Dominique Fernandez-i emana izan da «Dans la main de l'ange» Pasolinitaz idatzi liburuarentzat; Frantses akademiakoarena Vladimir Volkoffen «Le montage»-eri eta Renaudot saria 35 urteko Georges Olivier Chateaureynaud-i «Faculté du songes»entzat (horrelako izen batekin nola ez?).

        Frantsez literatura ez da hilen Jainkoari esker...

        Gabriel Garcia Marquez-ek aldiz (ikus nere artikulua Herria kasetan) Nobel saria hartu zuen bere obra guziarentzat. Ez ahantz halere G.G.M. Mitterand president sozialistaren lagun mina dela, eta premia Olaf Palmer Suedako lehen Minixtro sozialistaren eskuetarik ukan zuela. Datorren urtean Andropov jaunak manatuko du sariketa hori, eta segurru Aita Sainduak irabaziko dukela bere «N'ayez pas peur» obrarentzat. Ordea «Ehun urte bakartasun» et «Patriarkaren larrazkena» irakurtu dituenak txalotzen ahal du zinez balio baitu!

 

        Euskal Herri hertsi honetan berdin, Frantzia gure etsaiaren hainera heltzeko, literatur primaketak egiten dira. Iduri luke iparraldeko idazle «gazte» hauek arrakasta gaitza dutela hegoaldeko sariketetan. Zeronek juja: Xipik (casse-toi, reviens!, klasikoak ezagutzen ditut!) eskuratu du Iruñako saria, Afrikako ixtorietaz entsaio bat eginez, kolonisatzaleen artean izan baitzen Arbelbide famatu hau ere. Marijan Minaberrik berriz «Toribio Altzaga» prima ukan zuen bere antzerkien gatik Bizkaian. Andere Minaberri guti aipatzen da zorigaitzez. Gainera Davant gure poeta integralak ikusi du Bizkaiko Kutxak agertzen saristatu zuen poema bilduma bat. Davantek piz asko hartzen du euskal literaturan...

        Azkenean ez du hitzak lerrokatzeak kalterik egiten, nahiz ez diren sekulan hoberenak saristatuak, partipri biziki delakoan milieu hortan. Bai Frantzian, munduan eta bai Euskal Herrian. Ohar bat: Iparraldeko idazleak ugari primatzea zerbait nostalgia erakusten ote du euskal mintzairari buruz? Gure herrian oro har hobe da den gutienik idaztea, idazle ospetsu izateko: etsenplu frango dauzkagu, eta «mode d'emploi» askiko dugu segitzea gu ere noizbait ateratzeko... Badixie mereximendu oixu!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.