Hauta-minak
Oihan
Zer da maitasuna?
Zurekin egon nahi baina ezin
Zergatik ezin?
Zutaz dudan egarria
Harekin ditudan lokarriak,
Zer hauta, nor hauta
Zergatik hautatu behar?
Bakea edo guda
Ur geldia edo sua?
Beldurra, beldurra
Zureganako maitasunaren beldurra
Beldurra eta beharra
Zure ezpainen beharra, gosea.
Askatesuna
Zure laztanetan, haren goxotasunean ote dago?
Askatasunik ez dago
Aterabiderik ere ez.
Maite zaitut eta behar nau
Behar zaitut eta maite nau.
Zure begi ikatzen gorian erre
Haren begien ibai garbian ito
Desagertu, ahantzi, etengabeko hutsunean murgildu,
Bihotzaren bi zati minberatuek bat egin dezaten.
Nor jarraiki?
Hautatu beharra, zertarako?
Mina, mina, hauta-mina.
Itsu bihurtu naiz
Zure abestiak gidatzen nau
Ibil eta ibil, beti aurrera,
Zure bila bidegurutzeraino
Eta han haren abotsak zurea itzaltzen du.
Gelditu, bere alderantz urrats bat egin.
Zure deia oihu bilakatu da.
Itzuli. Non zaude?
Lasterka, hegaka zuregana nator
Hor zaude, hor hurbilean.
Besoak luzatu, eskuak ideki
Hunkituko zaitut, ez naiz geldituko.
Nahimenik ez.
Indar batek narama, indar hori naiz ni.
Zure oihua azkarrena da
Baina haren negarra... EZ!
Isiltasuna
iluna
Bakarrik
Bakar bakarrik
Bakartasun hotza betiko laguntzat
Hor uzten dizut bihotz erdia
Beste zatia harek darama
Nik ez dut bihotzik behar.
|